Irrintzi elkarteak XVIII. Azoka Berezia egin du gaur

Irati Saizar Artola 2023ko irailaren 9a

Ohiturari eutsiz, Isats Gisatu Lehiaketa egin dute, eta bost parte hartzaileren artetik onena Behar Zana elkartearen platera izan da.

Irrintzi elkarteak urtero antolatu ohi duen Azoka Berezia egin dute, goizean, Villabonako Errebote plazan. Artisautza eta elikagai postuak jarri dituzte plazan zehar, eta bertaratu direnez zer edo zer erosteko aukera izan dute. 09:30etik 14:00ak arte izan da azoka, eta aldi berean, Isats Gisatu Lehiaketa egin dute. Elkarteetako suak piztu, isatsa prestatu eta eguerdirako plazara ekarri dituzte, bertan platerean muntatu eta epaimahaiaren aurrean jartzeko.

Bost elkartek hartu dute parte, eta Behar Zana elkartea izan da plater goxoena prestatu duena. Iaz ere hala irabazi zuten. Atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Billabona FKE, Uxo Toki, Irrintzi eta Iratzar elkarteak.

Horrez gain, artisautza eta elikagaien postu onenak ere saritu ditu Irrintzi elkarteak. Kasu horretan, Etxebestea ekoizleak, Sojonatura eta Sarrikola ogitegia izan dira sarituak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!