Reala eta Athletic bertsotan ariko dira elkarren aurka Gurean

Ataria 2023ko irailaren 28a

Bertso derbia izango da larunbatean, hilaren 30ean, Villabonako Gurea aretoan, 12:30ean hasita; sei bertsolari ariko dira eta Amaia Agirre izango da gai jartzailea; sarrera doakoa izango da.

Bertso saio bereziaz gozatzeko aukera izango da larunbatean Villabonako Gurea antzokian. Izan ere, Lanku Kultur Zerbitzuak, Real Sociedad Fundazioaren eta Athletic Club Fundazioaren laguntzarekin eta Amasa-Villabonako Udalaren eta Harituz bertsozale taldearen babesarekin antolatuta, talde txuriurdinaren eta zurigorriaren aldeko bertsolariak bilduko dituen Bertso derbia izango da.
 
2012. urteaz geroztik egiten duten ekimena da Bertso derbia, hain justu, Athletic Cluben eta Realaren arteko norgehiagokaren aurretik. Bada, larunbat gauean neurtuko dituzte euren indarrak bi taldeek, eta aurretik 12:30ean izango da bertso saioa.
 
Reala ordezkatuko duten bertsolariak Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Jexux Mari Irazu izango dira, eta Athletic ordezkatuko dutenak Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga eta Jon Maia. Gai jartzailea, berriz, Amaia Agirre izango da. Ohi bezala, euskal derbiarekin zerikusia duten gaien inguruan ariko dira bertsotan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapenak hartu behar dira aldez aurretik Villabona.eus edo Bertsoa.eus webguneetan. 
 
Marta Agirrezabala Lankuko kideak azaldu duenez, bertsolaritzak eta futbolak bazutelako antzekotasuna sortu zen ekimena: «biek dute taldetasuna, eta baita kiroltasun edo lehia sanoa ere». Ekimenak, beraz, giro oneko lehia sustatzea du helburu. Hainbat hirik eta herrik hartu dute Bertso derbia, eta oraingoan Villabonan izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!