Gurea aretoaren urtemuga ospatuko dute ekitaldi batekin

Ataria 2023ko abe. 14a, 07:59

Gaur, 'Gurea zinearen garai zaharrak oroituz' ekitaldia egingo dute 19:30ean eta sarrera doakoa izango da; 75. urteurrenaren ospakizunen barruan egingo dute saioa

Aurten 75 urte bete dira Gurea zinema aretoa zabaldu zela. Urtean zehar zenbait ekintza egin dira eta azken hilabeteetan hainbat herritarrek aretoaren inguruan dituzten oroitzapenak bildu ditu udalak. Elkarrizketak egin eta bideoz grabatu ditu eta, gaur, testigantza horiek ikusteko aukera izango da Gurea zinema aretoan bertan. Gainera, urteurren ekitaldia gaur egungo gizartean herri txikietako zinema aretoek duten etorkizunaz gogoeta egiteko ere baliatuko dute. 19:30ean hasiko da Gurea zinearen garai zaharrak gogoratuz ekitaldia.

1948an hasi zuen ibilbidea Gureak eta lehen hamarkadetan zinema areto soila izan zen. Udalak 1991n eraikinaren jabea den elizarekin hitzarmena sinatu zuen eta aretoa egokitu, filmetatik harago mota guztietako emanaldi artistikoak eskaini ahal izateko. Gaur egun, ikus-entzunezkoekin eta arte eszenikoen munduarekin lotutako emanaldi asko eskaintzen dira antzokian.

URTE OSOKO OSPAKIZUNA

Uda aurretik abiatu zuten Gurea zinema aretoaren urtemugaren ospakizuna. Amasa-Villabonako ikastetxeetako ikasleek aretoa bisitatu ahal izan zuten, eta besteak beste, zinema emanaldietarako proiektoreen funtzionamenduaz gehiago jakiteko aukera izan zuten. Slow motion izeneko teknikaren inguruko tailerra ere jaso zuten ikasleek eta maiatzean, berriz, Amestutako filmak izenburuarekin zinearen hizkuntzaren inguruko saio didaktikoa eskaini zuen Koldo Almandoz zinegileak.

Udazkenean jarraitu dute Amasa-Villabonako zinema aretoaren urtemuga ospakizunek eta azaroaren 7an Pello Lizarralderen Argiantza eleberriaren inguruan hitz egiteko solasaldia antolatu zuten Subijana etxean.

Hain zuzen, herrietako zinema aretoen etorkizunaz gogoeta egiteko baliatuko dute, besteak beste, gaur Gurean egingo duten ekitaldia. «Aretoak balio sentimental eta emozional handiko oroitzapen ugari sortu ditu amasar eta billabonatar askorengan», esan dute udal arduradunek, eta oroitzapen eta anekdota horiei tarte bat egingo diete gaur. Ereiten elkarteak prestatu duen ordu erdi eskaseko ikus-entzunezkoan herritarren testigantzak jasoko dituzte, eta horrekin batera, zinema aretoarekin lotura izan duen pertsonaren batek ere hitz egingo du ekitaldian.

Bide batez, Gurea aretoaren historia biltzen duen liburuxka bat ere banatuko dute gaur. 75 urteetako bizipenak biltzen ditu argitalpen honek eta gaurko ekitaldira gerturatzen direnek etxera eraman ahal izango dute. 19:30ean hasiko da saioa eta sarrera doakoa izango dela jakinarazi dute udaletik.

Amasa-Villabonako udaleko Kultura sailak prestatu duen bideoaren aurrerapena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!