Nola baloratzen dituzue udal hauteskundeetako emaitzak?
Guk hauteskundeak ulertu genituen herritarrek egindako balorazio gisa, aurreko lau urteetan egindako lanaren balorazio bezala eta emaitza ona atera genuela esango nuke. Pozik gaude zinegotzi bat gehiago lortu genuelako. Herriari garrantzi handia ematen diogu guk EH Bildun eta gurea zen erabat herritarrez osatutako hautagaitza bakarra. Uste dut maiatzean hori baloratu zuela jendeak.
Taldekide berriak daude zuen udal taldean eta baita oposizioan ere. Nola ari zarete moldatzen?
Aurreko agintalditik gure taldetik lauk jarraitzen dugu eta iruditzen zaigu oinarri polita dela aurrera jarraitzeko. Beste lau zinegotzi berriek esperientzia eta gaztetasuna ekarriko diote gure taldeari. Jende prestua da, bakoitza bere arloan lanean aritzeko gogotsu dagoena. Oposizioko kideekin harreman justukoa daukagu, batzordeetan eta osoko bilkuretan izaten duguna. Alderdi sozialistako ordezkaria herritarra da eta herriko errealitatea ezagutzen du baina zinegotzi jeltzaleak, ordea, denak Amasa-Villabonatik kanpokoak dira. Gu irekita gaude euren ekarpenak jasotzeko eta proposamen guztiak ongietorriak izango dira. EAJko kideetako batek %60ko liberazioa du eta jarraipena egiten die udaleko gaiei.
Larrea auzoko parkea estaltzen hasi zarete. 2014an erabakitako proiektua orain gauzatuko duzue.
Buruhauste handiak eman dizkigu proiektu horrek baina aurki errealitate bihurtuko da, espero dugu abendurako lanak bukatuta egotea. Bazen garaia. 2014an herritarrekin egindako parte hartze prozesuan erabakitako proiektua izan zen eta guretzako beti izan da lehentasuna. EAJk ez du behin ere begi onez ikusi proiektua eta udal gobernuan egon zen bitartean tiraderan gorde zuen. Guk berreskuratu egin dugu asmoa eta aurreko agintaldian esleipena martxan jartzea lortu genuen hainbat oztopo gainditu eta gero.
Aurreko agintaldian egindako parte hartze prozesuan Olaederra ondoko lursailean bolatoki estalia eta padel pistak egiteko proiektua egitea erabaki zuten herritarrek. Ez zen gauzatu egitasmoa. Datozen lau urteetan egitea aurreikusten duzue?
Hori da gure asmoa, baina horretarako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra desblokeatu beharko dugu. Plan Orokorra publikatu zenetik herriko gune batzuk uholde arriskua dutelako blokeatuta daude, eta bertan ezin da inongo jarduketarik egin. Planean aldaketa egiteko esleipena egina dugu eta espero dugu urte bukaera baino lehen hastea lanketa horrekin. Luze jotzen duten kontuak dira, eta ez dakigu astirik izango dugun agintaldi honetan amaitzeko. Gure asmoa pausoak ematen joatea da eta horretarako behar beharrezkoa da HAPOA aldatzea, bestela herri osoan ia ez dugu eraikigarria den gunerik izango.
Ezta etxebizitza berriak egiteko ere?
Ezta ere. Villabona, haztekotan, Sacemgo bide aldera hazi behar da baina lur horiek ere HAPOAn blokeatuta daude, eta esaten digutenez, ez da hain erraza izango gune hori desblokeatzea. Irtenbide bat eman behar diogu eremu horri. Astigarraga bezalako herrietan lortu dute eta guk ere espero dugu aurrera ateratzea. Bien bitartean, lanak aurreratu nahi ditugu. Aurreko agintaldian, Graficas Leizaola zenaren eraikina erosi genuen eta 2024an eraitsi egingo dugu.
Etxebizitza beharrari erantzuteko neurririk hartuko al duzue bien bitartean?
Aurreko agintaldian herrian dauden etxebizitza hutsen azterketa bat egin genuen eta 300 baino gehiago azaldu zaizkigu. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin nahi genuke eurek dauzkaten programen bitartez, etxe jabeekin harremanetan jarri eta gehientsuenak merkaturatzeko, ahal dela alokairu bitartez. Falta izugarria dago herrian eta egoera larria da. Gaur gaurkoz eraikinen behe-barruetan dauden lokalak etxebizitza bezala egokitzeko aukerarik ez dago eta azterketa hori ere egin nahi genuke, modu horretara aukera gehiago sortzeko.
Aurreko agintaldiko zein beste lorpen azpimarratuko zenuke?
Parkea estaltzearen proiektuaz oso harro gaude. Aurreko lau urteak ez ziren errazak izan, pandemia tarteko. Herritarren alboan egoten egin dugu ahaleginik handiena eta hobekuntza batzuk egin ahal izan ditugu. Altzin kaleko aparkalekuak egokitu ditugu, adibidez, kotxe gehiagorentzako tokia eginez.
Uste duzu aparkalekua dela herrian duzuen arazo nagusietako bat?
Bai, behar handia dago eta herriko merkatariek ere horrela adierazten digute. Malkar plaza azpiko aparkalekuetan parking publiko bat egiteko aukera aztertu dugu behin baino gehiagotan, baina horretarako, ezertan hasi aurretik, egokitzapen lanak egin behar dira bertan, hezetasunagatik oso egoera kaxkarrean baitago lurrazpiko aparkalekua. Horrekin batera, Txermin auzoko aparkalekua ere moldatuko dugu. Lanak datorren urtean hasi nahi ditugu. Kotxe gehiago aparkatzeko tokia egingo dugu eta kamioiak modu ordenatuan uzteko toki bat egokituko dugu. Aztertuko dugu, baita ere, autokarabanentzat txokoren bat egin edo ez. Argiztapena hobetu eta txukundu egingo dugu eremu hori.
Aldi berean, Txermin auzoa eraberritzeko aukeraz hitz egin zenuten. Asmo horrekin jarraitzen duzue?
Bai. Gure sentsazioa da herriko bizitza guztia erdigunean kontzentratzen ari dela, Kale Berrian eta Kale Nagusian batez ere, elizatik Iru Aldeta pareraino. Hortik aparte bi muturretan dauden auzoetan geroz eta bizitza gutxiago dagoela iruditzen zaigu eta horri esku frenoa jarri nahi genioke. Txermin auzoa irisgarriagoa egiteko asmoa dugu eta horretarako auzotarrekin parte hartze prozesu bat jarriko dugu martxan. Nolako auzoa nahi duten galdetuko diegu bertan bizi direnei. Agian oinezkoentzat bakarrik gordetako kaleren bat behar da edo erdigune horretan dagoen plazari beste erabilpen bat eman. Ikusiko dugu. Auzotarrek erabakiko dute. Beste muturrean dagoen Etxeondo auzoan ere lanak egingo ditugu. Dagoeneko aurrekontuan gorde dugu diru sail bat horretarako.
Amasa da herrian duen beste gune garrantzitsuenetakoa. Bertako bizilagunek firma bilketa egin dute ostatua zabaltzeko. Zein da Iturrigoxo ez irekitzeko arrazoia?
Udalaren funtzionamenduak atzeratu du guztia. Ostatu horren kudeaketa lehiaketara ateratzeko baldintza pleguak prestatu behar ditugu eta eskutatik lana ezin atera gabiltza. Etxe barruko makinaria gabezia askokin izan dugu azkenaldian. Dena den udal gobernutik ulertzen ditugu amasarren eskaerak. Festetan auzotarrei eman diegu taberna zabaltzeko baimena eta ikusi besterik ez dago zein bizitasun eman dion herriari zerbitzu hori irekita egoteak. Ahaleginak egingo ditugu lehiaketa lehenbailehen deitzeko.
Amasako bizilagunen beste eskaeretako bat oinezkoentzat bidea egokitzea da.
Bai. Orain Villabonatik Amasarako bidean, herri sarrerako gune horietan lanak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak oinezkoentzat bide bat zabaltzeko, oso arriskutsu baitago eremu hori. Baina dena den, auzotarrek eta guk geuk ere behin baino gehiagotan esan dugu, ez bakarrik gune hori, Amasara doan errepidea ere moldatu beharra dagoela. Aldundiarena da errepidea eta eskatu izan diegu bidea zabaltzeko. Hori eginez gero, guk konpromisoa hartzeko prest agertu izan gara, espaloiak eta bestelakoak egokitzeko. Oraingoz ez dugu adostasunik topatu eta epe motzean bilera gehiago egingo ditugu formula egoki baten bila. Izan ere, arriskutsu dago errepidea eta zerbait egin beharra dago. Hiru istripu pasa dira azkeneko urtebetean. Oinez, haur karroarekin edo gurpildun aulkiarekin ibili nahi duenak ezin du Amasara igo. Gora eta behera jende asko ibiltzen da eta herritar horien segutasuna bermatu behar dugu.
Herrian beste azpiegituraren bat falta al duzue?
Askotan aipatu izan dugu kulturgune bat falta zaigula. Kultur etxea musika eskolakoek erabiltzen dute nagusiki, eta xake elkartekoek eta abesbatzakoek ere erabiltzen dute. Kultur ikastaroak eta ekimen guztiak leku bakar batean biltzeko toki bat izatea zoragarria izango litzateke, baina oraingoz ez dugu aurreikusten horrelakorik. Hori bai, liburutegia berritzeko asmoarekin aurrera goaz. Guk prestatutako aurre-proiektuari aldaketa txiki batzuk egin zaizkio eta erredakzio fasean dago proiektua une honetan. Gure asmoa da datorren ekainean lanekin hastea. Sei bat hilabete iraungo lukete eta tarte horretan behintzat mailegu zerbitzua mantendu nahi genuke. Badakigu horrelako lanek eragozpenak sortzen dituela, baina mereziko du emaitzak. 30 urtetik gora du liburutegiak eta urte guzti hauetan ez zaizkio egokitzapenak egin, igual-igual dago.
Kiroldegiak zama handia suposatzen al dio udalari?
Bai, dezentekoa. Momentu honetan kiroldegia kudeatzen duen enpresak kontratua eten du, baino nahitaezko luzapenean gaude, behartuta baitaude zerbitzua ematera. Une honetan kiroldegiko galera guztiak udalak ordaintzen ditu eta diru asko da. Udalak berriro ere aterako du lehiaketara Olaederraren kudeaketa eta ez da erraza izango. Gaur egun bi enpresa nagusiren artean banatzen dira esleipen gehienak eta badakigu zenbait herritan beste eredu batzuk aztertzen hasiak direla. Parte hartze publikoa handiagoko formula berriak topatzen saiatuko gara eta jarriko gara harremanetan eredu hori lantzen ari diren herriekin.
Energia aldetik baduzue asmo berezirik?
Energia plana zehaztuta daukagu 2030 begira. Farola zaharrak kendu eta led argiztapena jartzen jarraituko dugu falta diren auzoetan. Kiroldegiko teilatuan ere eguzki plakak jarri nahi ditugu eta Arroan dagoen eskolako teilatuan ere bai. Udal eraikinetan ere hobekuntzak egin nahi ditugu efizientzia energetikoa hobetzeko. Plan hori gauzatzen joan nahi dugu.
Feminismoari garrantzia eman nahi diozue udal taldean?
Bai. Hemendik gutxira berdintasun mahaia sortu nahi dugu. Herriko talde feministak prest daude parte hartzeko eta gizarte zerbitzuetako teknikari batek ere parte hartuko du bertan. Euskararen Ados mahaia edo hezkuntzarena dauden bezala, berdintasunezko gaiak jorratzeko sortuko dugu beste hau, eta erabakitzeko ahalmena izango du. Iraunkorra eta irekia izango da. Bestalde, gurea bezalako herri txikiek ez dugu berdintasun teknikaririk izateko ahalmenik, baina agintaldi honetan aztertu nahi genuke Aiztondo mailan, herri ezberdinei zerbitzu emango dien lanpostu bat sortzeko aukera.
Zaintzaren arloan aurreko agintaldiko esperientzia duzue hor, Elkartasun Sarearena. Nola baloratzen duzue udal taldetik?
Oso positiboki. Ikaragarria da boluntarioek egiten duten lana eta haiei esker Amasa-Villabonan ez dago inor gosea pasatzen. Egunero banatzen dute janaria eta astearte eta ostegunetan arropa ere bai. Eguberrietarako jostailu banaketarekin hasiko dira aurki eta herritarren parte hartzea handia da. Oso aberatsa da herriarentzat Elkartasun Sarea hor edukitzea. Nahiago genuke beharrik ez edukitzea, baina zoritxarrez egon badago eta soluziobide bat emateko herritarrak nola elkartzen diren ikustea oso polita da.
Zer esango zenieke herritarrei?
Udaletxeko ateak zabalik dauzkate nahi dutenean etortzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzen dituzten gauza piloagatik, horrek ahalbidetzen baitu herria bizirik mantentzea. Mugimendu handia dago Amasa-Villabonan eta gu udaletik beti ondoan egongo gara laguntzeko prest. Gure eskutan dagoena egingo dugu. Txintxo eta jator jarrai dezatela.