Berritasunekin dator Amasako Mendi Duatloia

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 18a, 07:59

Amasako Mendi Duatloia 30. urteurrenera iritsi da, eta aurtengoan berritasunarekin dator. Azken urteotan hiru zati izaten ziren, lehenengoa eta hirugarrena korrika eta erdikoa bizikletan. Aurtengoan bi zati izango dira, eta lehenengoa korrika egingo dute eta bigarrena bizikletan.

«Uste dugu antolakuntza aldetik zein parte hartzaileentzat egokiagoa dela horrela. Hasieran horrela egiten zen, eta berriro horren aldeko apustua egin dugu», azaldu du Eneko Gurrutxaga antolakuntzako kideak.

Korrikako zatiak ia 7 kilometro ditu eta bizikletan egin beharrekoak 17 kilometro pasatxo. Larunbatean, urriaren 21ean, egingo da, eta helduen proba 16:00etan hasiko da. Bertan 14 urtetik aurrerakoek parte hartu ahal dute. Haurren proba ere egingo da, eta hori 12:00etan izango da, eta bertan 14 urtetik beherakoek parte hartuko dute. Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena eta epea ostiral gauean amaitzen da. Egunean bertan ere izena eman daiteke, ordubete lehenago.

Atzo arratsalderako 11 parte hartzaile zeuden bakarkako modalitatean parte hartzeko, eta 8 bikoteka aritzeko. «Ohitura dugu berandu izena emateko. Jendeak badaki lekua izango dela eta azken momentura arte itxaroten du izena emateko», zehaztu du Gurrutxagak. «Aurten Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituan ez da ari jende asko parte hartzen. Kopuru handiena 70 parte hartzaile ingurukoa izan da izan da; ea gurean gehiago animatzen diren».

Mendi duatloietan lehenengotakoa izan zen Amasakoa. «Hasieran biatloia deitu zitzaiola uste dut, eta ondoren mendi biatloia, egungo izena hartu aurretik», ekarri du gogora Gurrutxagak. «Hasieran gazte batzuk hasi ziren antolatzen, gero beste batzuk sartu ginen, eta espero dugu gerora beste batzuk jarraituko dutela zeregin horretan».

Gurrutxaga berak ere parte hartzen du proban, eta baita zirkuituko besteetan ere. «Aurten Josu Urrestarazu dabil iazko tankeran, eta lehenengo lau probak irabazi zituen; gero egun txar bat ere izan zuen», azaldu du. «Unai Mateos berarengatik gertu dabil, eta aurten Kataluniako ezagun batzuk badatoz, eta horien artean Xavier Madrona oso indartsu aritzen da. Uste dut hiru horien artean borroka polita izango dela. Etxeko proba izanik, saiatuko naiz horiei estutzen, baina uste dut indarrez ez nagoela egun beraien pare».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!