ERREPORTAJEA

Kotoiak lotzen dituen bizi istorioak

Jon Miranda Labaien 2023ko abe. 1a, 07:59

'Kotoiaren emakumeak' erakusketa. J. MIRANDA

Kotoiaren emakumeak erakusketa dago ikusgai abenduaren 15era arte Villabonako Gurea zinema aretoko erakusketa gelan. Subijana ehungintza enpresan lan egin zuten emakumeen testigantzetan oinarrituta osatu dute diziplina arteko lanak biltzen dituen erakusketa.

Burdinola bat zegoen tokian 1860an abiatu zuen bere industria jarduera Sociedad de Silva Hermanos y Frois delako elkarteak. Gipuzkoan ehungintzan erreferente izatera iritsiko zen enpresak irundegi gisa abiatu zuen bere ibilbidea, eta oraindik ere, indar handiagoa hartuko zuen handik urte batzuetara, jabeek fabrika bi bazkideri saldu zietenean. Hain zuzen, 1889an sortu zen Subijana, Atorrasagasti y Cia elkartea. Telesforo Subijana y Cocha Villabonako enpresa gizonak hartuko zuen lantegiren gidaritza eta Gipuzkoan ehungintza sektoreko izen garrantzitsua izatera pasako zen. XX. mende hasieran, esate baterako, Andoaingo kotoi lantegiko ondasunak eta akzioak erosi zituen Subijana y Cia enpresak, eta ordutik bi herrietako ehungintza lantegiak elkarri lotuta geratuko ziren.



Subijana lantegia bezala ezagutu zenak hamarkada luzetako ibilbidea egin zuen, eta estanpazioan egin zituen aurrerapen nagusiak. Dagoeneko 1894an, estanpazioa eskuz egiteko bi makina eta 40 mahai zeuzkaten lantegian. Gipuzkoako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, Subijana y Cia enpresak 1950eko urtarrilean 2.814 kilo irundako oihal ekoitzi zituen. Urte hartan 110 langile ari ziren Villabonako fabrikan.



Emakumeak izan ziren Subijana lantegian ibilitako langileen gehienak, eta orain, haien testigantzak jasoz Kotoiaren emakumeak izeneko erakusketa prestatu dute. Abenduaren 15era arte Gurea zinema aretoko erakusketa gelan izango da ikusgai Mujeres del Algodon izeneko elkarteak prestatutako mostra. Fanny Alonso da proiektuaren bultzatzaile nagusia, eta haren hitzetan ehungintza sektorean lan egin zuten emakumeei aitortza egiteko helburuarekin abiatu zuten lanketa, duela lau urte Andoainen.



Alonso moda diseinatzailea eta jostuna da, eta bilduma berri baterako oihal bila zebilela ezagutu zuen Pepita Eizagirre andoaindarra. Andoaingo kotoi enpresan lan egina zela esan zion 98 urteko emakumeak. «Pepitak esandako horren oihartzuna nire barruan geratu zen. Gero pandemia etorri zen, eta ehungintza industria arakatzen eta zehazki Andoaingo kotoi enpresaren inguruan datuak biltzeko baliatu nituen itxialdiko egunak. Orduan zirriborratu nuen Mujeres del Algodon proiektua izango zena», esan du Alonsok. Hilabete batzuk beranduago Andoaingo La Algodonera enpresan lan egindako emakumeak elkarrizketatzen hasi zen. Guztira hamahirurekin egoteko aukera izan zuen: «Zoritxarrez adinagatik hilda daude Andoaingo lantegian ibilitako emakume haietako gehienak, baina bizirik daudenekin hitz egin eta txundituta geratu nintzen. Istorio benetan harrigarriak iruditu zitzaizkidan, jendearentzat ezezagunak. Horregatik lozorroan zegoen hori ikusgai jarri behar genuela iruditu zitzaidan».

 

Fanny Alonso: «Lozorroan zegoen hori ikusgai jarri behar genuela iruditu zitzaidan»



Emakume kotoigileei omenaldia egiteko, haiei egindako grabazioak bere horretan ematea «gutxiegi» izan zitekeela iritzita, hainbat lagunekin harremanetan jarri zen Alonso. Nerea Tuduri poetak, Maialen Porroy ilustratzaileak, Laura Bein idazleak eta David Argindar argazkilariak egin dute ekarpena Mujeres del Algodon proiektua osatzeko eta emaitza nagusia diziplinarteko lanak biltzen dituen erakusketa da.

Lehen aldiz Andoaingo Bastero kultur etxean izan zen ikusgai 2021eko martxoan, eta bertan, Andoaingo La Algodoneran lan egindako 13 emakumeren testigantzetan oinarritutako artelanak jarri zituzten. QR kode baten bitartez entzun zitezkeen emakume horien ahotsak, eta aldamenean argazkiak, koadroak, poesiak eta oihal zatiak jarri zituzten. «Guk pieza diferenteak sortzeko emakume hauen urratsak jarraitu baino ez ditugu egin», esan du Porroy ilustratzaileak.

Beste parte hartzaileetako batek, Bein idazleak, azpimarra emakume langileengan jarri nahi izan dutela esan du: «Historiaren barruan istorioak dituzten emakumeak dira hemen agertzen direnak. Gizarte honetan maiz isildu da haien ahotsa, eta horregatik eman nahi diegu protagonismoa. Jendarte matxista bat bizi zuten, eta euren lan baldintzetan eragina zuen horrek. Pixkana aldatu da errealitatea, eta gaur egun eraiki dugun gizartea, neurri handi batean, emakume haiek egindakoari zor diogu».



Langile hauen historia ezagutzera ematea da Mujeres del Algodon proiektuaren asmoa, eta hurrengo belaunaldiei ezagutza hori transmititzeko helburuarekin, bisita gidatuak antolatu zituzten herriko ikastetxeekin, Andoainen erakusketa zabaldu zutenean. «Ikastetxeetan ehungintza industriaren inguruko lanak egin zituzten, eta mugimendu pixka bat sumatu zen herrian. Neskato askok hots egin zidaten haien amona Andoaingo La Algodonerako langilea izan zela esanez. Nik neuk ere emakume hauekin elkarrizketak izan nituenean jakin nuen nire ama zena, Alicia Collantes, denbora labur batez bertako langile izan zela. Uste dut galdu egin dela nagusiek euren ondorengoei istorioak kontatzeko zuten ohitura, eta proiektu hau bada ahalegin bat ohitura hori berreskuratzeko», esan du Alonsok.



Egitasmoaren zabalkundea

Andoaingo La Algodonerako emakume langileen istorioak bilduz abiatutako proiektua herri gehiagotara zabaldu da. Andoainen erakusketa inauguratu zuteneko ekitaldira Bergarako kultur zinegotzia gonbidatu zuten, eta hark interesa agertu zuen proiektuan Gipuzkoako herri horretan ere ehungintzak garrantzia handia izan zuelako. «Orduan hasi ginen irudikatzen Bergara izan zitekeela proiektuaren hurrengo geltokia. 2000. urtera arte egon zen Bergaran lantegia zabalik, eta beraz mami asko egon zitekeela ikusi genuen. Andoainen egin bezala, artxiboak kontsultatu, dokumentazioa bildu eta emakume askorekin hitz egin genuen». Lanketa horren guztiaren ondoren, Bergarako Laboratoriumen jarri zuten ikusgai erakusketa 2021eko ekainetik urrira arte.

«Ehungintza enpresa hauek elkarren artean harreman handia zuten, eta jabe berdinak izan zituzten historiako zenbait momentutan. Adibidez, 1965ean Andoaingo La Algodonera itxi zutenean, han aritzen ziren emakume asko Villabonara etorri ziren lanera». Proiektuaren bultzatzaileek, beraz, argi ikusi zuten aurretik Andoainen eta Bergaran egindako lanketarekin segi zezaketela Villabonan ere. Subijana ehungintza enpresan lan egin zuten 18 emakumerekin hitz egin dute erakusketarako testigantzak jasotzeko.

«Gauza asko kontatu dituzte, eta denek azpimarratu dute langileen artean zegoen giro ona. Txandakako ardurak izan zituzten, eta beraz, emakume hauei lanpostu ezberdinetan aritzea tokatu zitzaien. Ezkondu eta berehala utzi behar izaten zuten askok jardun profesionala, eta urte luzetan elkarrekin borrokatu ziren euren lan eskubideen alde», esan du Alonsok. Kontakizun hauekin guztiekin batera, beste anekdota asko ere bildu dituzte Gurea zinema aretoko erakusketan. Subijanan lanean jardundako emakumeek gogoan dute Jesusen Bihotzaren egunean nola gonbidatzen zituzten enpresa buruek bazkaltzera, eta nola zozkatzen zituzten langileen artean oihalak bazkalostean.

Oihal koloretsuak eta estanpatuak izaten ziren Villabonakoak, eta erakusketan ere sumatzen da eboluzio hor. Andoainen egiten ziren oihal zuri eta Bergarako urdin kolorekoen alboan ikus daitezke Villabonan egiten ziren oihal estanpatuak.

Gipuzkoatik haragoko sona lortu zuen lantegiak. Ospe handiko Cristobal Balenciaga diseinatzaileak bere ibilbidearen amaieran, 1968 eta 1972 urteen artean, zetazko zapietarako estanpatuak sortzeko Villabonako lantegira jo zuen. Mundu mailako moda etxe garrantzitsuek ere, Givenchy eta Louis Vuittonek esate baterako, egin zuten lan ehungintza enpresarekin.

Eta urte batzuk beranduago, oihal haiek inspirazio bezala hartuta, 2020an Alonsok moda bilduma bat aurkeztu zuen San Telmo museoan Mujeres del Algodon izenarekin. «Omenaldi bat egiteko modua izan zen, eta haien ondorengoak garela aldarrikatzeko. Guztia segida bezala ulertzen dut nik».



Mujeres del Algodon proiektuak ere izango du jarraipena Euskal Herriko beste herri batzuetan, interesak jarraitzen badu behintzat: «Lasarten ate joka hasi eta Errenterian bukatu nahi genuke ibilbidea. Hori da ideia. Ehungintza enpresa garrantzitsuak egon ziren herri horietan, eta izan zuten harremana Villabonakoarekin ere».

1980ko hamarkadan bukatu zuen bere ibilbidea Subijana ehungintza fabrikak. Amasa-Villabonako Udalak erosi zituen etxea eta lantegiaren inguruko lurrak, eta azkeneko urteetan Kale Nagusiko 70. zenbakian dagoen eraikina kulturgintzarako baliatzen dute. Bertan dute egoitza nagusia, gaur egun, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak.

Espazio horretan bertan gertatu zen historia berreskuratu eta handik metro gutxira jarri dute ikusgai, Gurea zinema aretoko erakusketa gelan. Udalaren izenean Beatriz Unzue alkateak eskerrak eman dizkie Mujeres del Algodon proiektuan ibili diren pertsonei euren dedikazio eta konpromisoagatik, eta testigantzak emanez parte hartu duten emakumeei zuzendu zaie: «Ausartak izan zineten eta aitortu nahi nizueke herri honen industriari egin diozuen ekarpena. Ehungintza izan da herri honen ekonomiaren eragile garrantzitsuenetakoa, eta zuek ere Amasa-Villabonako historia horren parte izan zarete».

 

Beatriz Unzue: «Zuek ere Amasa-Villabonako historia horren parte izan zarete»



Villabonako emakume langile horiei aurrez aurre begiratuta hitz egin du Alonsok: «Izugarriak izan dira zuekin izan ditudan elkarrizketak, eta eskerrak eman nahi dizkizuet zuen bizitzaren zati bat guri erregalatzeagatik. Zuenak bizi istorioak dira, historia ulertzeko ezinbesteko istorioak».

 

KOTOIAREN EMAKUMEAK

 

AMASA-VILLABONA

Eraskusketa. Gureako erakusketa aretoan azaroaren 24tik abenduaren 15era.

Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:30era.

Larunbatetan 11:30etik 14:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!