ELKARRIZKETA

«Herriaren amaieran gaude eta horrek asko laguntzen du bezeroekin dugun gertukotasunean»

Leyre Carrasco 2023ko ira. 10a, 07:59

Jon Padilla gasolindegian zerbitzatzeko prest. L.C.

Amasa-Villabona bukaeran dagoen gasolindegia aski ezaguna da herritarren artean; ez bakarrik herrian bertan aurkitzen delako, baita bertan eskaintzen duten tratuagatik ere. Jon Padilla bertako langilea da.

Eguneko hogeita lau orduko zerbitzua eskaintzen du Amasa-Villabonako gasolindegiak, eta horren ardura dute bertan lan egiten duten zortzi langileek. Bertako zein inguruko herrietako bizilagunak dira guztiak, tartean, Jon Padilla (Amasa-Villabona, 1989). 16 urte daramatza bertan lanean, eta ondo ezagutzen du bertako funtzionamendua.

Noiz hasi zinen gasolindegian lanean?

2007ko udaran hasi nintzen gasolindegian lanean. Hasiera batean udarako ordezkapen bat egiteko hartu ninduten. Ordutik, udara dezentetan ibili nintzen lanean, eta horrez gain, baja luzeak ere bete ditut. Duela bi urtetik lanpostu finkoa dut.

Zein da zure egitekoa?

Normalean, egunean zehar bi langile egoten gara; bat kutxan eta bestea pistan. Kutxan dagoena bezeroei kobratu, denda zaindu, eta pistaz adi egon behar izaten du. Pistan dagoena, berriz, bezeroei zerbitzatzen lagundu eta pista txukuna mantentzeaz arduratu behar du.

Zenbat langilek osatzen duzue lantaldea?

Lantaldean zortzi langile gaude. Horietako seiek goizetako eta arratsaldetako txandak egiten dituzte, eta beste bi gauez daude. Noizean behin txandakatzen joaten gara, adibidez, goizetan dagoena hilabete batean gauez egotea tokatzen zaio eta horrela ibiltzen gara.

Gogorra?

Ez, azkenean, hemengo lana ez da batere fisikoa. Gehienbat arreta handiz ibili behar dugula zerbitzatu ostean inork alde ez egiteko.

Gauak izango dira gogorrenak, ezta?

Ez nuke esango. Egia da gauetan kutxa barruan egoten naizenez, pista gehiago kontrolatu behar izaten dudala. Norbait edo zerbait arraroa ikusiz gero, gasolindegia ixteko beharra izaten dugu. Hala ere, gasolindegi honetan ez dugu inoiz horrelako zerbait bizitu, ohiko erosleak etortzen baitira, betikoak. Denak elkar ezagutzen gara eta arazorik ez da inoiz egon.

 

«Norbait edo zerbait arraroa ikusiz gero, gasolindegia ixteko beharra izaten dugu»



Langileen artean nolako giroa duzue?

Zortzi langile gara eta oso giro atsegina dugu gure artean. Ez dugu inoiz arazorik izan, noizbait, agian, liskar txiki bat egon da, baina betikoa, lan guztietan gertatzen dira horrelako gauzak.

Zer da lan giro horretatik gehien gustatzen zaizuna?

Jendearekin hitz egitea. Adibidez, pistan nagoenean bezeroekin hitz egiten hasi eta entretenituta egoten naiz, eta kutxan nagoenean berdin. Egunerokotasunean ere jendearekin hitz egitea gustuko dut.



Anekdotarik duzu kontatzeko?

Hemen denetik gertatu da. Gogoan dut gasolindegian egon den istripu larriena 2016an izan zela, sekulako sutea piztu zen. Istripu txikiagoak maiz izaten ditugu. Izan ere, kanpotik etortzen diren kamioilariek gasolindegi honek parking edo jatetxe zerbitzua duela pentsatzen dute. Horregatik, asko gasolindegira sartzen dira, eta hemendik irteteko larri ibiltzen dira, gasolindegi hau oso txikia baita. Ia beti gasolindegiko izkinaren aurka jo eta pare bat aldiz susto txikiak izan ditugu fatxada erori egin dela-eta. Horrelako anekdota asko ditugu hemen, egunero gertatzen dira gauzak.

Iraileko aldapa hasia da, nolako prezioak daude?

Prezioak nahiko altu daude. Oporrak hartu aurreko nire azken lan egunean, uztailaren 21eko asteburuan, adibidez, 1,51 euroan zegoen dieseleko litroa eta abuztuaren 21ean, 1,71 eurora igo da. Hilabete bakarrean 20 zentimoko igoera izan du. Hori udaran normala izaten da, abuztua dela medio, jendeak asko bidaiatzen du, eta atzerritar asko ibiltzen dira hemen inguruan. Orain, irailean prezioak behera egiten duten edo mantendu egiten diren ikusi beharko dugu, hala ere, uste dut ez direla asko jaitsiko.

 

«Beste gasolindegietan ez bezala, gure gasolindegian langileok zerbitzatzen dugu»



Zer da beste gasolindegietatik bereizten zaituztena?

Gertukotasunak bereizten gaitu. Lantaldean Villabonako batzuk gaude lanean, eta hemengo herritar asko etortzen dira hona, gehiengoak gure ezagunak. Gainera, herriaren amaieran gaude eta horrek asko laguntzen du bezeroekin dugun gertukotasunean. Izan ere, Villabonako herritarrak ez ezik, inguruko herrietako zein inguruko baserritarrak ere etortzen dira hona. Denok ezagutzen dugu elkar, hona etortzen diren bezeroak ohikoak izaten baitira. Horrez gain, beste gasolindegietan ez bezala, gure gasolindegian langileok zerbitzatzen dugu. Besteetan, normalean, bezero bakoitzak zerbitzatu behar du bere burua, baina guk, ordea, langileok egiten dugu, eta hori eskertzekoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!