Sega txapelketa herrikoiarekin abiatu da Txakolin Eguna Amasan

Ataria 2023ko irailaren 16a

Amasako Uxo Toki elkarteak Txakolin Eguna antolatu du. Plazan txakolina dastatu aurretik Amasako belazeetan sega txapelketa herrikoia egin dute eta zortzi segalarik hartu dute parte. Luis Mari Otegik jantzi du txapela.

Uxo Toki elkarteak urtero Txakolin Eguna antolatzen du Amasan. Getariko izendapena duten txakolin ezberdinak dastatzeko aukera izaten da bertan, herritarrek prestatutako pintxoekin batera. Aurten, 28 upategitako txakolinak dastatu ahal izan dira. Jaia girotzeko DJ Markel aritu da musika jartzen.

Txakolin dastaketaren aurretik sega txapelketa herrikoiak deitu du bertaratutakoen arreta. Zortzi amasar aritu dira eta hiru txandatan banatuta 100 metro karratuko saila ebaki behar izan dute nazioarteko eran. Lau onenak finalera pasa dira eta 200 metroko saila ebaki behar izan dute. Hauxe izan da sailkapena:

  1. Luis Mari Otegi
  2. Mikel Arretxe
  3. Kepa Nazabal
  4. Joseba Otegi

Jendetza gerturatu da, eguraldia lagun, sega txapelketa herrikoia ikustera, eta ondoren, txakolina dastatzeko plazan bildu dira amasarrak eta bisitariak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!