Urteroko zita izan dute gaur mendi bizikleta zaleek, Amasa-Villabonan. Bosgarren edizioa izan du Irrintzi Elkarteak antolatzen duen BTT martxak. Partaidetza handia izan ohi duen proba izaten da; iaz, esaterako, 200 lagunek parte hartu zuten. Aurten, baina, eguraldia lagun izan badute ere, 89 izan dira irteeran. «Ez dakigu zein den arrazoia, akaso, beste herri batzuetan ere martxak antolatzen dituztelako», azaldu zuen astean zehar Borja Aranzabe elkarteko kideak.
Errebote plazan izan da irteera 9:00etan, eta festa giroa nagusi zen lehen ordutik. Herritar kuadrilla batek agurra egin dio kuadrillako lagun bati, eta bizikleta txiki batekin jarri dute irteeran. Haimar Zubeldia txirrindulariak, Frantziako Tourreko liderraren maillota jantzi dio, eta herritarrak eman dio hasiera probari, kuadrillakoen animo artean. Ondoren, atzetik joan dira probako 89 partaideak.
Plazan bertan amaituko dute txirrindulariek. Helmugarako ordu muga bat ezarri dute; 14:00ak baino lehen iritsi beharko dute parte hartzaileek. Martxa bat denez, ez dute denborarik hartuko, hau da, ez da lehiaketarik egongo. Mendi bizikletaren festa bat egitea da helburua. Lehiaketarik ez bada ere, behin martxa amaituta, zenbait zozketa egingo dituzte. Batetik, urkila bat zozkatuko dute; bestetik, martxaren babesleek emandako produktuak zozkatuko dituzte parte hartzaile guztien artean.
Bi ibilbide egon dira aukeran: luzea, 38 kilometrokoa, 1.300 metroko desnibel positiboarekin, eta motza, 28 kilometrokoa, 1.000 metroko desnibel positiboarekin. Villabona inguruan izan da ibilbidearen zati handiena, baina besteak beste, Irura, Elduain eta Berastegira ere helduko dira txirrindulariak.