Fleming herri eskolako sarbideak hobetzeko eskatu du PSE-EEk

Ataria 2023ko aza. 15a, 14:06

Datorren urteko aurrekontuan 600.000 euroko inbertsioa proposatu du Amasa-Villabonako PSE-EEko zinegotziak; gainera, 120.000 euro bideratzea proposatu du, udalerriko gazteekin batera emantzipaziorako plan bat egiteko.

Villabonako PSE-EEk datorren urteko aurrekontuetan 600.000 euroko inbertsioa egiteko proposamena aurkeztu du, Fleming herri eskolako sarbideak hobetzeko. Zehazki, espaloiak konpontzeko eta espaloirik ez dagoen lekuetan sortzeko eta errepidea hobetzeko. Eduardo Gonzalez  zinegotzi sozialistak azaldu duenez, herri eskolan sartzen diren ikasleen segurtasuna bermatzea da helburua. "Eskolara sartzeko, udalak berehala jardun behar du, gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen ez direlako, kontuan hartuta bide hori ikasleek erabiltzen dutela"

Udal talde sozialistak gazteen emantzipaziorako plan bat egiteko 12.000 euroko partida bat sortzea ere proposatu du. Emantzipatzen eta udalerri barruan bizi-proiektua garatzen lagunduko duten neurriak aztertzea eta planteatzea da helburua. Gonzalezek adierazi du funtsezkoa iruditzen zaiola plan hau udalerriko gazteekin batera egitea: "Garrantzitsua da haiek parte hartzea eta beren iritzia ematea. Ez dugu haiekin adostutako gazte politikarik gaur egun. Entzun egin behar diegu, eta haien beharrak kontuan hartu, haien nahietara egokitutako ekintzak antolatu ahal izateko".

Sozialistek uste dute egungo gobernu taldeak ekintza "berritzaileagoak eta konprometituagoak" egin beharko lituzkeela gizarte zerbitzuen arloan. "Ekipamendu egokitua erostea proposatzen dugu, ohe artikulatuak, gurpil-aulkiak, dutxetarako egokitutako aulkiak eta garabiak esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin erosketa izapidetu arte, udaleko gizarte zerbitzuek ekipamendu hori interesdunari aldi baterako laga diezaioten", adierazi du Gonzalezek.

Villabonako PSE-EEk, gainera, Gizarte Segurantzak finantzatzen ez dituen mendekotasuna edo desgaitasuna duten adingabeen tratamendu medikoen gastuak finantzatzeko diru laguntzen lerro bat sortzea proposatu du. Alderdi Sozialistak gogorarazi du ezgaitasunen bat duten pertsonek, askotan, tratamendu pribatuetara jo behar izaten dutela beren bizi kalitatea hobetzeko, ezin dituztelako laguntza publikoak jaso, baldintzak bizikidetza unitatearen diru sarreretan soilik finkatzen direlako eta gastuak ez direlako inoiz kontuan hartzen. "Adibidez, ezgaitasuna duen adingabe baten gurasoek, eta biek lan egiten badute, ez zaie gastu posibletzat hartzen pertsona bat zaintzeko kontratatzea, fisioterapeuta, logopeda, medikamentu eta abarren gastuak. Zenbaketa orokorra kontuan hartuz gero, litekeena da kasu askok DSBEaren edo GLLen baldintza ekonomikoak betetzea ", esan du Gonzalezek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!