Amasa-Villabonako Udalak 10.000 euroko diru laguntza banatu du lau elkarteren artean

Ataria 2023ko abu. 29a, 20:00

Gizarte zerbitzuetan jarduten duten Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak, Izan fundazioak, AGI Gipuzkoako ikusmen urria dutenen elkarteak eta Ortzadar elkarteak jasoko dute udal diru laguntza.

Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak guztira 10.000 euroko diru laguntzak onartu ditu, beren jarduera gizarte zerbitzuen arloan garatzen duten gobernuz kanpoko erakunde ezberdinen artean banatzeko. Diru laguntza horiek aho batez onartu zituzten uztailaren 20an egindako tokiko gobernu batzarrean.

Diru laguntza hauek bideratzeko udalak onartutako oinarri arautzaileek ezarritako puntuazio sistema aplikatuta, lau elkartek lortu dute udal diru laguntza eskuratzea: Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak, Izan fundazioak, AGI Gipuzkoako ikusmen urria dutenen elkarteak eta Ortzadar elkarteak. Puntuazio sistema horretan, hainbat elementu hartu dituzte kontutan eta horien artean elkarte bakoitzak Amasa-Villabonan edo Amasa-Villabonako herritarrekin egiten duen lana da gehien baloratu dutena. Izan ere, udalak bertako «herritarren ongizateari garrantzi berezia» ematen dio eta diru laguntza horien bidez, «elkarte hauek eskaintzen duten gizarte-laguntza baloratu eta indartu» nahi du.

Guztira, hamaika elkartek aurkeztu zuten diru laguntza eskaera eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariek bakoitzaren balorazio txostena egin ondoren, honako lau elkartek jasoko dute diru laguntza:

  • Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea (70 puntu): 3.333 euro.
  • Izan Fundazioa (53 puntu): 3.000 euro.
  • AGI Gipuzkoako Ikusmen Urria dutenen Elkartea (51,5 puntu): 3.333 euro
  • Ortzadar elkartea (51 puntu): 334 euro.

Udalak azaldu du, diru laguntzaren kopuru ekonomikoa, elkarte bakoitzak egindako diru laguntza eskaeraren arabera kalkulatu dutela. 

Elkartasun Sareak Amasa-Villabonan garatzen duen jarduna «aski ezaguna» dela diote. Elikagai bankuaren kudeaketa, oinarrizko produktuen bilketa eta banaketak, arropa, jostailuak, altzariak eta beste hainbat oinarrizko produktuen bilketa eta banaketa egiten ditu, besteak beste. «Gainera, elkartasun sareko boluntarioek zuzeneko harremana eta elkarlan estua dute udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin eta elkarlan horrek fruituak eman ditu sare hau martxan jarri zenetik». 

Izan Fundazioak drogamenpekotasunen tratamenduen esparruan denetariko jardunbide eta zerbitzuak eskaintzen ditu eta «erreferente garrantzitsua da Gipuzkoa mailan». «Azpimarragarria da droga kontsumoarekin eta beste motako adikzioekin eta arrisku egoeran edo babesik gabe dauden nerabeekin egiten duten lana, hainbat erakunderekin elkarlanean», esan dute.

AGI elkarteak ikusmen urritasuna duten pertsonen eta beren familien gizarteratzea bultzatzeko eta bizitza kalitatea hobetzeko egiten du lan eta zerbitzu ugari eskaintzen ditu, besteak beste, arreta psiko-soziala, haur, gazte eta ikusmen urritasuna edo itsutasuna duten helduentzako hezkuntza-laguntzako zerbitzua edota aisialdi Inklusibo zerbitzua.

Ortzadar elkartea mugako adimena duten pertsonek eta beren sendiek sortutako elkartea da. Elkarte honek mugako adimena duten pertsonei laguntzen die hainbat esparrutan, bizitza duina eta autonomoa lortzeko, esaterako, hezkuntzan, lanean edo gizartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!