Mendi bizikletaren elkargune izango da Amasa-Villabona

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 21a, 11:59

Irrintzi Elkarteak antolatuta, V. Amasa-Villabona BTT Martxa egingo dute, larunbatean, 09:00etan hasita; bi ibilbide egongo dira, 38 eta 28 kilometrokoak.

Larunbat honetan, irailak 23, mendi bizikletaren zale direnek, hitzordu handia dute Amasa-Villabonan. Bosgarren aldiz, mendi bizikleta martxa antolatu baitu Irrintzi Elkarteak. Errebote plazan izango da irteera 9:00etan, eta leku berean amaituko dute txirrindulariek. Helmugarako, baina, ordu muga bat ezarriko dute; 14:00ak baino lehen iritsi beharko dute parte hartzaileek. Borja Aranzabe Irrintziko kideak aurreratu duenez, martxa bat denez, ez dute denborarik hartuko, hau da, ez da lehiaketarik egongo. «Mendi bizikletaren festa bat egitea da helburua, zaletasuna bultzatzea, eta ez bizikletan ahalik eta azkarren ibili eta helmugara lehenbailehen iristea».

Bi ibilbide egongo dira aukeran: luzea, 38 kilometrokoa, 1.300 metroko desnibel positiboarekin, eta motza, 28 kilometrokoa, 1.000 metroko desnibel positiboarekin. Villabona inguruan izango da ibilbidearen zati handiena, baina besteak beste, Irura, Elduain eta Berastegira ere helduko dira txirrindulariak. «Ibilbide polita da, parte hartzaile guztiek gozatzeko modukoa. Mendi bizikletan hasiberriak diren horientzat oso egokia izan daiteke, baina forman egotea exijitzen du. Beste edizioetan izan dira sufritu izan dutenak, eta beraz, aurrez mendi bizikletan ibili izan denak gehiago gozatzen du. Ezinbestekoa da bizikleta bera ere ondo prestatuta eramatea eta gertatu daitezkeen matxurak konpontzeko prest egotea».

Lehiaketarik ez bada ere, behin martxa amaituta, zenbait zozketa egingo dituzte. Batetik, urkila bat zozkatuko dute igandea baino lehen izena eman zutenen artean; bestetik, martxaren babesleek emandako produktuak zozkatuko dituzte parte hartzaile guztien artean.

Orain arteko edizioetan parte hartzaile aldetik erantzun ona izan dutela adierazi du Aranzabek; iaz, esaterako, 200 lagunek parte hartu zuten. Aurten, ordea, gehiago kostatzen ari zaiela aitortu du. Oraingoz, 80k eman dute izena. «Ez dakigu zein den arrazoia, akaso, beste herri batzuetan ere martxak antolatzen dituztelako. Hala ere, gehienek azken astean ematen dute izena, eguraldi iragarpenaren zain egoten direlako». Dortsalak egunean bertan banatuko dituzte Errebote plazan, 8:00etatik aurrera. «Izen ematea gehienezko kopurura heltzen ez bada, egunean bertan izena emateko aukera ere egoten da. Hala ere, horrek eragina izaten du antolakuntzan, aurreikuspenekin jokatzea eskatzen duelako, eta erabakiak hartzea zailagoa delako».

Izen ematearen erritmoa apala izaten ari bada ere, mendiko bizikletarako zaletasuna geroz eta handiagoa dela nabarmendu du Aranzabek: «Jende gehiago dabil, teknologia aldetik erraztasunak handiagoak dira, eta mendiko bideetan ibiltzeko prestatutako bizikleta gehiago daude, baita elektrikoak ere. Hemen, gainera, aldapa asko, luzeak eta gogorrak ditugu, eta horrek aukera handiagoa ematen du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!