Elikagai eta jostailu bidezko elkartasuna, benetako beharra dutenentzat

Ataria 2023ko abe. 21a, 16:00

Villabonako Elkartasun Sareak janari bilketa berria egingo du larunbatean, oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko. Onddo Gazte Asanbladak, bere aldetik, arrakastatsua izaten ari den jostailu bilketa abiatu zuen abenduko lehen astean.

Larunbatean, abenduak 23, janari bilketa berri bat egingo du Elkartasun Sareak, 10:00etatik 14:00etara; Eroski eta BM supermerkatuen atarian egongo dira boluntarioak. Gaurtik aurrera ere egin daitezke ekarpenak, herriko zenbait saltokitan. Julen Zelarain elkartasun Sareko kideak azaldu duenez, 2022an, urtean zehar 1.236 produktu sorta banatu zituzten. 2023a bukatzear dagoenean, eta oraindik urte amaierako janari banaketa falta denean, iaz baino sorta gehiago banatu dituzte, hain zuzen, 1.357. «Pertsona batek beharrezkoak dituen elikagai guztiekin osatzen ditugu sorta horiek, ez gara elikagai soil batez ari. Beraz, guretzat eta beharra dutenentzat ezinbesteko garrantzia du janari bilketak», adierazi du.

Aurrez aipatutako datuak eskuan hartuta, zenbait irakurketa egin behar direla esan du Zelarainek. «Argi erakusten du premia ikaragarria dagoela herrian. Guk banatzen badugu, behar duten herritarrek jasotzen dutelako da». Hori dela eta, larunbatekoa bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du: «Gutxiengo kohesio sozialari eusten ez bazaio, hau da, herritar guztien beharrak asetzen ez badira, oso zaila da aurrerapausoak ematea. Badakigu janari bilketarekin eta banaketarekin ez ditugula behar guztiak asetzen, baina asko arintzen laguntzen dute».

Gizarte Zerbitzuetako langileekin batera aritzen dira zeregin horretan. «Esklusio sozialaren egoera batean dauden norbanako eta familiek jasotzen dituzte elikagaiak, benetako beharra dutenek, alegia. Askotan ezkutuan egoten diren arren, oraindik gehiegi dira egoera horretan daudenak. Ondorioz, balio eta garrantzia handia dute egiten ditugun janari bilketek, oinarrizko beharrak asetzen ditugulako, baita askotan ikusten ez den errealitate bat agerian uzten duelako».

Elkartasun Sareko kideak «oso pozik» daude, «gaindituta» egoteagatik. «Gaindituta gaude, herri honetan ematen den elkartasun mailagatik. Herrian elkartasuna jaso eta bideratzeaz arduratzen gara, eta lan horietan aritzen diren talde gutxik esan dezakete gaindituta daudela. Olatu erraldoi bat dago Villabonan, eta olatu horretan iristen da elkartasun guztia».

Azkenik, herriko eragileek eta herritarrek erakutsitako elkartasuna eskertu dute, eta gaur, bereziki, eskerrak eman dizkiete herriko gazteei, izan ere, aurtengo bilketa eta banaketarako Onddo Gazte Asanbladaren laguntza izan dute. «Ezinbestekoak dira, olatu horren parte direlako, eta gazteak diren heinean, herri honen etorkizuna ere badirelako».

Kontsumoaren inguruan hausnartzera

Villabonako Onddo Gazte Asanbladak, bere aldetik, jostailu bilketa abiatu zuen abenduko lehen hastean, Olentzero etxe guztietara iritsi dadin. Kristina Artola asanbladako kideak nabarmendu du beharra duten umeei laguntza ematea dela helburua. «Horrez gain, jostailuak berrerabiltzea nahi dugu, asko berriak daudelako oraindik. Bestetik, herritarrek kontsumoaren inguruan hausnartzea nahi dugu».

Hirugarren aldiz egiten ari dira bilketa, herritik eta herriarentzat. «Herriaren erantzuna eta konpromiso maila izugarria izan da, eta beraz, eskertuta gaude. Jostailu mordoa bildu dugu». Aurten, Elkartasun Sareko kideen laguntza jaso dute bueltan. «Behin jostailuak bilduta, beraiek bideratzen dute banaketa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!