Oinezkoentzat espaloia jartzea ontzat ikusi du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Ataria 2023ko uztailaren 26a

Amasatik Villabonara doan GI-3751 errepidea

Amasatik Villabonara doan errepidearen paraleloan egitea aurreikusten du, bidegurutzearen eskuinaldean

Gipuzkoako Foru Aldundiak ontzat eman du Amasatik Villabonara doan GI-3751 errepidearen paraleloan, GI-3751 eta NI-441 adarra elkartzen diren bidegurutzearen eskuinaldean, oinezkoentzako espaloi bat jartzea. Hain zuzen, uztailaren 14an eman zuen ontzat Girder Ingenieros enpresak Bide Azpiegituretako Departamentuarentzat idatzitako proiektua. Hilabeteko epean proiektua jendaurrean egongo da (Gipuzkoaerrepideak.eus-en edota Villabonako udaletxean), alegazioak eta iradokizunak egiteko. Villabonako Udalak ere proiektuarekin ados dagoen edo ez azaldu beharko du epe horretan.

Bide Azpiegituretako Departamentutik esan dutenez, oinezkoen zirkulazioari dagokionez, puntu horretan ez dago behar bezala, egokitutako ibilbiderik, eta horren ondorioz, oinezkoek zirkulazioko erreiak erabili behar izaten dituzte, zaurgarri bihurtuz, eta ibilgailuak behartuta daude bidegurutzean noranzkoak bereizteko dagoen eremu zebratuaren zati bat hartzera.

Proiektuak, beraz, oinezkoentzako espaloia aurreikusten du, eta horretarako bidegurutze osoa mugitu beharko litzateke. Obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 289.107 eurokoa da, eta lanak egiteko aurreikusitako epea hamasei astekoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!