ELKARRIZKETA

«Partida asko ikusteko, eta futbolaz ikasteko aukera ematen du»

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 18a, 07:59

Informatikaria izanik, eta futbola hain gustuko duenez, analista bezala bi esparru horiek uztartzen ditu Mikel Elizegi futbol analista billabonatarrak.

Futbola oso gustuko du Mikel Elizegik (Villabona, 1978). Batetik, Errenteriako Hirugarren Mailako Touring taldearen analista da, eta horrez gain, Gipuzkoako Futbol Federazioan aritzen da entrenatzaile ikastaroak antolatzen.

Zure lanetako bat futbol analista izatea da. Zehazki zer lan egiten du futbol analista batek?

Futbol analistaren helburua da talde tekniko batean egotea, entrenatzailearen menpe, eta nire kasuan arerioaren analisia egitea. Ni Touring taldearentzat ari naiz lanean, eta bere aurkariak zein diren aztertzen dut, bere jokatzeko erak zeintzuk diren bilatzen ditut, eta gero informazioa pasatzen diot taldeari. Hirugarren Mailan dago Touring, eta maila horretan ia talde guztiek bilatzen dute analista lana egingo duen norbait. Touring Hirugarren Mailara igo zenean deitu zidaten, eta ordudanik nago beraiekin lanean.



Nola iritsi zinen analista izatera?

Ni bere garaian Billabona klubean entrenatzaile bezala sartu nintzen, eta hamar-hamabi urte pasa nituen han. Gero suertatu zen aukera bat Ordiziarekin, Hirugarren Mailara igo zenean: bi lagunek hartu zuten ardura, eta deitu egiten zidaten. Nire ogibidea informatikaria da, eta ordenagailuak gustuko izateaz gain, entrenatzaile prestakuntzako hiru tituluak ateratzen ari nintzenean, nire kabuz hasi nintzen gaia aztertzen. Eta Ordizia mailaz igotzerakoan, arlo horretarako deitu zidaten, beraiei lagundu eta bideo prestaketan ere aritzeko. Hortik hasi nintzen mundu horretan, eta gero Azpeitira ere joan nintzen Lagun Onak taldera, bigarren entrenatzaile bezala. Hor ere analista rola betetzen nuen, eta hortik ateratzean Touring taldeko kirol zuzendaria nitaz gogoratu zen, eta orain bi urte hasi nintzen beraiekin. Kirol zuzendaritzan esku bat botatzen aritu nintzen, eta baita analista rola betetzen ere. Gaur egun, kirol zuzendaritzako lanak utzi ditut, baina entrenatzailearekin jarraitzen dut kontaktuan, eta analista lan hori egiten jarraitzen dut.

Ez dago, beraz, prestakuntza jakin bat analista izateko.

Ez dago titulu ofizialik, entrenatzailearenak dauden moduan. Badago master moduko bat Espainiako Federazioak ateratzen duena, baina nik ez dut oraingoz hori egin. Azken finean, analista titulurik ez dago, lizentziarik ez dagoelako. Baina argi dagoena da analista bezala aritzeko, teknologia menperatu behar duzula, eta beharrezkoa dela futbola ulertzea. Gure helburua da aurkariaren joko ildoak bilatzea; eta horiek bilatzeko, garrantzitsua da futbola ezagutzea.

 

«Oraingoz, behintzat, analista bezala edo bigarren entrenatzaile bezala ikusten dut neure burua»



Entrenatzaile lizentzia guztiak aterata dituzu. Horrek esan nahi du Lehen Mailako talde bat ere entrenatu dezakezula.

Bai, baina tituluak izatea errazena da, zailena faltako litzateke. Ikasketa maila aldetik prest egongo ginateke horrelako erronka bati aurre egiteko. Beste gauza bat da pertsonalki horrelako erronka bati aurre egiteko prest sentitzea.

Zehazki nola egiten duzu analista lana?

Mailara egokitzen gara, bakoitzak duen denboraren arabera. Lan horrek denbora dezente eskatzen du. Guk ez dugu egiten aurkariaren analisi sakon bat, ez daukagulako denborarik. Berez, hiruzpalau partida ikusi beharko genituzke analisi sakon hori egiteko, baina nire lanbidea ez da futbola, eta ez ditut eguneko 24 orduak futbolari eskaintzeko. Beraz, batez ere aurkaria bi aste lehenago ikustera joaten gara. Ni joaten naiz partida grabatzera, eta gero aste hori hartzen dut analisia prestatzeko, eta partida hori jokatu aurreko asteburuan entrenatzaileari nire lana pasatzen diot. Gero, berak astebete izaten du taldearekin batera prestatzeko partida, eta aurkari horren aurka nola jokatu nahi duen erabakitzeko.

Partidak irauten dituen 90 minutu horietatik, baloia mugimenduan 60 bat minutuan izaten da. Hortik ateratzen dugun bideoa, jokalariei erakusteko, zazpi edo zortzi minutukoa izaten da. Jokalariak minutu horietan erne egoten dira. Azken batean, beraiek jakin nahi dute asteburuan zein etorriko den beraien aurka jokatzera, eta nondik nora joan daitekeen partida.

Zu ez zara erabaki horretan egoten?

Hori entrenatzaile bakoitzaren araberakoa izaten da. Batzuei gustatzen zaie analistak berak ematea aurkariaren gaineko informazioa, eta beste batzuek nahiago izaten dute haiek, partidako planarekin batera, azalpenak ematea. Aurten Touringeko kirol zuzendaritzatik ateratzea erabaki nuen, eta entrenatzailearekin bakarrik dut hartu-emana. Egia da partidetara joaten naizela, eta jokalariak ezagutzen ditudala; baina aurten, egoera aldatu egin da, eta nik entrenatzaileari pasatzen diot informazioa, eta gero berak ematen die jokalariei. Analistaren lana izaten da entrenatzaileari laguntzea informazio hori eskuratzen, eta gero entrenatzaileak erabakitzen du hori nola kudeatu.

Partida bat grabatzera joaten zarenean, aurkariek badakite zein zaren?

Bai, badakite. Hirugarren Mailan zuzendari txartel batzuk daude, eta talde bakoitzak hogei bat ditu. Partida batera zoazenean, bost txartelekin edozein partaide sartu daiteke. Normalean partida batera joaten zarenean, erakusten duzu Touring-ekoa zarela. Gainera, grabatzera joaten garenean, kamera eta tripodea muntatzen dugu, eta nik ordenagailua ere eramaten dut, bertan editatzen aritzen naizelako. Beraz, oso erraza da antzematea harmailetan analista.

Maila profesionalean analistak egotea ohikoa da, baita Hirugarren Mailan ere?

Normalean Hirugarren Mailan hasten da kontua. Gipuzkoako Ohorezko Mailan ez da profil hau ikusten, baina Hirugarren Mailako ia talde guztiek badute horrelako profil bat. Batzuetan, pertsona jakin bat lan horretarako ez badago ere, bigarren edo lehen entrenatzaileak egiten du lan hori. Maila horretan jokalariek askotan eskatzen dute.

Eta zehazki, aurkarien inguruko zer informazio ematen duzue?

Partida batean bilatzen duguna joko ildo orokorrak izaten dira. Adibidez, atezainak luze ateratzen duen baloia edo atzetik hasten diren jokatzen modu elaboratuago batean, zein diren jokalari garrantzitsuenak eta gehien parte hartzen dutenak, erasoa gehiago ezkerretik edo eskuinetik egiten duten... Gai orokorrak izaten dira, ez dugu egiten jokalari bakoitzaren inguruko analisia.

Analisiak partidarako zer-nolako garrantzia izan duen jakiten al duzu gerora?

Azken finean, ez asmatzeko arriskua badago partida bateko analisia egiten duzun bakoitzean. Lau edo bost partida ikusiko bagenitu, gehiago asmatuko genuke. Baina taldeari bizpahiru ideia transmititzen saiatzen garenez, normalean gertatzen diren gauzak izaten dira. Egutegiak ere zeresana izaten du; ez baita gauza bera aurkariaren partida bat ikustea lehen postuetan dagoen talde baten aurka, edo beheko aldean dagoen beste baten aurka.

Elizegik erabiltzen dituen aparailuak partidak grabatzeko. ATARIA


Zer gustatzen zaizu bereziki lan honetatik?

Partida asko ikusteko, eta futbolaz ikasteko aukera ematen du. Joko ildo jakin batera ez zarela ixten gehien gustatzen zaidana da; hau da, ez zaudela lotuta. Entrenatzaileok askotan horretara jotzen dugu: bakoitzak bere jokatzeko modua du edo bizpahiru ideia nagusi ditu. Kasu honetan bestalde, burua gehiago zabaltzea tokatzen da, eta ikustea planteamendu ezberdinen aurrean jendeak nola prestatzen dituen partidak, nola hartzen dituen erabakiak, nola aldatzen duen jokatzeko modua. Horrek ere nire entrenatzaile rolean burua zabaldu eta hobetzeko balio dit.

Gipuzkoako Futbol Federazioan ere aritzen zara lanean. Zertan?

Ikastaroak prestatzen ari nintzen azken urtean. Orduan, plataforma aldaketa bat izan zen, eta informatika aldetik esku bat botatzeko eskatu zidaten. Horrela hasi nintzen. Zuzendaritza aldaketa izan zenean, pertsona berri bat sartu zen zuzendari bezala, eta hark eskatu zidan entrenatzaile ikastaroak antolatzen laguntzeko. Gaur egun horretan jarduten dut.

Soilik antolakuntza lanetan aritzen zara edo klaseak ere ematen dituzu?

Klaseren bat ematen dut, gehienbat analisiari bideratuta daudenak. Baina batez ere ikastaroen egutegia osatzen dut, irakasleekin harremanetan egoten naiz, ikasleren batek arazorik badu horri erantzuna ematen diot... Esan daiteke ikasketa buru bezala aritzen naizela.

Jende askok egiten al ditu entrenatzaile ikastaroak?

Egia esan, sekulako lan karga dugu; gaur egun UEFA C deitzen zaio hasierako ikastaroari, eta hori Internet bitartez egiteko aukera dago, nahiz eta gero klase batzuk aurrez aurrekoak izan. Ikastaro horrek sekulako interesa pizten du, eta egun 200 ikasle inguru ditugu. Urtetik urtera uste baino jende gehiagok ematen du izena. Erantzuna ikusita, gustura ari gara lanean.

Aurrera begira zeure burua entrenatzaile bezala ikusten duzu?

Beti nago irekia edozein erronkari. Une honetan, nire rola atzeko lan horretara dago bideratuta gehienbat, eta ez lehen entrenatzaile lanari. Lehen entrenatzaile moduan, Billabonan izan nintzen, eta orain gutxi Allerrun (Lezo) egon nintzen Ohorezko Mailan. Harra beti hor dago. Ardura handia izaten da lehen entrenatzaile bezala aritzea, ordu gehiago eskatzen ditu, eta momentu honetan, itzalpeko lan horretan gustura nabil. Oraingoz, behintzat, analista bezala edo bigarren entrenatzaile bezala, ikusten dut neure burua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!