Datorren urterako ordenantza fiskalak onartu dituzte

Ataria 2023ko urr. 12a, 18:00

Asteartean egindako ez ohiko osoko bilkuran 2024. urterako ordenantza fiskalak onartu zituen Amasa- Villabonako udalbatzak EH Bilduk gidatutako udal gobernuaren babesarekin eta EAJ eta PSE-EE taldeen abstentzioekin.

Amasa-Villabonako Udalak 2024. urterako ordenantza fiskalak onartu ditu. Ordenantza honen bidez, datorren urtean udalak jasoko dituen zergak eta tasen balioak zehaztu dituzte. EH Bilduren babesarekin eta PSE-EE eta EAJren abstentzioarekin onartu dira tasa berriak.

  • %1,9ko igoera orokorra udal zerga eta tasetan
    • 2024rako ordenantza fiskalen daturik esanguratsuena udal tasen eta zergen %1,9ko igoera orokorra da, hau da, 2023ko urtarrila eta abuztua bitarteko KPIaren batez bestekoa baino %0,8 baxuagoa.
  • Hiri Ondasun Higiezinen gaineko zerga %0,1ean igoko da
    • Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga honen kopuruak kalkulatzeko erabiltzen dituen etxebizitzen balio katastralak %2,5ean eguneratzeko (igotzeko) asmoa duela kontuan izan du udalak. Neurri honen ondorioz, bataz beste, zerga honen %1,8ko igoera izango dute herritarrek eta horregatik udalak 2024. urterako ordenantza fiskaletan zerga hau ia bere horretan uztea erabaki du.
  • Olaederra kiroldegiko prezioak izoztua mantenduko dira
    • Kirol instalazioetarako sarbidea erraztu nahi die udalak Amasa-Villabonako herritarrei. Beraz, horretarako, Olaederra Kiroldegiko tasak (hileko bazkide kuotak, sarrerak, jardueren matrikulak...) aldaketarik gabe mantenduko dira 2024 urtean.
  • Hondakinen kudeaketarako tasa: %5eko igoera etxeetan, eta izoztuta merkataritza eta ostalaritzan
    • Hondakin bilketaren tasari dagokionean %5eko igoera aplikatuko zaie etxebizitzei, industria enpresei eta bankuei. Udal ordezkariek esan dute hondakinak kudeatzeko Amasa-Villabonako herritarrek ordaintzen duten udal tasa Tolosaldeko baxuenetarikoa izaten jarraituko duela: "Amasa-Villabonako etxebizitza bakoitzak 26,25 euro ordaindu beharko ditu hiru hilero. Adibidez, Tolosan, Asteasun edo Ibarran 35 eurotik gora ordaintzen dute". Udalak merkataritza eta ostalaritza establezimenduei ez die igoerarik aplikatuko hondakinen bilketaren tasan, tasa hau izoztuta mantenduko da, "sektore hau herriarentzat oso garrantzitsua delako".
  • Hiri Ondasun Higiezinen gaineko zerga: etxebizitza hutsen errekargua %100era igoko da
    • Neurri honekin udalerrian hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea sustatu nahi du udalak. Amasa-Villabonan etxebizitzaren merkatuarekin "arazo larria" dagoela uste dute udal ordezkariek: "Etxebizitza duina izatea eskubidea den arren, herritar askok (batez ere gazteek) sekulako zailtasunak dituzte etxebizitza eskaintza faltagatik, alokairurik ez delako aurkitzen, dauden aukera apurretan prezioak izugarri garestiak direlako... Beraz, egoera honetan onartezina da gure herrian 330 etxebizitzatik gora hutsik egotea". Zerga igoera honekin, udalak etxebizitza horien jabeak bultzatu nahi ditu etxebizitza horiek merkatura ateratzea (gehien bat alokairu merkatura).
  • Gainbalioa edo hiri lurren balio gehikuntzaren zergaren karga tasa
    • %10etik %15era igoko da 2024an. Karga tasa hau %30ekoa izan daiteke gehienez.
  • Hobariak bere horretan mantenduko dira, aldaketa txiki batzuekin
    • Amasa-Villabonako Udalak indarrean zituen zerga eta tasen hobari guztiak mantendu egin ditu, hiru aldaketa puntual baino ez dira ezarriko dira 2024. urtean:
      • Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga: 2024 urtean auto hibridoentzako hobaria %50ekoa izango da, lehen %75ekoa zenean. Bestalde, 30 urtetik gora dituzten auto historikoen jabeentzako hobariak %100etik %50era jaistea erabaki du udalak. Horrela, hobari hau inguruko herrietako berbera izango da.
      • Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga: %50eko hobari berria ezarriko da babes publikoko etxebizitzetako obretarako. Hobari honen helburua herrian etxebizitza eskuragarrien garapena eta sarbidea sustatzea izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!