ELKARRIZKETA

«Abestien bitartez, gure familiaren historia kontatuko dugu, era kronologikoan»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 12a, 07:59

Gaur, Salvadortarren album moduko bat irudikatu ahal izango dute Villabonako Gurea antzokira gerturatzen direnek. Iñaki eta Olatz musikariek Familia artean kontzertu berezia eskainiko dute, 19:00etik aurrera.

2024an hamar urte beteko dira Olatz Salvador Zaldua (Donostia, 1990) musikariak bakarkako ibilbideari ekitea erabaki zuela. Laster, gainera, hirugarren bakarkako lana argitaratuko du. Gaur, baina, Iñaki Salvador osabarekin batera ariko da Villabonako Gurea antzokian; 19:00etan hasiko da Familia artean izendatu duten saioa, azken asteetan Euskal Herriko zenbait herritan zehar egin duten bira motzeko azken-aurrekoa.

2014an pentsatzen zenuen bakarkako ibilbidearekin hamarkada bat beteko zenuela?

Ez, momentu horretan gainera ez nuen espektatibarik. Nik sortutako kantuak ingurukoei erakustea zen nire helburu bakarra. Kontzerturen bat edo beste emateko erronka jarri nion neure buruari, baina ez nuen proiektu bat bezala planteatzen, eta ez neukan diskorik ateratzeko asmorik. Hazten joan den elur bola bat izan da; gauza batek beste batera eraman nau, baina hasieratik ez nuen orain den bezalakoa irudikatzen. Badirudi hamar urte gutxi direla, baina niri asko iruditzen zaizkit.



Eta zer sentitzen duzu orain?

Oso eskertuta nago egiten ari naizen ibilbidearekin, errekonozitua sentitzen naizelako. Gauza oso politak eman dizkit orain arte, eta jende interesgarri ugari ezagutu ahal izan dut. Feedback oso hunkigarriak jaso ditut; denek izan dituzte hitz politak eta sakonak niretzat. Musikari batek, bakarkako ibilbideari ekitea erabakitzen duenean, lehendik ezagutzen ez dituen eta gorabeheratsuak izan daitezkeen egoera batzuekin topo egin dezake. Nire kasuan, neure buruaren aurka aritu behar izaten dut batzuetan, eta horrek baditu alde ez hain onak. Ez dut gustuko neure burua jendearen begiradetan ikustea, nahiz eta paradoxikoa izan; zenbait unetan lotsa ere sentitzen dut.

Bakarkako ibilbidearen barruan, kontzertu sorta berri bati ekin zenion azaroan. Zer dela eta erabaki zenuen osabarekin kontzertuak egitea?

Nire osabak Vaiven Produkzioak ekoiztetxean egiten du lan, eta bertatik heldu zitzaidan proposamena. Ilusio handiz hartu nuen. Beti izan dugu harreman oso ona eta formatua interesgarria iruditu zitzaidan, familiaren errepaso moduko bat egiteko aukera ematen zuelako. Ez da jarraikortasun bat izango duen proiektu bat, baina kontzertu bira moduko bat egitea erabaki genuen. Neure buruari egindako opari bat izaten ari da.

 

«Neure buruari egindako opari bat izaten ari da osabarekin egiten ari naizen bira»



Nola sortu zen ideia eta nondik hasi zineten emanaldia diseinatzen?

Ekoiztetxearena izan zen ideia, eta hura bururatu bezain pronto jarri ziren nirekin harremanetan. Emanaldiaren diseinua, berriz, osabaren eta bion artean egin genuen. Elkarrekin kontzertu bat nola egin erabakitzen hasi ginen. Izan ere, aurrez eginak genituen saioak elkarrekin, baina inoiz ez kontzertu osoak. Behin, biok, nire aitarekin eta nire anaiarekin batera, kontzertu bat egin genuen nire aitonaren herrian, eta horrek aukera eman zigun gure kantak elkarbanatzeko. Ondorioz, eta gauza berriak prestatu baditugu ere, kontzertu honen prestaketa lanetarako ez ginen zerotik hasi.

Nolako kontzertua izango da gaurkoa?

Abestien bitartez, gure familiaren historia kontatuko dugu, era kronologikoan. Lehen zatian, osabak musikan izandako ibilbidea azalduko du. Bigarren zatian, historian aurrera egin ahala, nire abestiak kantatuko ditugu.



Nolakoa da osabarekin batera oholtza berean kantatzea? Presiorik sentitzen duzu berarekin aritzean?

Lehen presio handiagoa sentitzen nuen orain baino. Pertsona umila eta jatorra da. Musikalki, nik baino jakintza eta esperientzia handiagoa dauka, eta hori ukaezina da. Hortik abiatuta, gerora ulertu dut helburu nagusia publikoari zerbait transmititzea dela, eta ez soilik birtuoso hutsa izatea. Osabak komunikatzeko dituen gaitasunekin eta nik transmititu dezakedanarekin, nahasketa polita lortu dugu. Egia da kantuak nahiko hunkigarriak direla guretzat, gure historiaren parte direlako, baina umorerako tartea ere izaten da kontzertuan, eta osaba arduratzen da horretaz. Familiako zenbait pasarte kontatzen ditu, saioa arindu eta gainerako zama guztia orekatzeko helburuarekin.

Gaurko saioaren ondoren, Azkoitian egingo duzue bira labur honetako azkena, bihar, baina aurretik bost herritan aritu zarete. Nolako erantzuna izan duzue orain arte?

Oso ona. Horrelako zerbait prestatzen duzunean, inoiz ez duzu jakiten nola joango den, eta gure kasuan, publikoaren aldetik erantzun ona izan dugu. Sarrera ia denak saldu ditugu, eta kontzertuen ondoren ere lore politak jaso ditugu. Hori eskertzekoa da.

Hamar urte hauetan, bi disko argitaratu dituzu. 2018an 'Zintzilik', eta 2021ean 'Aho uhal'. Akaso ez hain desberdinak musikalki, baina zuretzat ziur baietz. Esperotako oihartzuna izan dute?

Espero nuena baino askoz handiagoa. Lehen diskoa argitaratu nuenean, ez nuen espektatibarik izan zezakeen erantzunarekiko, eta ikaragarri txunditu nintzen, jende asko nolabait zeharkatu zuelako eta publikoak intentsitate handiarekin erantzun zuelako. Orduan, nire lanak fruituak eman zitzakeela ikusi nuenean, gauzak serioago hartzen hasi nintzen. Bigarren diskorako prozesua erabat desberdina izan zen. Batez ere, kosta egin zitzaidan aurreko diskoaren parean egon nintekeela sinestea.

 

«Bigarren diskoa egitean, kosta egin zitzaidan aurreko diskoaren parean egon nintekeela sinestea»



Azkenean, presiorik ez duzunean eta espektatibarik gabe egiten duzunean, badaukazu bertigo puntu bat, baina ez bada publikoaren gustuko zerbait, listo, ez da ezer pasatzen, ez daukazulako galtzekorik. Baina, behin bide bat egina duzunean, geroz eta zama handiagoa jartzen diogu geure buruari egoerara egokitzeko eta zain dauden horientzat kalitatezko zerbait egin behar duzula sinetsarazteko.

Lehen diskoarekin, akaso, gehiago arriskatu zinen?

Ez nuke esango. Niretzako bakarka aritzeko bidea hartzea jada bada nahiko arrisku. Agian gutxiago pentsatu nuen, edo buelta gutxiago eman nizkion buruan. Asko landu genuen, baina beste alderdi batzuetatik. Gero, ez nuen espero horrenbeste jende egongo zenik horren esperoan. Batek baino gehiagok esan izan dit disko horrek bizitza aldatu diola.

Zure musikaren bitartez, kontakizunak josten saiatzen zara, hori baita zure iritziz gauza ederrenetako bat. Erraza al da kontakizunak jostea eta kontakizun berriak asmatzea?

Gaur egun oso zaila da originala izatea; uste dut ez dugula ezer berria asmatuko. Kontatzea bera ez da zaila, baina formarekin edo moduarekin asmatu beharra dago, betiko klixeetan ez erortzeko edo formula berriren bat topatzeko. Hori da gure erronka. Ez zait hainbeste interesatzen eginda dauden gauzak erreproduzitzea, ezer asmatuko ez dudala jakin arren.

Azaroan sare sozialetan argitaratu zenuen hirugarren albuma prestatzen ari zarela, tartean, Herrialde Katalanetara bidaia batzuk eginda. Nola doa proiektua eta nolako esperientzia izaten ari da?

Oso aberasgarria izaten ari da; asko ari naiz ikasten. Molde horietara egokitzea ere kostatzen ari zait. Beste epe batzuk nituen buruan eta lehenago argitaratzea zen nire asmoa. Hala ere, Olivera Estudi ekoiztetxearen lan egiteko modua da hilabetean behin astebete estudioan bertan igarotzea.

Clara Peya artistaren bitartez ezagutu nuen, eta asko gustatu zitzaidan bere lan egiteko modua. Gerora, estudio txiki bat zuela jakin nuen, eta aukera egokia izan zitekeela pentsatu nuen. Proba bat egitera joan eta oso eroso sentitu nintzenez, aurrera egitea erabaki nuen. Ondorioz, horrela nabil azken hilabeteetan, eta datorren astean ere berriro egokituko zait bertara joatea. Egun bakoitzean kantu bat lantzen dugu, eta orduan kanta bakoitzari kapak gehitzen goaz. Oraindik ez daukat epe argirik buruan, baina nire asmoa bada laster pilula txikiak argitaratzen joatea.

Nolako diskoa izango da?

Aurreko biekin alderatuta, pixka bat desberdina izango da, aldatzeko beharra sentitzen dudalako. Tabernak ixteko nire kantuak erabiltzen dituztela ohartu naiz, eta pixka bat nekatuta nago. Txantxa bat dirudi, baina badu egiatik ere. Nire kantuak festa girorako sortzen saiatuko naiz, eta ez amaieran jartzeko. Hori bai, denetik egongo da diskoan; energetikoki oso desberdinak diren kantuak izango ditu. Aldaketa naturala izan dadila nahi dut. Ez naute erakartzen bizitza osoan gauza bera egiten dutenak, eta probak egitea gustatzen zait. Ondo dago bide berri bat hartzea, baina ez da beharrezkoa beti bide berean mantentzea. Gurea esperimentazio bat da, eta lan bakoitzak leku desberdin batera eramaten gaitu.

 

«Tabernak ixteko nire kantuak erabiltzen dituztela ohartu naiz, eta pixka bat nekatuta nago»

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!