Suziria lehertuta, hasi dira Santio Jaiak

Leyre Carrasco 2023ko uztailaren 24a

Santio Jaiak abiatu dituzte Amasa-Villabonan, eta datorren astelehena arte izango dute zertaz gozatu; Salbadora jubilatu elkarteko kideek bota dute txupinazoa.

Astebeteko festa izango dute billabonatarrek. Izan ere, gaur arratsaldean abiatu dituzte Santio Jaiak. Pregoia irakurri dute Salbadora jubilatu elkarteko kideek, festa batzordeak haiei eman baitie jaien hasierako suziria botatzeko ohorea. Jose Bizente Agirre Salbadora jubilatu elkarteko lehendakariak hartu du hitza kide guztien izenean.

«Gure egoitzan jubilatuak, pensionistak eta gerturatzen den herritar guztientzako dago lekua. Gure helburua ekintza ezberdinak antolatzeaz gain, elkarbizitza anitza eta aberatsa sustatzea da. Gure arteko harremanak hobetzea eta herrigintzan parte hartzea ere bada gure lehentasuna, hirugarren adinekoak ere bagarelako herri honen parte garrantzitsua. Beraz, bertso zahar batek dioen moduan, ondo pasa festak eta azken unera arte gozatu Santio Jaiak. Zaindu eta onartu elkar». Suziria botata hasi dira festak, Iraunkorrak txarangak alaituta. Ondoren, Buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejira egin dute herrian zehar, Iraunkorrak txarangak alaituta.

Festak ez du etenik izango arratsalde osoan, eta beste zenbait ekintzez gozatzeko aukera izango dute gaur billabonatarrek:

  • 19:30. Helduen areto futboleko finala, Erreboteko plazan.
  • 21:30. Herri afaria, Erreboteko plazan. Eguraldi txarra eginez gero: Txerminen.
  • 00:00. Dantzaldia, Gabezin taldearen eskutik, Erreboteko plazan.
  • 01:00. Gazte garaiak oroituz, 40 urtetik gorakoentzat DJ emanaldia, Txistulari plazan.

Ikusi Santio Jaien egitarau guztia hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!