Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

Indarkeria matxista baita sareetan ere

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 22a, 07:58

Villabonako Subijana etxean ziberindarkeria matxistaren inguruko hitzaldia antolatu du Lurgatz talde feministak udalaren laguntzaz. Miren Ros aditua arituko da hizketan gaur, 18:30etik aurrera. 

Lurgatz talde feministak ziberindarkeriaren inguruko solasaldia antolatu du gaur Amasa-Villabonako Udalaren laguntzaz Subijana etxean. Miren Ros Aiartzaguena Bidelagun taldeko kideak emango ditu bertan azalpenak 18:30etik aurrera. Ohiko hitzaldia baino gehiago, solasaldia izatea nahi du Rosek, «norbere bizipenetatik abiatuta, ondorioak elkarrekin ateratzeko». Hasiera batean gurasoentzako pentsatuta zegoen gaurko saioa, baina nerabeei ere zuzendu diete deialdia, sarean ematen den indarkeria matxistak zuzenean eragiten baitie hauei.  «Jendartean ematen den indarkeria matxistak sarean duen isla da ziberindarkeria», esan du adituak. Rosen hitzetan, ordea, baditu ezaugarri batzuk bereziki larria egiten dutenak: «Anonimotasuna da horietako bat, anonimotasun horretatik astakeriak botatzera ausartzen da jendea, inpunitate osoarekin. Oso arriskutsua da». Interneten oro har baina, bereziki, sare sozialetan egin du azpimarra Rosek, Instagram-en eta Tik-Tok-en nagusiki. «Edonork sortu dezake kontu faltsu bat aplikazio horietan inongo zailtasunik gabe». 

Gazteak jomugan
Gazteak dira gehienbat sare sozial horiek erabiltzen dituztenak, eta beraz, ziberindarkeria matxista jasotzeko arrisku handiagoa dutenak. Horregatik kontzientzia hartzea garrantzitsua dela uste du Rosek: «Gaur egungo gazteek berdintasunaren ilusio bat bizi dute. Helduagok garenok beste errealitate bat bizi izan dugu eta berdintasunaren alde borrokatu behar izan dugu. Gaztegoek uste dute jendarte parekide bat bizi dutela, baina errealitatean ez da horrela, jazarpena egon badago». 

Sarean irudiak duen boterea eta indarra «izugarria» da adituaren hitzetan eta ezberdin tratatzen dira bertan emakumezko eta gizonezkoen gorputzak: «Emakumeena beti ageri da hipersexualizatuta eta gizonezkoaren gorputza, berriz, beti begiratzen da indarretik eta boteretik». Pertsona ezagunen ereduari jarraitzeak dakarren arriskuaz ere hitz egingo du Rosek gaurko saioan, eta baita, harreman osasuntsu batzuk eratzeko orduan pornografiak ekarri duen kalteaz. «Gizon eta emakumeen rolak oso markatuta daude gazte-gaztetatik eta  hori deseraiki egin behar dugu».

Prebentzioa
Kontzientzia hartu eta prebentzioan arreta jartzean egingo dute azpimarra gaurko hitzaldian. «Emakumek ezin ditugu zenbait gauza onartu. Gure bikote kideak ezin ditu gure sareak  kontrolatu, ezin dizkigu pasahitzak eskatu, ezta argazki bat edo bestea igo ote dezakegun esan. Eta aldi berean, ez bagaude eroso, ez ditugu zertan konpartitu behar gure argazki intimoak. Horrelako zerbait pasatzen denean alarma gorriak piztu behar dira». 

Rosen hitzetan, sare sozialena olatu bat bezala etorri da gurera eta indarkeria matxistak topatu du zirrikitua jazarpena eremu horretara ere eramateko. «Legeak ere pixkana egokitu behar izan dute egoera berrira. Dena den, ematen diren zibereraso matxisten %80 inguru ez da salatzen». 

Gai hauen inguruan hitz egiteko aukera izango da gaur Villabonako Subijana etxean eta Rosek gurasoei euren seme-alabekin gerturatzeko deia luzatu die. 18:30ean hasiko da solasaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!