Udalak 7,8 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an

Ataria 2023ko abe. 5a, 11:57

Amasa-Villabonako Udalak inoiz izan duen aurrekonturik altuena izango du 2024an; EH Bilduren aldeko botoekin eta oposizioko talde politikoen abstentzioarekin eman zaio hasierako onarpena aurrekontu proiektuari.

Amasa-Villabonako Udalak 7.834.173 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengoa baino %5,46 altuagoa. Historian udalak izan duen aurrekonturik altuena izango da 2024koa. Azaroaren 29an egindako osoko bilkuran eman zitzaion onarpena aurrekontu proiektuari, EH Bilduren aldeko zortzi botoekin eta oposizioko talde politikoen abstentzioarekin.

Atalez atal, euskararen arloak izango du datorren urtean igoerarik handiena. 2023an baino %11,1 altuagoa izango da aurrekontua eta tokiko hedabideek egiten duten lana baloratu nahi izan du udalak modu horretara. Aiurrik, 28 Kanalak eta TOLOSALDEKO ATARIAk %12ko igoera izango dute diru laguntzetan. Dena den, 140.919 euro bideratuko dira euskarara eta aurrekontu hori baino altuagoa izango dute, besteak beste, gizarte zerbitzu, hirigintza eta kultura sailek. 600.000 eurotik gorako aurrekontua izango dute departamendu horiek 2024an. Udal gobernutik azpimarratu dutenez, Hirigintza arloak izango duen %9,8ko igoera, neurri batean, udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera martxan jarriko duen ekimenari esker esplikatzen da: etxebizitza hutsak merkaturatzeko kanpaina berezi bat abiatuko dute elkarrekin bi erakundeek.

Udal langileen gastuari dagokionez aurrekontuak gora egingo du datorren urtean. 2024an udal langileen soldata %2,5 igoko del aurreikusten dute udal arduradunek.

Diru laguntzak elkarteentzat

Herriko talde eta eragileen artean banatzen diren diru laguntzei dagokionez, Eresargi abesbatzak %30eko igoera izango du, kontzertu berezi bat antolatu dezan; Xake Joku elkartea mailaz igoz denez, %28ko igoera izango du jasotzen duen diru laguntzan; Beharzana pilota elkartearen diru laguntzak ere %15,8ko igoera izango du; eta Amasako festak antolatzen dituen Martina kultur elkarteari ere laguntza igo zaio, 16.000 eurotik 20.000 eurora.

Amasa-Villabonako Udalak 2024rako aurreikusten dituen inbertsio garrantzitsuenak zerrendatu ditu azaroan egindako osoko bilkuran.

  • Ur parkea Erreboteko plazan: 144.000 euro

  • Espaloien konponketak eta asfaltatze lanak: 90.000 euro

  • Eskola publikorako inbertsioak: 70.000 euro

  • Hirigintzako proiektuen erredakzioa: 62.000 euro

  • Olaederra Kiroldegian erreformak: 60.0000 euro

  • Erreboteko plazako frontisa konpontzeko lanak: 23.000 euro

  • Energia planeko inbertsioak: 20.000 euro

  • Irisgarritasuna hobetzeko lanak: 15.000 euro

  • Sacem eraikineko sarrera eraberritzeko lanak: 15.000 euro

  • Agaraitz auzoan konponketa lanak: 10.000 euro

  • Estalpea Altzingo iturrian: 10.000 euro

  • Argiteria publiko berria: 10.000 euro

  • Bidegorri sareen konexioa: 10.000 euro

  • Amasako hilerrian konponketak: 8.000 euro

  • Kaleen garbiketarako barredora: 6.250 euro

  • Emakume baserritarrak omentzeko eskultura: 6.000 euro

  • Informazio panel digitala kalean: 5.422 euro

  • Sopladora isila eta garbiketarako karroa: 3.500 euro

  • Ibilgailu elektrikoentzat karga puntuak: 2.000 euro

  • Beste inbertsio batzuk: 58.072,40 euro

2023ko udal aurrekontuko inbertsio garrantzitsu batzuk, prozedura hasita badute ere praktikan hurrengo urtean gauzatuko direla ere jakinarazi dute udaletik. Hauek dira horietako batzuk:

  • Udal Liburutegiaren handitzea eta eraberritze integrala: 195.000 euro

  • Kiroldegiko kantxako lurzoru berria: 170.000 euro

  • 2 komun publiko: 161.520 euro

  • Graficas Leizaolako pabiloia eraistea: 145.000 euro

  • Txermingo aparkalekua eraberritzeko lanak: 120.000 euro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!