Minbiziari aurre egiteko laguntza eskatuko dute Villabonan

Ataria 2023ko ira. 4a, 10:59

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko ordezkari eta boluntarioek ohiko diru-bilketa egingo dute igande goizean, herriko bi gunetan: Errebote plazan eta Kaleberri plazan.

Igande honetan, hilak 9, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko ordezkariak eta boluntarioak Villabonako kaleetan izango dira, herritarrei laguntza eskatuz, minbiziaren ikerketa eta gaixotasunaren biziraupenaren gorakada bultzatzeko. Ohiko diru-bilketa egingo dute, eta horretarako, herriko bi gunetan egongo dira goizean zehar: Errebote plazan eta Kaleberri plazan.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak ikerketa onkologikoko zenbait proiekturi ematen die laguntza. Iaz, 374.651 euro bideratu zituen minbiziaren ikerketan aurrera egiten jarraitzeko, pazientearengan arreta jarriz eta minbiziaren biziraupena handitzen jarraitzeko. Elkarteak 937 bazkide eta 158 boluntario ditu Tolosaldean. «Doako zerbitzu guztiak (terapia psiko-soziala, prebentzio-jarduerak, material ortopedikoaren maileguak...) elkarteak jasotzen dituen dohaintzei esker eskaini ahal ditugu. Beraz, diru-bilketan parte hartzeak aukera emango digu paziente onkologikoei eta haien senideei laguntzen jarraitzeko», gaineratu dute. 

Biziraupen-tasak gora egitea helburu

Elkartetik adierazi dutenez, minbizia «munduko arazo soziosanitario garrantzitsuena» da. «Bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek minbizia izango dute bizitzan zehar. Minbizi kasu bat diagnostikatzen da bi minutuan behin, eta 2030erako 330.000 kasu berri baino gehiago egongo direla kalkulatzen da».

Halaber, gaur egun, ikerketari esker, biziraupen-tasa %55,3koa da gizonezkoetan eta %61,7koa emakumezkoetan. Azken urteotan, biziraupen-indizeak 3,3 puntu igo dira gizonetan, eta 2,6 emakumeetan, 2016. urteaz geroztik intzidentzia %7,2 hazi den ingurune batean. Elkarteak lanean jarraitu nahi du, 2030erako biziraupen-tasa %70etik gorakoa izatea baita bere helburua, minbizia duten hamar pertsonatik zazpik bizirik irautea, alegia. «Gakoetako bat ikerketa-emaitzetarako sarbidean dauden ekitate ezak zuzentzea da, eta, horretarako, beharrezkoa da minbizi guztiak ikertzea, biziraupena handitzen jarraitzeko», azaldu dute.

Aurrez aipatutako helburu hori betetzeko, ikerketa onkologikoa bultzatzen jarraitu behar dela adierazi du elkarteak, eta pazienteek bermatuta izan behar dutela ikerketaren emaitzak lortzeko aukera, guztiek medikuntza eta tratamendu berritzaileagoak eskura ditzaten. «Batez ere, biziraupen txikia edo gelditua duten minbizi-motak, hau da, 5 urteko biziraupen-tasa %30etik beherakoa dutenak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!