Asteburuan hasiko da Enrique Abril Errebote Txapelketa

Ataria 2023ko abuztuaren 31

Behar Zana elkarteko pilotari bat errebotean jokatzen, Villabonako Errebote plazan. MIKEL RODRIGUEZ

60 urte bete ditu txapelketak, eta Euskal Herriko sei talde lehiatuko dira, tartean Behar Zana. Eguraldiak ez badu baldintzatzen txapelketaren martxa, urriaren 8ko jardunaldian izango da ikusgai finala, Villabonan.

Behar Zana elkartearekin batera, Gipuzkoako beste bi talde ariko dira, Oiartzungo Txost eta Zubieta. Horiekin batera Lapurdiko hiru talde ariko dira: Luzean (Donibane Lohizune), Kapito Harri (Uztaritze) eta Kanboarrak (Kanbo). Bi multzotan parte hartuko dute; A multzoan, Luzean, Kapito Harri eta Txost taldeak izango dira, eta B multzoan Kanboarrak, Behar Zana eta Zubieta.

Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute multzo bakoitzean, irailaren 3ko jardunaldian hasi eta irailaren 17kora bitartean. Partida guztiak Oiartzungo, Villabonako eta Zubietako plazetan izango dira. Bigarren faseari ekingo diote ondoren: final-laurdenak, finalerdiak eta finala. Multzo bakoitzeko lehen sailkatuak finalerdietara pasatuko dira zuzenean, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek final-laurdenetan neurtu beharko dituzte indarrak finalerdietako beste txartelak lortzeko. Finalerdietan, A3 vs B2 partidako irabazleak A1en kontra jokatu beharko du, eta A2 vs B3 partidako irabazleak B1en aurka. Eguraldiak ez badu baldintzatzen txapelketaren martxa, irailaren 24ko asteburuan izango dira ikusgai final-laurdenak eta urriaren 1ekoan finalerdiak. Eta irabazleek, hala, urriaren 8ko jardunaldian jokatuko lukete finala, Villabonako Errebote plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!