Belabietako azken kanoikada, 150. urteurrena ospatuz

Leyre Carrasco 2023ko abe. 17a, 12:49

Belabietako batailaren 150. urteurrena ari dira ospatzen Amasa-Villabonan; ekitaldi nagusia egin dute goizean Amasako plazan, eta tartean, dantzariak, bertsoak eta pintxoak izan dira.

Amasa-Villabonako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera bataila hura oroitzeko ekitaldi ugari egin ditu aste honetan zehar, eta gaur izan dute azken ekitaldia. Belabietako batailan parte hartu zuten batailoien irudikapena egin dute Tolosako Handia Kultur Elkarteko kideek, garaiko jantzi eta eskopetekin. Bertsoak izan dira tartean Oihana Iguaran bertsolariaren eskutik, eta Oinkari dantza taldekoek, berriz, dantza ikuskizuna eskaini dute.

Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakariak hartu du hitza lehenik. Aranzadi Zientzi Elkarteak duela 25 urte eman zion hasiera 36ko gerraren eta frankismo inguruko giza eskubideen zapalkuntzen ikerketari, arkeologia eta historiaren metodologiarekin batera. Lehendakariaren esanetan, «orain, beste talde bat hasi da duela 150 urte gertatutakoaren inguruaren ikerketa egiten, eta gehienak Amasa-Villabonakoak dira. Beraz, horiei eskertu egin behar diegu orain arte Belabieta inguruan egin dituzten ikerketa guztiengatik».

Iragan hura objektibotasunez ikertu dutela dio Agirrek, «ez neutraltasunez». «Gurea zen Jose Antonio Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritza demokratikoa eta beste batzuek eman zuten estatu golpea 40 urte iraun zituen. Garai hura hemen gauden guztiok, edo gehienok, barruan daukagu eta oroimen horren bueltan ikusten dugu zer nolako sufrimenduak sortu ziren prozesu luze horretan eta zein aukera galduak izan ditugun». Gerra garaiak oso urruti gelditu direla aitortu du, «baina handik gatoz gu». Era berean, Villabonako eta gainontzeko udalek egindako lana eskertu du Agirrek, eta gaurko ekitaldia xumea izan arren, duintasunez beterik dagoela esan du.

Bakean oinarritutako etorkizuna

Beatriz Unzue, Amasa-Villabonako alkateak hartu du hitza ondoren, eta berak ere 1873. urteko abenduaren 9an Belabietan gertatutakoa ekarri du gogora: «Duela 150 urte inguru, hemeretzigarren mendean, gerrate karlista handi bat izan zen Amasako mendi magaletan, Belabieta inguruan».

2021. urtean udaleko memoria eta bizikidetza batzordean bataila hura hobeto ezagutzeko azterketa zientifiko bat egin behar zela erabaki eta halaxe egin zuten. Ordutik, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek dokumentazio «lan mardula egin dute eta gaur egun askoz ere hobeto ezagutzen da 1873. urteko abenduaren 9an Amasa inguruan izandako gatazka eta haren testuinguru historikoa».

«Udal bezala, gure herriaren historia ezagutzeko eta herritarren artean zabaltzeko zeregina dugula pentsatzen dugu, eta Belabietako batailaren azterketa eta aste honetan antolatu ditugun ekintzak hor kokatzen ditugu: 14.000 soldadu, bi armada, bata karlista eta bestea liberala, eta ordu gutxiko borrokaren ondorioz, 600 hildako inguru eta ehunka zauritu», gehitu du. Giza eskubideen ikuspuntutik, «sekulako sarraskia» izan zela adierazten dute datu horiek, «ehunka soldadu gazteren odolak gure mendiak zipriztindu zituen gerra guztiek bezala honakoak ere gizakion aurpegi ilun eta ankarrenak erakusten digu. Hitz gutxitan, sekulako tragedia humanoa izan zen».

Unzuen esanetan, «berez, ez da ospatzeko edo harro egoteko zerbait. Kontrakoa esango nuke. Ez dugu inon horrelako zerbait errepikatzerik nahi. Zoritxarrez, azken asteetan Gazan ikusten ari garenak erakusten digu giza eskubideen alde eta indarkeria gerraren aurka asko dagoela egiteko». Horregatik, pertsona guztien giza eskubideen errespetuan eta bakean oinarritutako etorkizuna aldarrikatu du alkateak, «hemen eta mundu osoan».

Bukatzeko, esker bereziak eman nahi izan dizkiek Joxe Mari Tuduri eta Manuel Arroyori emandako laguntzagatik erakusketa osatzen eta gaurko ekitaldia antolatzen. Eskopeten kanoia betez, azken zartada batekin eman diote amaiera ekitaldiari. Ondoren, Uxotoki elkartean hamaiketakoa egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!