Herriko pertsona helduenak omendu dituzte Amasa-Villabonan

Leyre Carrasco 2023ko urr. 1a, 15:14

Adinekoen Nazioarteko Eguna da gaur. Amasa-Villabonako Udalak egunarekin bat egin eta herriko 15 pertsona helduenak omendu ditu udaletxeko batzar aretoan.

Herriko 100 urtetik gorako pertsonei omenaldia egiteko ohitura izaten dute Amasa-Villabonan. Aurten, Adinekoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, herriko hamabost pertsona zaharrenak omendu dituzte goizean udaletxeko batzar aretoan, herriaren alde egin duten ekarpena goraipatuz eta balorean jarriz.

«Momentu honetan, 100 urtetik gorako bi pertsona ditugu herrian; bata 102 urtekoa, eta bestea aurten bete berri dituen 100 urtekoa. Honi buelta bat eman nahi genion, eta azkenean, herriko 15 pertsona helduenak omenduko ditugu», azaldu du Beatriz Unzue alkateak. Gauzak honela, 1924. urtean jaiotakoak eta 1926. urtean jaiotakoak omendu dituzte.

Horiek izan dira, hain zuzen, Miren Ibarguren, Pedro Iribar, Mª Angeles Beraza, Jose Ignacio Yarza, Mª Angeles Quintana, Elisa Mendizabal, Mª Rosario Sarasola, Teodoro Mugica, Justina Salas, Mª Dolores Arrizabalaga, Lidia Alonso, Carolina Gonzalez, Mª Cruz Aramendia, Maria Roteta eta Ramona Altuna. Omenduek senide eta lagunak izan dituzte aldamenean.

Herriaren aldeko ekarpena balorean jarriz

Unzuek adierazi bezala, «herriaren eboluzioa lehen pertsonan bizi izan duzue, Amasa-Villabonaren aldaketa nagusien testigu izan zarete, eta ondorioz, gure herriaren historiaren lekuko zuzenak: 1936ko altxamendu faxista eta gerra krudela, gerraosteko gosea eta miseriak, frankismoaren zapalketa ugariak, industrializazio garaiak, eta horren eraginez, herriak izandako hazkunde azkarra, 1980-1990ko krisi ekonomikoak eta langabezia, herri honetako gatazka politikoaren ondorioak, XXI. mendearekin etorritako teknologia berriak eta abar luze bat».

«Dena den, ez zarete historiaren testigu hutsak izan, ez zarete geldirik gertatzen dena ikusten egon. Zuetako asko gure herria aberastu duten hainbat eta hainbat proiektu, ekimen eta ekintzetako protagonistak zuzenak izan zarete», gehitu du alkateak. Modu batera edo bestera, guztiek egin diote ezinbesteko ekarpena herriari, eta hori da Udalak goraipatu eta balorean jarri nahi izan duena gaurko ekitaldian.

Ekitaldiaren ostean, agurra dantzatu diete eta mokadutxoa jateko aukera ere izan dute udaletxeko atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!