ELKARRIZKETA

«Gure hitza mantentzeko gaitasuna erakutsi dugu, kalitatearekin»

Leyre Carrasco 2023ko aza. 17a, 07:59

Jon Ander Artola eta Yeray Gascon Habi taldeko musikariak. HABI

Villabonako Habi taldeak Ohartu izeneko lan berria kaleratu du gaur bertan, hamar kantuz osaturiko diskoa; atzo aurkeztu zuten Arrasaten, eta gaur Ondarroan eskainiko dute publiko aurrean.

Aski ondo ezagutzen dute taldearen esentzia Jon Ander Artolak (Amasa-Villabona, 1993) eta Yeray Gasconek (Amasa-Villabona, 1993). Duela bost urte sortu zuten Habi taldea, eta denbora honetan hainbat lan kaleratu dituzte. Hirugarren lan luzea argitaratu berri dute, eta prest daude oholtza berriro konkistatzeko; izan ere, disko berria «inoiz baino indartsuagoa» dela diote bi billabonatarrek.

Hirugarren lan luzea kaleratu berri duzue. Berrikuntzarik gehitu diozue?

Jon Ander Artola: Soinuari dagokionez, aldaketa egon dela esan dezakegu, grabatu dugun moduagatik, batez ere. Beste lanetan grabaketa asteburu batean egin dugu. Azken honetan, berriz, hiru tandatan grabatu dugu; lehena martxoan, bigarrena ekainean, eta hirugarrena uztailean. Gainera, kantuak etapa horietan zehar sortzen joan gara. Adibidez, ekainean ez genituen hamar kantuak sortuta, lau kanta bakarrik genituen.

Yeray Gascon: Gainera, ez dugu presiorik izan data horietara hiru kantuekin soilik iristeko. Gure helburua disko luzea egitea zen, aurreko lanak baino luzeagoa egin nahi genuen, aurrekoek zortzi kantu bakarrik baitituzte. Lau katuz osatutako EP bat eta Etxekalte taldearekin batera single bat ere kaleratu genuen. Hala ere, gure asmoa hirugarren lan luze bat kaleratzea zen, eta ez genuen ez genuen muga zehatz bat. Egia da burua aurreko lanetan izan dugula, zer eta nola egin genuen pentsatuz, baina lan berri bakoitzaren barruan kapa desberdinak daude.

Artola: Estiloak asko baldintzatu gaitu, nahiz eta hor ere oreka bilatzen saiatu garen. Soinu aldetik dezentez rockeroagoa dela esan daiteke. Gitarrek presentzia handia daukate.

Hamar kantuk osatzen dute lan berria. Zeren inguruan hitz egiten duzue?

Gascon: Aurrekoetan, adibidez, gorrotoaz edo minaz asko hitz egiten genuen. Hori hemen ere badago baina badaude alaiagoak diren beste gai batzuk ere, amodioa, esaterako. Gure egunerokotasunean bizitzen ditugun gauzen inguruan hitz egiten dugu. Diskoan badago kantu bat oso letra zaharra duena, hamasei urterekin idatzitako kanta bat da, garai hartan gauza bat zena, eta orain buelta eman eta beste emaitza bat izan duena. Ez da gai zehatz bat duen diskoa, eta horregatik jarri diogu Ohartu izena. Izen horrek presentzia bat du, eta izen horrek orokorrean borobiltzen duelako diskoan jorratzen dena. Azkenean, diskoaren asmoa mezu bat helaraztea da. 

Aurrerapen kantu bat entzuteko aukera izan genuen: ‘Oinatzak’. Nolako harrera jaso zuen?

Artola: Egia esan oso ona. 2019an hasi gineneko entzunaldien zenbakiak aztertzen badituzu, eta zenbaki horiek eta oraingoak parekatzen badituzu, irismena handiagoa da, eta oso pozik gaude. Kantu hori aukeratu genuen single formatuan ondo funtzionatuko zuelako, alaiagoa eta poperoagoa da. Gaur egun rock gogorrak baino gehiago funtzionatzen duen formatua da, eta pozik gaude jasotako emaitzarekin.

Gascon: Eta bat datorrelako orain arte egin dugunarekin ere. Gure lehen singlea Badakit (Loratu, 2018) izan zen, eta zentzu askotan single hori baino gogorragoa edo ilunagoa izan zitekeen. Bigarren diskoan (Koloreak, 2020) ere Harri hartu genuen baina hori ez zen kantu bat diskoaren zentzua markatzen zuena, baizik eta erritmoa markatu eta gorputzean mugimendua sortzen duen kantua da. Kasu honetan, Oinatzak diskoaren barruan zentzua du, baina desberdina da eta poperogoa. Erritmo gehiago du, eta horrek ere zentzua zuen aurretik egin dugun guztiarekin. Harrera ona izan du eta gure estrategiak, txarrera edo onera izan, funtzionatu egin du.

‘Lilura’ kantua ere aurretik entzun eta ikusteko aukera izan dugu.

Artola: Hori etxean egin genuen. Nagore Arinek zuzendu, grabatu eta muntatu du bideoa. Villabonako etxe zahar batean eta industriaguneko pabiloi batean grabatu genuen. Bertan, liluraren inguruan hitz egiten dugu.

Zer da lilura?

Gascon: Lilura oso subjektiboa da eta kantak horren inguruan hitz egiten du; lilura sentitzearen zailtasunez edo bigarren aukeren inguruan. Gai asko jorratzen dira, baina esaldi bat asko errepikatzen da bereziki: «Lilurari aipamen bat egin ahal izateko, gorroto gaituztenak isilarazteko». Horrek lilura sentitzeko jartzen dizkiguten oztopoei egiten dio erreferentzia.

Nola helarazi duzue mezu hori bideoklipean?

Gascon: Lilura hori paperezko lore bat izatea pentsatu genuen, eta hori denbora guztian gure eskuetan edo toki itxi edo hautsietan egotea. Bideoklipean lore hori erre egiten dugu, nolabait esateko lilura erre egin didazula edo mezu oso kontzeptual bat botatzeko. Emaitza polita geratu da.

Oholtza gainean bi bazaudete, Victor Sanchez ekoizlea taldearen parte dela ere esan genezake?

Artola: Bai, gainera, Victorrek ere batzuetan bateria jo eta erritmoa markatu du. Azkenean, bera da gidatzen gaituena. 

Orain arte bezala, zuek ekoitzi duzue, ezta?

Artola: Formatua ia betikoa izan da; Yerayk kantua idatzita ekartzen du gitarra eta ahots melodia batekin, eta gero lokalean forma ematen diogu. Oraingo honetan, produkzio aldetik, besteetan baino dezente gehiago landu ditugu kantuak estudioan.

Gascon: Disko hau horregatik joan da berdeago estudiora, ez berde era txarrera, baizik eta modu irekiago batean. Beste lanetan, adibidez, Jon Anderrek eta nik kanta itxi egiten genuen, eta estudiora joaten ginenean Victorrek produkzioko kapa gehitzen zion. Esaterako, gitarraren soinuak definitzen zituen edo beste soinu batzuk gehitzen zizkion fondoan. Oraingoan, berak esku hartze handiago izan du, kantuak ez dizkiogulako hain itxiak eman. Kantuaren egitura eman diogu, baina gero hiruak batera eseri gara, kantua jo dugu, jo dugun hori ondo entzun egin dugu, eta nola landu ikusi dugu; tarteak, bateriaren filoak eta gitarraren marrazki bat egin dugu, besteak beste.

Artola: Hori da, zati asko estudioan sortu dira; izan ere, denbora aldetik besteetan baino lasaiago ibili gara. Lehen, adibidez, bi egun izaten genituen kontratatuta estudioan, eta bi egun horietan disko osoa grabatzeko korrika joan behar duzu, ez duzu beste ezertarako denborarik izaten. Oraingo honetan astebete egon gara estudioan grabatzen; hau da, estudioko denbora hirukoiztu egin dugu. Horri esker soinua gehiago landu dugu; azken emaitzan hori nabari da.

Kolaboraziorik egin duzue?

Gascon: Badago kolaborazio bat. Pertsona baten begiei buruz hitz egiten du Berde kantuak. Amodio kanta bat da, kanta polit bat eta indar handia hartu zuen. Nik Jon Anderri maketa intimo bat bidali nion, eta hasiera batean ez zen diskorako. Izan ere, urtean zehar beste hainbat lan sortzen ditut argitaratzeko ez direnak, baina honetan bai Jon Anderrek baita Victorrek ere maketa entzun eta hori grabatu egin behar genuela esan zidaten. Lokalean grabatzen hasi ginen, eta kantuak hartu zuen forma asko gustatu zitzaigun. Gure maketa entzuten ari ginela kantu hori nolabait indartu egin behar genuela pentsatu genuen, beste ahots bat behar zuen. Beraz, nire bikotea den Nagoreri proposatu nion berak abestu zezan; izan ere, kantuak bere begien inguruan hitz egiten du. Beldur handia sartu zitzaion, baina negoziazio luze baten ostean, onartu egin zuen.

Beraz, kolaborazio berezia.

Artola: Ez da beste talde bateko abeslari bati proposatzen diozula kolaborazio bat egiteko, adibidez, Gartxotekin egin genuen bezala. Hau kolaborazio berezi bat da, iruditzen zait mezua dezentez indartsuagoa dela, kolaborazio hori etxean geratzen delako, beste behin.

Gascon: Kolaborazio bat egiten duzunean, kantu horri nolabaiteko beste maila bat gehitu nahi diozu, beste artista horrek kantuari beste zerbait gehitu diezaiokeela uste duzulako, edo besterik gabe promozioan laguntzen dizulako. Esaterako, ez da berdina Anari edo Sara Zozayarekin batera abestea, kanta hori bi publiko oso desberdinengana iritsiko zelako. Guk hori alde batera utzi dugu oraingoan, oso interesgarria iruditu zitzaigulako kantuak aipatzen duen pertsonak berak abestea.
Emaitzarekin pozik?

Artola: Bai. Gainera, puntazoa izan zen Yerayk bazekielako Nagorek nola abesten zuen, baina Victor eta nik ez genekien. Estudiora etorri eta lehenengo aldiz abesten entzutea berezia izan zen. Gainera, lehena grabaziokoa izan zen. 

Gascon: Kontzertu askotara etorriko den arren, ez da inoiz aterako, baina behintzat grabazio horretan unea hartuta daukagu eta bere ahotsa grabatuta geratu da. Berezia da guretzako.

Artola: Horrez gain, lehen aldia da gure musikan emakume baten ahotsa sartu duguna, eta kontrastea ere polita da.

Biak diseinatzaile grafikoak zarete. Portada ere zuek sortu duzue?

Artola: Bai, etxean egin dugu. Diskoak Ohartu izena duenez, ohartu hori «ohartu zaitez» esaldiarekin lotu genuen; hau da, ireki begiak eta ohartu guk inguruan daukagunaz, eta hau egiten duguna egiteagatik dugun zorteaz. Edo besterik gabe, lehen Yerayk aipatu bezala, gauzez ohartu. Baina nola transmititu hori? Bada, begi baten bidez. Diseinuaren ardatza begi bat izatea indartsua iruditu zitzaigun, eta azkenean portada nahiko abstraktua geratu zaigu, begi bat dela harrapatzen duzun arte.

Formatuari dagokionez, biniloa ere atera duzue?

Artola: Oraingo honetan biniloa ez ezik, diskoa ere kaleratu dugu. Bestetan biniloa bakarrik edo diskoa bakarrik kaleratu izan dugu, baina lan berri honetan topera joan gara eta bi formatuetan kaleratu dugu.

Gascon: Ez da zertan biak erosi beharrik. Batek biniloa erosi dezake eta diskoa beste batek, edo biak batera.

Beraz, aurrekoan biniloak ondo funtzionatu zuela esan daiteke?

Artola: Gaur egun musika nola kontsumitzen den ikusita, oso zaila da fisikoki ondo funtzionatzea, baina guri beharrezkoa iruditzen zaigu musika fisikoki kontsumitzea, bai etxean, kotxean edo edozein lekuan, plataforma digitaletik kanpo. Horrez gain, biniloa edo diskoa fisikoki eskuetan edukitzea iruditzen zaigu taldeak egindako lanari garrantzia ematea dela.

Gascon: Baita guretzat ere. Zuk zeuk zure disko bat eskuetan izatea sekulakoa da. Gogoan dut lehen diskoa kaleratu genuenean hori niretzat amets bat betetzea izan zela. Gainera, biniloak badu gauza oso indartsu bat, zure musika saltzeaz gain, nostalgia puntu bat ere saltzen duzu. Izan ere, biniloak soinu berezi bat du, zikinagoa da, baina beste zentzu batzuetan garbiagoa. Guk binilo fasean, biniloak entzuteko makina erosi genuen, binilo pila bat erosi izan ditugu, eta kontzertu bat ikustera joan eta diskoa erosi aurretik biniloa erosi izan dugu. Beraz, guk formatu fisikoko kontsumitzaile bezala kotxean biniloa entzun ezin dugunez, diskoa ere kaleratu dugu. Hala ere etxerako nik beti nahiago izaten dut biniloa, deigarriagoa iruditzen zaidalako eta eskuetan izateko askoz gehigarriagoa iruditzen zaidalako. Besterik gabe, gehiago gustatzen zaigulako.

Lan berria hiru etapatan grabatu duzue. Zer dela eta?

Gascon: Guk bagenekien aurten zerbait grabatu nahi genuela baina ez geneukan ezer. Urtero zerbait kaleratu dugu, eta aurten ere zerbait grabatu nahi genuen, baina Victorrek estudioan tokirik ez zuela esan zigun, ez zegoen datarik. Beraz, horrek Elkar diskoetxeari beste proposamen bat egiteko behartu gintuen. Denborarekin genbiltzanez, hiru etapatan egiteko proposamena bota genion diskoetxeari eta denbora edukita ere, presio handia izan dugu. Kanta batzuk estudiora joan aurreko egunean sortu ditugu, eta agian gehien gustatzen zaizkigun kantuak horiek dira. Presiopean funtzionatu dugula jakitea oso interesgarria izan da.

Artola: Sormen prozesua zailagoa izan da. Beste diskoetan ez bezala, gu bion artean tentsio gehiago egon delako kantak sortzeko garaian. Besteetan kantak nahiko erraz sortzen genituen, agian ordura arte soinua zehaztu gabe genuelako. Musika estiloa ez duzunean zehaztuta, errazago ateratzen zaizkizu kantak. Behin kontzertu batzuk emanda, eta kanta batzuk sortuak dituzunean, nibel hori nolabait mantendu egin nahi duzu, eta horretan ere hobetu egin nahi genuen. Kanta batzuk sortzea infernua izan da.  Nola edo hala aurrera atera beharra genituen, eta azkenean, atera egin ditugu.

Gascon: Horrek balio oso polita du, oso espontaneoa delako, oso momentukoa. Gure kantak zuzenean ez dira diskoan entzuten dituzun zehatzak, eta horrek ere balio bat du. Normalean, zuzenean gogorragoak izaten gara, azkarragoak, beste forma bat ematen diegu. Estudiora hain irekiak eramaten genituenez kantuak, grabatzean hiltzen zirenaren sentsazioa izaten nuen. Izan ere, kantua grabatzen duzun unean hil egiten da eta ezin duzu eraldatu, hori baita betiko geratuko dena. Gero, zuzenean, parte bat aldatu edo beste zerbait gehitu arren, kantua grabatzen den unean hil egiten da, eta horrek beldur handia ematen du. Denbora asko pasa duzu borrokan kantu bat egiteko, nahiz eta aurreko egunean sortu, lau edo bost maketa desberdinetatik pasa da.

Artola: Beste diskoetan grabatuta geratu diren kantuei, zuzenean indar gehiago ematen saiatzen gara. Kasu honetan, kontrakoa egin dugu, hain gogorra eta indartsua da diskoa, eta hain produzituta dago, non asko kostatzen ari zaigula zuzenera eramatea. 

Prozesua luzea izan arren, nola baloratzen duzue?

Gascon: Orokorrean, aurreko esperientziak baino betegarriagoa eta interesgarriagoa izan da. Besteetan lan asko egiten dugu, eta lan guztien estiloa definitzeko denbora gehiegi pasatu dugu, gero bi egunetan dena grabatu ahal izateko. Orain margen handiagoa izan dugu, esaterako, aurreko kanta bat ez bazitzaigun gustatu edo gaizki zegoen zerbait ikusi bagenuen hori aldatzeko edo konpontzeko aukera genuen.

Artola: Bestetan grabatu duguna horrela geratu da eta listo. Eta, oraingo honetan, hiru etapatan grabatu dugunez, martxoan grabatu genuen kanta bat gero ekainean letra bat aldatzeko aukera izan dugu.

Bost urte bete dira Habi sortu zenetik. Zein balorazio egiten duzue?

Artola: Musika sortzen jarraitzen dugu, kontzertuak egiten jarraitzen dugu, egiten duguna jendeari gustatzen zaio, gure inguruak disfrutatzen du, proiektu autosufizientea da, lagun asko egin ditugu, jende asko ezagutu dugu, Euskal Herriko musika eszenan sartu gara nolabait, eta eszenan ez bageunden sekula ezagutuko ez genituen talde asko ezagutu ditugu. Orokorrean, balorazioa oso ona egiten dugu.

Gascon: Zorte handia izan dugu, baina asko borrokatu dugulako ere izan da hori. Gure txikitasunean edo inguruan ezagun gara. Ez gara beste talde batzuetatik sortu, eta ez gara musikaz bizi, baina zorte handiz esan dezakegu gaur egun Elkar diskoetxearekin kontratu diskografiko bat dugula, eta Bidean Produkzio etxearekin egiten dugula lan. Hori ez da inongo momentuan gure helburua izan, horrek lana eta denbora eskatuko ligukeelako eta guk ez daukagu hori egiteko denborarik. Beraz, babestu gaituzten proiektu handiagoak inguruan izatea, gure lana bultzatzen lasai egoteko aukera bat da.

Artola: Urtero lan berri bat kaleratzea ez da ohikoa izaten, eta guk horretarako zortea izaten dugu, baina noiz atera aukeratzeko ere. Hala ere, euskal musikan zorte hori denek daukate. Kontzertu gehiago beharko bagenitu ate joka hasiz gero, lortuko genituzke. Ez da gure beharra, guk aukeratzen dugu nondik jo, eta hori baino gauza hoberik ez dago.

Gascon: Hori puntu oso garrantzitsu bat da eta horri esker, gaur hemen gaude, disko berri batekin, lasai. Pozik gaude inguruan jendea dugulako eta horrek lasaitasuna ematen digu.

Lan berria atzo aurkeztu zenuten lehenengoz Arrasaten, eta gaur Ondarroan izango zarete. Zein beste data dituzue?

Artola: Abenduaren 15ean Lazkaoko Malantza tabernan izango gara; abenduaren 22an Donostiako Dabadaban, Letagin taldearekin batera; urtarrilaren 26an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Liherrekin batera; otsailaren 6an Gernikako Astran, Sara Zozayarekin batera; otsailaren 23an Amorrioko Burubio kultur elkartean; otsailaren 24an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Cala Ventorekin batera; eta martxoaren 9an, berriz, Bermeoko Nuntxakun, Etxekalterekin batera.

Aurrera begira zein beste erronka dituzue?

Artola: Aurreko diskoekin ez ditugu kontzertu asko jo. Askotan sentsazio hori izan dugu; hau da, disko bat atera eta ez dugula behar bezala aurkeztu. Honekin, 2024. urtean ahal ditugun kontzertu gehien emateko helburua ezarri dugu. Musika aldetik, elektronika toke batzuk atera nahiko genituzke.

Beraz, Habi taldeak etorkizunean, elektronikara egingo du salto?

Gascon: Gerta ez daitekeen zerbaiten spoiler-a da, baina egia da buruan proiektu oso indartsu bat daukagula. Oraindik ezinezkoa da martxan jartzea, disko berria kaleratu berri dugulako, eta orain gure helburua honi ahalik eta indar handiena ematea da. Disko honekin daukagun helburua ondo eta lasai aurkeztea da, baita Euskal Herritik kanpo ere. Gure musikak beste toki batzuk ezagutzea eta gu horietan ezagutzea interesgarria da. Musika jaialdi batean jotzea ez litzateke txarra izango, puntu polit bat izan daiteke. Gero, agian, eszenatokirik okerrena izan daiteke ez daukazulako denborarik ezer egiteko, baina esperientzia hori bizitzea izugarria izan behar du taldea noraino iritsi daitekeen ikusteko edo zer egiteko gai garen jakiteko. Hala ere, ez dakigu datorren urtean zer egingo dugun, baina helburu bezala hori izatea interesgarria iruditzen zaigu.

Beste publiko mota batera iristeko aukera ona izan daiteke.

Artola: Bai. Oraingo honetan, kontzertu gehienak beste talde batzuekin eskainiko ditugu, eta horrek ere aukera ematen digu beste taldea ikustera doan horrek gu ere ezagutzeko. Talde oso garrantzitsuekin joko dugu; besteak beste, Liher, Sara Zozaya, Cala Vento. Izen indartsuak dira, eta hor egotea ere izugarria izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!