Amasa-Villabonako Udalak, pasa berri den Garagardo Azokan eta Santio festetan herritar guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko indarkeria matxistaren aurkako protokoloa diseinatu eta onartu du, Akain talde feministarekin lankidetzan. Udalak eta tokiko mugimendu feministak bat egin dute, udako jaien testuinguruan emakumeen eta hetero-arautik kanpoko genero identitatea edota sexualitatea duten pertsonen aurkako eraso fisiko, sexual eta psikikoei modu «sendo eta antolatuan» aurre egiteko.
Edozein indarkeria edo eraso matxista pairatu edo ikusi duten pertsonek 697 11 66 11 telefonora deitu ahal izango dute, eguneko 24 ordutan. WhatsApp bidezko mezu eta audioak ere bidaltzeko aukera egongo da. Telefono zerbitzu honen funtzionamendua bermatuko dute Alkain talde feministako kidek. Hainbat feministe, gainera, besoko morea ikusgai eramango dute jaietako gune ezberdinetan eta beraiengana jo ahal izango da laguntza eske. Honekin batera, tabernariek eta txosnan txanda egiten ari diren zerbitzariak laguntzeko «prestutasun osoa» izango dutela jakinarazi dute protokoloan. Hain zuzen ere, aurreko egunotan protokolo honen edukien berri eman zaie Santio jai batzordeko kideei eta Villabonako tabernariei.
Erasoren bat salatuz gero Villabonako udaletxea eta Villabonako Txoko morea izango dira esku-hartzeko espazio seguruak, «lasai egoteko eta atseden hartzeko».
Prozedurak zehaztuta
Jaien testuinguruan eraso edo indarkeria matxista kasuren bat gertatu dela egiaztatuko balitz protokoloan zehaztu dute jarraitu beharreko prozedura. Hasteko koordinazio taldea bilduko da. Udaleko ordezkariek, beharrezkoa balitz udal teknikariek (Udaltzainburua eta Gizarte Zerbitzuetako teknikaria) eta Akain talde feministako kideek osatuko dute. «Talde honetan gertakariaren inguruan legokeen informazio zehatza elkarbanatuko litzateke. Kide guztiek jasotzen duten informazioaren gaineko konfidentzialtasuna gorde beharko dute, derrigorrez».
Eraso edo indarkeria matxista kasuaren nolakotasunaren arabera, koordinazio taldeak beharrezkoa ikusiko balu, batzar bat deituko luke. Batzarrean udal ordezkariekin eta Akain talde feministako kideekin batera, Lurgatz talde feministako eta Santio jai batzordeko ordezkariek parte hartuko lukete. Batzar horretan jorratu eta erabakiko dute izandako indarkeria matxista kasuaren ezaugarrien arabera, zein erabaki hartu «gizarte erantzunaren artikulazioari dagokionez». Batzarrean erabakiko lukete, erabaki horiek jaietako egitarauan eragina izango duen edo ez.
Indarkeria edo eraso matxista baten aurrean nola jokatu azaltzen duten kartelak, pegatinak eta esku-orriak argitaratu eta zabalduko dira egunotan Amasa-Villabonan. Etxeko postontzi guztietara zabalduko dira esku-orriak eta bertan eraso matxista kasu baten aurreko jarraibide zehatzak azalduko dira. Gainera, Emagin elkarteko bi formatzaile profesional egongo dira Kale Berriaren 40. zenbakian, Berdura plaza ondoan ezarriko den gunean. 12 urtetik gorakoentzat materiala eta zerbitzua eskainiko dute, uztailaren 24an, 11:30etik 14:30era eta uztailaren 27an eta uztailaren 28an, 17:00etatik 20:00etara.
Amasa-Villabonako Udalak argi utzi du indarkeria matxistaren aurkako borrokan duen konpromiso irmoa, eta Akain talde feministarekin landutako protokolo hau aktibatu behar ez izatea espero du. Joan den urtekoa ez errepikatzeko desioa luzatu du alkateak: «Herri gisa ozen eta argi diogu: 'baiezkorik gabe ezezkoa da'. Ez dugu inongo eraso matxistarik onartuko eta gure indar guztiekin egingo diegu aurre matxistei». Jaiak guztientzat seguruak izatea eta elkarrekiko errespetuzko giroan igarotzea dute helburu nagusitzat udal ordezkariek, «inolako jarrera, portaera, jokabide eta ekintza matxistarik gabe».