Xake partidak munduko txapeldun ohi baten aurka

Imanol Garcia Landa 2023ko uzt. 20a, 15:00

Ruslan Ponomariov munduko xake txapeldun ohia.

Billabona Xake Elkartearen 50. urteurrenaren ospakizunen barruan, Ruslan Ponomariov maisu handi eta munduko txapeldun ohiak aldibereko partidak jokatuko ditu.

Billabonako Xake Elkarteak 50. urteurrena bete zuen iaz. Ekitaldiak aurreko uztailean hasi ziren egiten, eta igande honetarako antolatu duten beste batekin emango diote amaiera ospakizunei. Ruslan Ponomariov maisu handi ukrainarra eta munduko txapeldun izandakoa egongo da Villabonan, eta hainbat xakelariren aurka aldibereko partidak jokatuko ditu. Billabona Xake Elkarteko kidea den Ernesto Fuentek azaldu duenez, «guretzako Ponomariov Villabonara etortzea xakean jokatzera oso berezia da, eta elkartearen historian une gogoangarri modura geratuko da».

Ekitaldia 10:00etan hasiko da, Maiatzaren Lehena plazan, eta 14:00ak ingurura arte iraungo duela aurreikusten dute. 28 aurkari izango ditu Ponomariovek, eta bera izango da taula guztietan pieza zuriekin jokatuko duena. Beraz, berak emango die hasiera partida guztiei. Bigarren itzulian, aurkari bakoitzak maisu handiaren aurrean bere mugimendua egingo du, eta ondoren Ponomarioven txanda izango da. Partidek ez dute denbora mugarik izango; azken finean, Ponomariov berak markatuko du erritmoa, taula bakoitzaren aurrean hartzen duen denboraren arabera. Partida batzuk amaitu ahala, besteak azkartzen joango dira.

Billabona Xake Elkarteko kideek eta Gipuzkoako beste elkarteetako zenbait gonbidatuk parte hartuko dute ekitaldian. Horien artean parte hartzaile berezi bat ere izango dute, Gasteizen bizi den Khrystyna Yatseiko bederatzi urteko neska ukrainarra. Gerra dela-eta bere herrialdetik ihes egin behar izan zuen; xakean jokatzen du eta aurten 10 urtez azpiko Arabako txapelduna izan da. «Ponomariov ukrainarra izanik, bere erreferenteetako bat da, eta ilusio handia egiten zion bere aurka jokatzeak», zehaztu du Fuentek.

Xake ekitaldia bukatu eta gero bazkaria egingo dute. «Bakoitzak berea ordaindu beharko du, baina Ponomarioven aurka berdindu edo irabazten duenak, doan bazkalduko du», esan du Fuentek. Halere, horrelakorik gertatzea nahiko zaila ikusten du.

SANTIO JAIETAN, TXAPELKETAK

Billabona Xake Elkarteak herriko festetan antolatu ohi dituen txapelketak ere egingo dira aurten. Batetik, Jesus Mari Ezkai Oroimenekoa izango dute, uztailaren 29ko goizean. Taldekako txapelketa izaten da, eta Gipuzkoako elkarteetatik osatzen diren taldeak etortzen dira Villabonara. Bertako elkartekoek ere parte hartzen dute, eta hamalau talde inguru bildu ohi dira. Ondoren, mokadutxoa ematen dute parte hartzaile guztiek.

Egun horretan, haurrentzako txapelketa egingo da, 16:30ean hasita. Bi maila izaten dira, hamalau urtez azpikoena eta hamabi urtez azpikoena. Bertan izena emateko, txapelketa hasi baino lehen lekura azalduta nahikoa izango da.

Fuentek azaldu duenez, «bi ekitaldiak kalean egiten ditugu, Txistularien Plazan. Xakea kalera atera nahi izaten dugu, xakea ahal dugun gehien zabaldu nahi dugulako. Txapelketa ofizialak direnean, liga jokatzen denean, kultur etxean egiten ditugu, baina jaietan antolatzen ditugun lehiaketa hauek kanpoan egin nahi izaten ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!