Euskara eta independentzia izango dituzte ardatz Villabonan egingo dituzten topaketek

Ataria 2023ko ira. 7a, 19:59

Euskal Herrian Euskarazek antolatuta, Euskaltzale Independentiston Topaketak izango dira urriaren 7an eta 8an; ekitaldien artean euskararen errepublikaren inguruko mahai ingurua edota hainbat gairen inguruko tailerrak nabarmentzen dira.

Euskaltzale Independentiston Topaketak izango dira Villabonak urriaren 7an eta 8an. Euskaltzaleek eta independentistek indarrak bateratzeak eta norabide berean arraun egiteak duen «garrantziaz» jabetuta antolatu ditu Euskal Herrian Euskarazek lehen aldiz, eta euskara eta independentzia ardatz hartuta, hainbat gairen inguruan hausnartuko dute.

Hiru helburu nagusirekin antolatu dutela ekimena azaldu dute: «batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu edota indartu dezaketen hausnartzea; bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan hausnartu eta horiek Euskararen Errepublikaren norabidean kokatzeko; eta azkenik, euskaltzale independentiston komunitatea saretzea eta indartzea». Helburu horiekin, egitarau «zabala» prestatu dute, askotariko ekitaldiekin; horien artean, Euskararen errepublika eraikiz mahai ingurua nabarmentzen da, eta hainbat gairen inguruko tailerrak, kontzertuak edota otorduak ere izango dira.

Euskaltzale oro, gazte nahiz heldu animatu dute topaketan parte hartzera, eta horretarako izena ematea (https://forms.gle/LWHA1iWbvUxp1gAc6) eskatu dute, «antolakuntza lanak errazteko eta aurreikuspenak ahalik eta ondoen egiteko» egiteko eskatuko diegu. Halaber, lotarako lekua ere egokituko dutela esan dute.

Eragile independentista

Topaketok egitearen ideiaren jatorria, pandemia garaian, EHEren baitan egindako Astindu prozesuan dagoela azaldu dute. Barne-prozesu horren bidez, EHEk bere oinarri ideologikoa, antolakuntza eredua eta etorkizuneko lan-ildoak berrikusi zituen, besteak beste. «Hala, lehenengo aldiz, esplizituki, eragile independentista modura aitortu du bere burua EHEk. Txillardegik zioen bezala guk ere argi ikusten baitugu, 'estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz'».

Euskararen Errepublikaren aldeko apustu «sendoa» egiten du Euskal Herrian Euskarazek, «espainiar eta frantziar estatuen menpe ez baita egun bizi dugun diglosia egoera hau gaindituko». Hain justu, Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean, euskaltzaleek eta independentistek indarrak bateratzeak eta norabide berean arraun egiteak duen «garrantziaz» ohartuta erabaki dute topaketak egitea. «Atzera begira eta defentsiban nahi gaituzten honetan, euskaltzaleok aurrera begira eta herri eraikuntzarako perspektiban kokatzeko ekarpena egin nahi dugu».

 

EGITARAUA
  • Urriak 7, larunbata
    • 10:00: Topaketen aurkezpen ekitaldi laburra eta Euskararen errepublika eraikiz mahai inguru nagusia Gurea Antzokian. Bertan, bost hizlarik parte hartuko dute: Amets Arangurenek, Amets Arzallusek, Eneko Bidegainek, Estitxu Garaik eta Lorea Agirrek. Aurkezle lanetan, berriz, Ekhiñe Atorrasagasti ariko da. Hizlari bakoitza bere esperientziatik eta eremutik ariko da hiru galdera nagusiren bueltan: Euskararen errepublika zergatik, nola eta nolakoa.
    • 12:45: Ama Lurra plazan, ekitaldi politikoa izango da.
    • Ondoren: Euskararen erasoen aurka Bilbon azaroaren 4an egingo den manifestaziorako atxikimendu argazkia aterako da.
    • Jarraian: Joaldunak kalez kale.
    • 13:30: Bazkaria.
    • Arratsaldean: Gaurkotasuneko eta interesa sor dezaketen gaien bueltan, sei tailer egingo dira. Hiru tailerrez osatutako bi txanda egingo dituzte beraz, norbanako bakoitzak bi tailerretan parte hartu ahal izango du. Lehenengo txandako tailerrak (16:00-17:15): Kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan, Euskaldunon aurkako erasoen aurrean, zer? eta Zein toki du euskarak intersekzionalitatean?. Bigarren txandako tailerrak (17:30-18:45): Gazteok euskararen borrokan, Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka eta Txispa batek sortzen du sugarra. Tokiko borrokak.
    • 19:00: Elektrotxaranga.
    • 22:00: Kontzertuak: Yogurinha Borova, Gora etorri eta DJa.
  • Urriak 8, igandea
    • 11:00: Gosaria Irrintzi Elkartean.
    • 11:30: Euskal Herrian Euskarazen mural pintaketa.
    • 12:45: Erreboteko plazan pilota ikuskizuna.
    • Ondoren: Iratzar Tabernan marianitada eta Euskaltzale Independentiston Toka
      Txapelketa.

Topaketen abestia
Euskaltzale Independentiston Topaketek soinu banda ere badutela gogoratu dute. Hain justu, joan den abuztuaren 24an aurkeztu zuten abestia Bilbon, Aste Nagusiaren baitan, Euskalgunean eta Hau Pittu Hau konpartsaren eskutik. Xabier Amurizaren hitzekin Oskorrik musikatutako Euskal Herrian Euskaraz kantuaren bertsioa da. Kantuaren sortzailea Kimetz Zenitagoia Dummy da eta bertan parte hartu dute Moro (Bad Sound System), Xagu (Iheskide) eta Julene nahiz Magali (Gora Etorri) abeslariek. Kantua entzungai dago sareko audio plataformetan nahiz Euskal Herrian Euskarazen Youtubeko atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!