Zabaldu dute Ahalduntze Bertso Eskola Feministan izen emateko epea

Ataria 2023ko irailaren 15a

Bi talde sortuko dira eta horietako bat Amasa-Villabonako Subijana etxean bilduko da, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan. Hilaren 29a baino lehen eman beharko da izena.

Ahalduntze Bertso Eskola Feministak bederatzigarren ikasturtea du eta urriaren 21ean hasiko ditu eskolak. Parte hartu nahi dutenek, irailaren 29rako eman beharko dute izena, Bertsozale Elkartean topatuko duten formularioa beteta.

Urriaren 21ean hasiko da ikasturtea. Hilean behin, larunbat goizez 10:00etatik 14:00etara izango dira saioak, urritik ekainera bitartean. Bi talde sortuko dira eta horietako bat Amasa-Villabonako Subijana etxean bilduko da, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza nagusian. Beste taldea Durangon bilduko da eta ikasturtean zehar bi taldeak batera biltzeko egunak ere jarriko dituzte.

Plazako bat-bateko jardunari begira trebatu nahi duten emakume* bertsolarientzat prestatu dute Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Matrikulak 150 euro balioko ditu eta izen emateko aukera izango da ikasturte osorako edo hiru hilabeteka. Informazio gehiago, 943 69 41 29 telefono zenbakian edo umorez@bertsozale.eus helbidean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!