Abenduaren 9ra arte luzatuko da kontsumo bonuen kanpaina berria

Ataria 2023ko ira. 13a, 18:00

Ostiraletik aurrera, 10 euroko 17.000 bonu jarriko dira salgai, aurrez kanpainan izena eman duten Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo 45 saltokitan erabiltzeko. Bonuak saltokietan bertan eskuratu ahal izango dira.

Amasa-Villabonako Udalak, Oria merkatari elkartearekin lankidetzan, kontsumo bonuen kanpaina berria jarriko du martxan irailaren 15etik abenduaren 9ra. Herritarrek erosketak herriko saltokietan egitea sustatu nahi dute udaletik, Beatriz Unzue alkateak nabarmendu duenez, "sektorea biziberritzeko helburuarekin". Guztira, 10 euroko 17.010 bonu jarriko dira salgai, aurrez izena eman duten 45 saltokietan erabiltzeko. Bonuak saltokietan bertan erosi beharko dira, irailaren 15etik aurrera.

Oria merkatari elkarteko lehendakari Garazi Dorronsorok adierazi duenez, establezimendu bakoitzak bere bonu propioak izango ditu, eta dendaren izenarekin egongo dira identifikatuta. Bonuak eskuratzeko baldintza bakarra 16 urte beteta edukitzea da, eta Dorronsorok esan duenez, "oraingoan ez da kontuan hartuko bezeroa zein herritakoa den". Beraz erositako establezimendu horretan bakarrik erabili ahal izango dira. Bonuak hirunaka erosi behar dira, eta gehienez ere, 9 eskuratu daitezke denda bakoitzean. Erosle bakoitzak, 3, 6 edo 9 bonu eros ditzake establezimenduko. Horrela, bonuak erosten dituenak 20 euro jarrita 3 bonu lortuko ditu (30 euro); 40 eurorekin 6 bonu jasoko ditu (60 euro); eta, aldiz, 60 eurorekin 9 bonu (90 euro). Amasa-Villabonako Udalak erosketa bonu bakoitza %33an lagunduko du diruz. Kanpaina berri honetarako udalak 62.000 euroko inbertsioa egin du.

"Tokiko saltoki horiek dira gure herriaren oinarri nagusietako bat. Herriko merkatariak dira gure izenez ezagutzen gaituztenak, kalitatezko produktuak eskaintzen dizkigutenak eta gure herriaren aberastasunari eta aniztasunari ekarpen handia egiten diotenak", esan du alkateak. Informazio guztia herritar guztiengana iristeko, kanpaina honen xehetasunak bilduz esku orria argitaratu eta datozen egunotan etxe guztietara banatuko dutela azaldu du Unzuek.

"Bonu hauek erosi eta erabiltzean, Amasa-Villabonaren etorkizunean eta herritarren ongizatean inbertitzen ari gara. Herri bizi-bizia nahi dugu eta horregatik herritar guztiak animatu nahi ditugu kanpaina berri honetan parte hartzera, eta batez ere, kanpaina amaitu ondoren ere, herrian kontsumitzen jarraitzera", esanez amaitu du Amasa-Villabonako alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!