Jorge Alvarez zendu da, Billabona FKE klubaren sortzaileetako bat

Ataria 2023ko abe. 12a, 19:45

Jorge Alvarez, Billabona FKE-ko sortzaileetako bat, zendu zen atzo, 80 urte zituela.

Sorrera bertatik urte askotan egindako lanak ekarri dituzte gogora klubetik: «Klubaren koordinatzailea, Gipuzkoako belar naturaleko soropila ederrenetakoa txukun eta dotore mantentzeko lana bere gain zuen; jokalarien fitxen tramitazioaz, arropa, bota eta kirol materialen erosketaz, taberna eramateaz, jokalarien joan-etorriak antolatzeaz, udalarekin, federazioarekin, Realarekin komunikazioa eramateaz arduratzen zen». Horren erakusgarri, belar artifizialeko zelaiaren inaugurazio egunean eskaini zitzaion omenaldi beroa, federazioko eta Realeko zuzendaritzaren presentziarekin. Bertan, Realeko eta Eibarko beteranoen partida jokatu zen, Juan Ignacio Garmendia atezain handia ere bertan zelarik. 1991 urtean Gipuzkoako futbol federazioak delegatu onena izendatu zuen Alvarez.

Billabona FKE-tik azaldu dutenez, Alvarez «harrobiko lanaren maitale zen, eta kluba gaur egun denaren hazia erein eta maitasunez zaindu zuen erretiro garaia iritsi zitzaion arte, Andres Nuñezi lekukoa pasaz». Tartean, gorago aipatu bezala, futbol zelaia belar naturala izatetik artifiziala izatera pasa zen, besteak beste, sorkuntzaz geroztik eta futbol eskola martxan jarri zenetik hazkuntza handia izan duelako klubak, ia 300 jokalariz osaturiko familia bat izateraino, 8 urteko benjamin taldetik hasi eta gorengo erregional taldera arte.

Asteburu honetako etxeko partida guztietan minutuko isilunea gordeko da bere omenez, ostiral honetan 20:30ean Euskaldunaren aurka jokatuko den gorengo erregional mailako partidatik hasita. «Patuak nahi izan du urtetan Jorgeren ondoan lehendabizi jokalari, ondoren entrenatzaile izandako Asier Etxaniz izatea bisitarien taldea zuzentzen. Etxeko aulkian Oscar Urbano eseriko da, eta beste horrenbeste esan liteke berari buruz», azaldu dute klubetik.

Klubeko parte diren edo izan diren jokalari, entrenatzaile, laguntzaile, babesle, guraso nahiz zaleak zelaira joateko deia egin dute. Ordutegiak, taldearen sare sozialetan eta Malkar plaza eta kiroldegiko paneletan publikatuko dira. Hileta elizkizuna Villabonako Jesusen Bihotza parrokian izango da, bihar asteazkena, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!