Altzin kaleko aparkalekuak egokitzeko lanak egingo ditu udalak

Ataria 2023ko abu. 2a, 17:00

Bihar hasiko dira lanak eta aparkalekuen antolaketa hobetzea izango dute helburu. Villabonako Udalak jakinarazi duenez, «lan hauen bidez, gaur egun N-1 autobideko pareta aldean kokatzen diren aparkalekuen egoerak sortzen dituen arazoekin amaitu, aparkaleku kopurua handitu eta kalearen argiztapena hobetuko da».

Egokitze lan hauek hainbat herritarren eskaerei eta Udaltzaingoak egindako txosten bati erantzutera datozela esan dute udaletik, «izan ere, asko izan dira aparkaleku ondoko porlanezko paretatxoekin talka egiteagatik edota zuhaitzek botatzen dituzten erretxina eta fruituengatik autoetan kalteak izan dituztenak».

Altzin kaleko egungo aparkalekuetan sartzeko, maniobra ugari egin behar izaten dira, eta aldaketa honekin aparkatzea erosoagoa eta azkarragoa izango dela ziurtatu dute: «Egungo porlanezko egiturak eta zuhaitzak erretiratuko dira eremu horretako arazoekin amaitzeko, argiztapen falta hobetzeko eta auto gehiagok aparkatu ahal izateko, kalean zehar dauden porlanezko loreontziak ezabatu eta guztira 18 zuhaitz kenduko dira. Horrela, aparkaleku berriak sortuko dira eremua asfaltatuz eta marrak margotuz».

Aparkalekuen sakonera ere handituko dela jakinarazi dute udaletik, auto gidariei aparkatzeko maniobrak erraztuz.

Argiteria berria 

Altzin kaleko eskuinaldean dagoen horman guztira LED-eko hamaika argi puntu berri ezarriko dituzte udal langileek. Argi horiek paretatik kanpora irtengo dira zonaldearen argiztapena nabarmen hobetuz eta bertan aurkitzen ziren hainbat puntu ilunekin behin betirako amaituz. Argi-puntu hauen aurrekontua 3.533,11 +BEZ eurokoa da.

Lanen iraupena eta aurrekontua

Zuhaitzen mozketa abuztuaren 3an eta 4an egingo da, eta bi egun horietan Altzin kaleko trafikoa puntualki etengo bada ere, lurpeko garajeetara sarbidea bermatua egongo da beti. Obrak hiru astez luzatuko dira «gutxi gorabehera», eta denbora horretan ezingo da ibilgailurik aparkatu kalearen alde horretan. Lan hauek ez dute trafikoan eragin nabarmenik izango.

Urdaintzi Eraikuntzak S.L. enpresa gipuzkoarra arduratuko da lanak garatzeaz eta udalak, 32.615 euro +BEZ inbertituko ditu. Zuhaitzen mozketa, aldiz, Iratze Lorezaintza S.L.U. enpresak egingo du, udalarekin duen urteko kontratuaren baitan. Lan hauek irauten duten bitartean Altzin kaleko ohiko erabiltzaileei zirkulazio eta aparkatze-jarraibideak errespetatzeko eskatu du Udaltzaingoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!