Nerabeek Iker Galartza elkarrizketatuko dute

Ataria 2023ko aza. 22a, 19:57

Villabonan egin zuten Sormenetik Gurera ekimenaren lehen saioa, Antton Telleria elkarrizketatuz.


Galtzaundiren Sormenetik Gurera ekimenaren barruan, artista tolosarrarekin solasaldia izango da Villabonan larunbatean

Sormenetik Gurera egitasmoaren saio berria izango da larunbatean, hilaren 25ean, Villabonako Errebote plazan, 12:00etan hasita. Galtzaundi Euskara Taldeak sustatzen duen ekimenaren hirugarren saioan Iker Galartza umoregile tolosarra elkarrizketatuko dute nerabeek. 

Euskal Herriko artistak eta sortzaileak elkarrizketatzea du xede Euskara Taldeak Tolosako Azokaren testuinguruan antolatzen duen Sormenetik ekimenak. Bada, egitasmo horren aldaera da Sormenetik Gurera. Galtzaundik azaldu duenez, eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatu eta nerabeen arteko harreman sareak sortzea du helburu proiektuak, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan sakontzearekin batera; «nerabeengan sormena sustatzeko eta euskarazko kultur eskaintza balioan jarri eta nerabeengana gerturatzeko ere sortu da egitasmoa», esan dutenez.

Villabonan larunbatean egingo duten saioa Irrika aisialdi elkartearekin elkarlanean eta Villabonako Udalaren laguntzarekin egingo dute. Irrikako gazteak izango dira Galartza elkarrizketatuko dutenak, eta euskara taldetik esan dute elkarrizketa «arin eta freskoa» izango dela: «galdera biografikoak, gaur egungo jardunari lotuak, galdera deserosoak eta challenge dibertigarri bat ere egingo diote gazteek». Ekitaldia bera osatzeko ardura ere billabonatarrek izango dute. Hala, elkarrizketa antolatzearekin batera, beharrezko materialak zerrendatu, saioari forma eman eta euskarri komunikatiboak sortzea izango da euren ardura, besteak beste. 

Sormenetik Gurera ekimeneko lehen saioan Villabonako Malkar aisialdi taldekoek Antton Telleria kazetari tolosarra elkarrizketatu zuten, eta bigarren saioan, Ibarrako Gaztezuloko gazteek Eñaut Elorrieta musikari gernikarrarekin egin zuten solasaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!