ELKARRIZKETA

«Artearen bidez mila modu ditugu adierazteko»

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 17a, 07:59

Olaia Toral. I.G.LANDA

Sormenari helduta bizi da Olaia Toral (Villabona, 1991). Musikaria, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea da, eta urtea bukatu baino lehen disko bat grabatu nahi du, berak sortutako abestiekin. 

Harremanei eta pertsonei garrantzia ematen die Olaia Toralek, eta horietan oinarritutako bere bizipenetik abiatuta, hainbat arte mota baliatzen ditu espresiorako.

Nola murgildu zinen musikaren munduan?

Txikitatik egin dut musika. Txikitan abesbatzan aritzen nintzen, gero pianoa ikasi nuen, eta 13 urte ingururekin gitarra. Hortik aurrera abesten hasi nintzen, baina lotsa handiarekin. Lotsa hori askatzeko borrokan nabil oraindik. Kontzertuak ematen orain bost urte inguru hasi nintzen. Aukerak errebotez iritsi zaizkit, ni ez naiz bila joan. Esaterako, 13 urte nituela, gitarra irakasleak eskatu zidan kanta bat abesteko, eta gero, hortik abiatuta, maketa batean kolaboratu nuen. Ez dakit nola zabaldu zen maketa hori, eta kontzertu bat emateko aukera eskaini zidaten. Hasieran bertan behera uzten nituen emanaldiak, beldurra ematen zidalako.



Eta nolatan hasi zinen emanaldiekin?

Diseinu grafikoko ikasketak hasi nituenean 26 urterekin, pentsatu nuen unea zela alor guztiak desblokeatzeko, ez bakarrik diseinuarena, baita musikarena ere. Hor nuen arantza hori sartuta, eta hasi nintzen kontzertuak ematen Donostiako Buskers jaialdiaren aitzakian. Donostiako hainbat tabernatan kaleko artistek kontzertuak emateko aukera zen. Donostiako taberna dezentetan jo nuen, eta hortik aurrera deitu zidaten Tolosaldeko zenbait lekutik. Bertsioak egiten nituen; nik uste dut denok izaten dugula beldur hori gure abestiak jendearen aurrean eskaintzeko, jasoko dugun erantzunaren beldur gara. Beraz, bertsioak egiten egon naiz orain arte, batez ere euskaraz eta ingelesez, eta tarteka gazteleraz ere.

 

«Denok izaten dugu beldur hori gure abestiak jendearen aurrean eskaintzeko, erantzunaren beldur gara»



Kontzertuak emateko pauso hori eman zenuenean, beste segurtasun batekin sentitzen zinen, beraz.

Saiatzen naiz behintzat... Tokatu izan zait hainbat ekitalditan parte hartzea, eta asko gustatu zait hiletetan jotzea, eta horrek izan duen erantzuna. Sentitu dut funtzio bat duela, momentu horretan musika beharrezkoa dela. Egia esan, tabernetan baina gusturago sentitzen naiz momentu horietan abestuz. Jendeak galdetzen dit ea nolatan ausartzen naizen, ni lasai joaten naiz, hor bai sentitzen naizela seguruago.

Nola sortu zen hiletetan abestearena?

Aurrena senide batekin sortu zen, eta gero gertuko jendearekin. Galdetzen zidaten ea omenaldi batean abestuko ote nuen, eta horrela jarraitu zuen. Ez ditut asko egin, baina egin ditudan gutxi horietan gustura sentitu naiz, eta jarraituko nuke bide horretatik. Ni prest nago parte hartzeko, nahiago ditut horrelako momentuak taberna batean egotea baino. Hiletak geroz eta gehiago ateratzen ari dira elizetatik, eta omenaldi edo hileta alternatiboagoak egiten ari diren moduan, horrelako espazio libreetan, oso ondo txertatuko litzateke musika bertan; alegia, norbait abesten egotea. Euskal kanta tradizionalak, asko maite ditugun horiek, erabili daitezke momentu horietarako. Tradiziotik lan hori eginda dago. Mikel Laboak-eta egin zuten lan hori, eta hemen erabat finkatuta daude abesti horiek. Nik abestu dudan hileta eta omenaldietan beti bere abestiekin joan izan naiz: Txoriak txori, Martxa baten lehen notak,... Jendeak hori eskatzen dizu eta hori iristen zaio azkenean.

Musikak badu ahalmen hori, horrelako momentuetan emozioak bideratzekoa.

Azkenean nire proiektu guztietan badut pertsonekiko konexio hori. Musikan gustatzen zait momentu horietan abestea, oso pertsonala delako, eta barrura begirakoa. Zentzu hori ematen diot ere beste proiektuetan, diseinu grafikoan eta ilustrazioan. Egiten ditudan ilustrazio guztietan pertsonak ageri dira. Oparitzeko balio dute, eta askotan ez garenean ausartzen «maite zaitut» esaten, edo «eskerrik asko» esaten, ilustrazio bat oparitu daiteke, eta modu horretara sentimenduak adierazi. Azkenean, artea erabili daiteke hitzez esatea kostatzen zaigu hori adierazteko.



Nola bereizten duzu diseinu grafikoa eta ilustrazioa?

Diseinu grafikoa enpresei zuzenduta dago, nahiz eta hori ere pertsonaletik egitea gustatzen zaidan. Identitate grafiko bat sortzeko gustatzen zait pertsona horrekin aurrez aurre hitz egitea; izan ere, horrela gauza interesgarriak ateratzen dira. Bestea keinu bat egin nahi duen edozein pertsonari zuzendua dago. Desberdintasuna hor ikusten dut. Ilustrazioa normalean oparitzeko izaten denez, gehien lantzen dudan formatua telazko poltsak izaten dira, eta baita lamina moduko koadroak ere. Ilustrazio digitalak dira egiten ditudanak. Diseinu grafikora bideratzen dudana Eskuak izenarekin egiten dut, eta ilustraziora bideratutakoa Esan Artez markarekin jorratzen dut.

Esan daiteke, gaur egun, zure bizimodua hiru esparru horietatik bideratzen ari zarela.

Bai, hirurak egiten ditut. Diseinu grafikoa, ilustrazioa eta musika. Hala ere, hirurei ezin zaie energia berdina eskaini. Momentu batean zentratzen zara gehiago alor batean, orain tokatuko zaidan moduan musikarekin, disko bat grabatu nahi baitut. Beste alorrak ahaztu gabe, hirurak elkarrekin doazelako, baina energia banatzen joan behar dut.

Beraz, iritsi zaizu momentua zure abestiak disko batean biltzeko.

Orain bi aste Orexako Ostatuan aurkeztu nituen nire abestiak, lehen aldiz jendearen aurrean. Urte hauetan sortzen joan naizen abestiak dira. Konturatu nintzen abesti batek 18 urte dituela, beste batek 7 urte ditu, beste batek 3... Denbora honetan guztian adierazi nahi nuen hori dago jasota, eta abesti horiek pertsonen harremanetan oinarrituta daude; nik bizitu ditudanak, baina ez bakarrik bikote harremanak, baita lagun edo iloba harremanak ere.

Zortzi kantu dituzu prestatuta. Nola doa prozesua?

Abestietako bat hiletetarako dago prestatuta, eta Dolu izena du. Hori grabatuta dago, eta bideo bat dago zintzilikatuta Youtuben. Diskoa urtea amaitu baino lehen bukatu eta atera nahi dut. Zalantzak ditut zein estudiotan grabatuko dudan, baina, esan bezala, urtea bukatu baino lehen atera nahi dut. Gero ikusiko dut zuzeneko emanaldiak emango ditudan; baietz pentsatzen dut. Asmoa da diskoa grabatzea, jendeak bere etxean entzuteko. Disko fisikoa egiteaz gain, asmoa daukat abestiak Spotifyra igotzeko. Nik, gaur egun, Spotifyn entzuten dut musika, eta jendeak seguruena plataforma horretan entzungo duela, beraz asmoa badut bertara igotzeko.

'Dolu' abestiarekin bideoa egin duzu.

Abestia grabatu genuen estudio batean, baina oso intimoa izan zen, ni gitarra eta ahotsarekin, eta Maider Iñurrita billabonatarra biolinarekin. Diskoaren ideia da instrumentu gehiago sartzea. Doluren bideoa egin genuen Gorka Duran dantzari billabonatarrarekin, oso dantzari ona. Agurra abesti tradizionalaren moldaketa bat da, nota menorretara pasata eta hasierako beste zati bat du. Hemengo tradizioan agurra oso barneratuta daukagu horrelako momentuetarako.

Emanaldietara zer formatutan joan ohi zara?

Normalean nire gitarrarekin joaten naiz. Hori bai egiten zaidala gogorra, ni bakarrik izatea. Biolinista etortzen denean nirekin, lasaiago sentitzen naiz, eta soinua osoagoa da. Beraz, gustatzen zait biolinistarekin joatea.



Diskoan zer musika estilo entzungo dugu?

Gustatuko litzaidake akustikoan egitea, eta folketik gehiago popetik baino. Folkaren esanahia herriaren mezua da, eta kasu honetan nire mezua izango litzateke, baina soinu intimoa izatea nahiko nuke. Behin grabazioa egiterakoan ikusiko dugu zer ukitu ematen diogun. The Corrs eta The Cranberries taldeak dira nire influentzia nabarmenenak. Txikitatik entzun ditut folk talde horiek, eta hortik etorri zitzaidan biolinista batekin kontaktuan jartzeko gogoa. Nire influentziak horiek izanik, biolina asko gustatu izan zait, baina nik bibolina ez dudanez jotzen, bibolin jotzaile batekin jartzen naiz harremanetan. Diskoan ziur biolina izango dela. Euskal musikan nire influentzia nagusia Gorka Urbizu da.

Diskoak ateratzeak gero emanaldi gehiago izateko lagunduko du?

Buruan nuen disko bat grabatu nahi nuela noizbait, baina Orexan nire kantak aurkeztu nituenean jendearen aurrean, hor urgentzia bezala sartu zitzaidan, hau da, grabatu behar dudala, bai ala bai. Azkenean, bertsioak egiten dituzunean jendea ikustera etortzen zaizu, eta badaki gutxi gorabehera zer abesti abestuko dituzun, baina aldi berean pixka bat itsuan etortzen da. Disko bat badago, jendea etortzen da disko hori entzunda, eta badaki zer egongo den. Beraz, zure publikoa etorriko litzateke. Eta horrek konfiantza emango lidake nire kantekin aurrera jarraitzeko.

Zer-nolako harrera izan zuen Orexako kontzertuak?

Oso harrera ona izan zuen, baina ni oso urduri nengoen, bai aurretik, bai jotzen nuen bitartean, eta baita ondoren ere. Urduri amaitu nuen. Hurrengoan ere horrela pasa behar badut... Horregatik grabatu nahi dut diskoa, jendeak entzuteko, eta gero etorriko diren entzuleak horiek izango dira.

Musikari bezala bidea egitea ez da erraza, ezta?

Ni ez naiz inoiz bila joan, iritsi egin zait, eta gainera iritsi zait formatu ezberdinetan: bai kontzertuak emateko tabernatan, bai omenaldi batean kantatzeko, edota ekitaldi politiko batean abesteko. Ez naiz joan kontzertuen bila. Beste musikari batzuk ikusten ditut lan handia egiten dutela kontzertuak lotzeko, eta esaten dute nekagarria dela. Ni oraindik ez nago sentsazio horrekin, bila ez naizelako jarri. Musikari izateko modu asko daudela pentsatzen dut, eta ni oraindik deskubritzen ari naiz nirea zein den. Zuzeneko emanaldiekin amodio-gorroto moduko sentsazio hori dut, oraindik deskubritzen ari naizena. Horregatik diskoa grabatu nahi dut eta ea emanaldietan gehiago disfrutatzen dudan. Edo agian nire diskoa intimitatean entzutekoa izango da...

Pertsonen harremanetan oinarritzen duzu zure sormen lan guztia. Ba al dago zailtasunik elkarrekin komunikatzeko?

Baietz uste dut. Nire proiektuek nitaz hitz egiten dute, ni bizitzan nolakoa naizen, eta nik bizitzan harremanei eta pertsonei garrantzia ematen diet, eta baita emozioak adierazteari eta emozioen mundu honi guztiari ere. Pentsatzen dut Euskal Herrian, eta beste leku askotan, ez dugula ohituratik gure sentimenduez hitz egiteko, eta ni sentimenduei buruz hitz egitearen guztiz aldekoa naiz. Jendeak adierazteko duen gabezi hori ikusita, artearen bidez mila modu ditugu adierazteko. Nire kasuan adibidez, nire aldartearen arabera, estilo bat edo beste erabiltzen dut, edo kanta bat izan dezaket buruan. Ilustrazioan eta musikan, pertsonei buruzko harremanei buruz hitz egiten dut, eta sentimenduei buruz.

 

«Musika bada denok txikitatik dugun motxila askatzeko modu bat»



Zuri ere sormen lan horrek lagunduko dizu emozio eta sentimenduak adierazteko.

Hori da. Batez ere musikan melodiak ateratzen zaizkit oso erraz, sentimenduak oso bizi daudenean. Gero letra jarri behar diot eta hori gehiago kostatzen zait. Bai marrazten, bai musika egiten, proiektu horien barruan nago, eta musika bada denok txikitatik dugun motxila askatzeko modu bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!