Maitane Iturrioz hirugarren, Zestoako Trikitilari Gazteen XI. Txapelketan

Ataria 2023ko irailaren 4a

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Trikitilari billabonatarrak Eider Amenabar Errenteriako pandero-jotzailearekin osatu zuen bikotea; 109 puntu eskuratu zituzten. Irati Arcelus eta Mirari Plazaola izan ziren txapeldun, 121 punturekin.

Adinduen Eguna ospatu zuten atzo Zestoan, eta arratsaldean, Zestoako Trikitixa kultur elkarteak antolatuta, Trikitilari Gazteen XI. Txapelketa jokatu zuten 20 urtez azpiko bost bikotek, plazan elkartu ziren ehunka lagunen aurrean. Trikiti, fandango eta arin-arin pieza bana jo zituzten trikitilariek.

Epaimahaiak hala ebatzita, Irati Arcelus lazkaotarra eta Mirari Plazaola arrasatearra nagusitu ziren txapelketan, 121 punturekin. Janire Segurola hernaniarra eta Elaia Diaz astigartarra izan ziren bigarren, 116,5 punturekin; hirugarren Maitane Iturrioz billabonatarra eta Eider Amenabar errenteriarra izan ziren, 109 puntu eskuratuta. Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi azkoitiarrak zein Ane Urbieta eta Maialen Larrañaga zestoarrak izan ziren txapelketan parte hartu zuten beste bi bikoteak, eta antolatzaileek herrikideei banatzen dizkieten Zestoako Saria jaso zuten azken bi musikari horiek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!