ERREPORTAJEA

Etxeondotik Otsabira aldatu da festa

Jon Miranda Labaien 2023ko uzt. 24a, 07:59

Susana Carretero eta Mirari Errondosoro antolatzaileak, Otsabiko parkean. J.M.

Villabonako artisau, artista eta sortzaileek egun osoko festa egingo dute bihar, uztailaren 25ean. Erabilera gutxiko espazioak ikusarazteko, iaz Etxeondon egin zuten festa, Otsabi parkera aldatu dute aurten. Mirari Errondosoro eta Susana Carretero dabiltza antolaketa lanetan.

Sormenaren, kulturaren eta komunitatearen ospakizuna izango da bihar Villabonako jaien barruan egingo duten Otsabi Fest jaialdia. Herriko artisau eta sortzaileek euren neurrira sortutako ekimena da, eta herritar guztientzat irisgarria izatea nahiko lukete, ume, gazte, heldu eta adinekoentzat. «Jaialdi hurbil eta abegikorra sortu nahi dugu, non publiko guztia ongi etorria sentituko den», esan dute antolatzaileek. Villabonan dauden artisau, artista eta sortzaileen lanak ezagutarazi eta bisitariekin partekatuko dituzte Otsabi parkean, jaialdiaren beste helburuetako bat erabilera gutxi duten udalerriko espazioak ikusaraztea baita. 10:00etan hasi eta 23:00 arte, artisau postuak, tailerrak, mendi irteerak, inaugurazioak, moda desfileak eta musika izango dira Otsabi Fest-en barruan.



Ez da lehen aldia gisa honetako jaialdi bat antolatzen dutela herriko artistek. Iaz, uztailaren 24an eta 25ean, Etxeondo Fest delakoa antolatu zuten eta «erabateko arrakasta» izan zuela ziurtatu dute aurtengo antolakuntzan errepikatuko duten Sualma jostailuetako Susana Carreterok (Amasa-Villabona, 1977) eta Kimuri markako Mirari Errondosorok (Amasa-Villabona, 1973). Villabonako jai batzordean hartzen dute parte bi kideek, eta azpimarratu dutenez, aurten batzordetik bertatik egin diete proposamena jaialdia antolatzeko. «Lehen urte hartan zalantza batzuk izan zituen jendeak, batez ere datarekin, baina iazko arrakasta ikusita, aurten galdezka etorri zaizkigu», aipatu du Errondosorok. Carreterok, bere aldetik azpimarratu du jai eredua «zabaltzeko» asmoz ere ari direla Otsabi Fest bezalako ekimenak antolatzen: «Betiko ekimenak hor daude, eta jende askok gustuko ditu, baina horietan hain eroso sentitzen ez den herritarrari beste aukera bat eman nahi genioke. Ikusmira zabaldu eta denok eroso sentitzeko moduko ekitaldiak nahiko genituzke Villabonako jaietan».

 

Susana Carretero: «Ikusmira zabaldu eta denok eroso sentitzeko moduko ekitaldiak nahiko genituzke»



Ez da lehen aldia herriko artisauak elkarlanean ari direla proposamen berriak eta berritzaileak egiten. Iaz Etxeondo Fest antolatu zuten, baina badira bi urte Eguberrietan sortzaileek elkar hartuta denda zabaltzen dutela Kale Berrian. Ekimen horiei beste bat gehitu zioten iaz, Amasan, Arantzabi jatetxea zenaren atarian, beste azoka bat antolatu baitzuten udazkenean. Erabilera gutxiko eta esangura handiko Amasa-Villabonako espazioei erabilera berri bat ematearekin batera, Errondosorok nabarmendu du sortzaileen artean saretzeko aukera ematen dietela modu honetako hitzorduek. Elkar ezagutzan sakontzeko parada izan dutela aipatu du: «Horrelakoak antolatzen hasi garenean konturatu gara zenbat jende dagoen herrian eskulanetan aritzen dena. Etxe zuloan aritzen ginen, norbera bere gisara, eta ez genuen elkar ezagutzen. Otsabi Fest bezalakoekin, plaza bat eskaini nahi diegu sortzaile horiei guztiei, euren lanak besteekin partekatzeko espazio bat».

 

Mirari Errondosoro: «Plaza bat eskaini nahi diegu sortzaileei, euren lanak besteekin partekatzeko»



Amasa-Villabonako artisau, artista eta sortzaileek komunitate bat osatzen ote duten galdetuta, zalantza egiten dute Sualmako eta Kimuriko kideek. «Gustatuko litzaiguke komunitate bizi bat sortzea, eta eskaintza iraunkor eta jarraitu bat egitea herrian. Oraingoz Otsabi Fest bezalakoak komunitate horren sorrera sustatzeko balioko dute. Ea aurki talde trinkoago bat osatzeko aukera daukagun, guk ideiak barra-barra baitauzkagu buruan», esan du Carreterok. Bidea euren erritmora egingo dutela gehitu du Errondosorok. «Mugimendu organikoa da hau, orain bagaude, eta hurrengo urtean auskalo. Iaz Etxeondo Fest antolatzeko lau sormen proiektu bildu ginen, aurten berriz bi. Ez du esan nahi sortzaile horiek gure ingurutik desagertu direnik. Aurreko urtean antolakuntzan ibilitako Helena Agellek, adibidez, postua jarriko du aurten. Norberaren erritmoak eta egoerak errespetatzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Argi dugu osatzen ditugun sareak elkarren zaintzan oinarrituta osatu behar ditugula».


Iazko EtxeondoFest jaialdiko irudiak. J.M.


Ikusteko eta ikasteko aukera

Elkar zaintzen eta sarea zabaltzen ahalegintzen dira Otsabi Fest-eko antolatzaileak. Aurten saiatu dira herriko eragileak parkean egingo duten jaialdira erakartzen. Errondosorok eta Carreterok nahiko lukete talde gehiago bildu festara baina, hala ere, «pozik» daude lortutako emaitzarekin. Artisau postuen artean, adibidez, herriko Gema loradendakoena egongo da, eta Aizkardi mendi elkarteak ere egingo du bere ekarpena Amasamendin zehar ibilaldia antolatuta. Antolatzaileek azpimarratu dute inguruan dauden karobiak erakutsiko dizkietela parte hartzaileei.

Uztailaren 25ean, elkarlanaren emaitza den beste sormen lan bat ere bistaraziko dute Otsabin. Aste honetan, murala margotzen aritu dira hainbat sortzaile parkearen albo batean dagoen paretan. Besteak beste, Billabonarte elkarteko Jon Iñaki Ormazabal eta Ramon Balerdik hartu dute parte horma-irudiaren diseinuan. Emaitza bukatuta, festaren barruan ikusi ahal izango da, 12:00etan egingo duten inaugurazio ekitaldian. «Villabonako arte komunitatearen sormenaren eta elkarlanaren lekukotasun bisual gisa geratuko da hor», esan dute Errondosorok eta Carreterok.

Eguneko hitzordu garrantzitsu bat izango da hori, baina ez bakarra, iaz egin zuten bezala, aurten, uztailaren 25ean, 18:00etan, modarentzako tarte bat zabalduko baitute Otsabin. «Sorpresaz» beteriko desfilea izango dela hitz eman dute antolatzaileek, eta gerturatutakoek jantziak erakutsiko dituzten modeloetan arreta jartzeko eskatu dute.

Artisau postuak goizetik gauera

Guztira 11 artisau postu jarriko dituzte asteartean Otsabi parkean. 11:00etan hasi eta 20:00ak arte izango dira ikusgai eta lehen aipatutako Gema loradendakoekin batera beste hainbat postu izango dira: «Bisitariek tokiko talentua islatzen duten hainbat artisau sorkuntzetan arakatzeko aukera izango dute. Produktu kaltegarririk gabeko Sualmaren egurrezko jostailuak; Kimuriren Japoniako ehun, haori eta gyotakuak; Helena Agellen koadernaketa eta zianotipoak; Plato etxeko zeramika; Luixiren pitxia koloretsuak; Paqui eta Alonsoren pintura abstraktuak eta pintxo-kuxinak; Elenaren hidrolatoak; eta Limoi Arroxak markako ukendu eta xaboi naturalak», esan dute antolatzaileek.



Egun osoan gerturatzen direnek trebetasun berriak eskuratu eta sormenean murgiltzeko hainbat tailer izango dituzte. Eskuz artisau papera egiten ikasiko dute bertaratutakoek, eta baita pintzel naturalak egiten ere. Koadernaketa, zauri txikietarako krema egiten, ipuinak sortzen... Arlo bakoitzeko adituek gidatuko dituzte adin guztietako herritarrentzako saioak. Antolatzaileek aurrez izena ematea gomendatu dute. Horretarako, Otsabifest.com helbidera jo beharko da, eta informazio guztia eskuratu daiteke info@otsabifest.com posta elektronikora idatzita. Egunotan argibide guztiek emango dituzte zabaldu duten Instagrameko kontuan, @otsabifest.

Egunean zehar haurrentzako jolasak eta sorpresa «hegalariak» izango direla aurreratu dute Errondosorok eta Carreterok, eta iragarri dute taberna zerbitzua ere egongo dela Otsabiko parkean. Jan-edanak izango dira salgai, nahiz eta norberak etxetik eramanda ere egin ahal izango duen bertan otordua. «Ez diogu inori mugarik jarri nahi, parte hartzea librea da, eta garrantzitsuena da eroso sentitzea. Eta oso-oso eroso sentitzen denak aukera izango du bazkal orduan mikroa hartu eta nahi duena esateko», aipatu du barrez Errondosorok. Tarte hori «mikro-irekiarena» bezala izendatu dute egitarauan.



Iluntze aldera, eta festa biribiltzeko, musika emanaldiak prestatu dituzte Otsabi parkeko begiratokik eskaintzeko. 19:00etan hasiko da Trukean taldea, eta ondoren, Peppermint Sextet eta DJ Mikel arituko dira. Otsabi Fest-ekin amaitzeko, Zozongo batukada taldearen Psycho Clown ikuskizuna parketik bertatik abiatuko da, ondoren, Villabonako kaleetan murgiltzeko.



«Otsabi Fest Villabonako sormen eta kultura izpirituaren isla da. Harro gaude gure komunitatean dagoen talentu aniztasuna erakusteaz eta tokiko artista eta artisauek euren burua konektatzeko eta ezagutarazteko plataforma bat sortzeaz», esan dute aurtengo antolatzaileek. Eta hurrengo urtean zer? Errondosorok eta Carreterok epe luzera egiten dute amets eta epe motzera lan. Aitortu dute, dena den, gustatuko litzaiekeela Fest izenarekin egindako jaialdi hauek urteroko ospakizun bilakatzea, «bertako komunitatea elkartu, eta bere forma guztietan, sormena sustatzeko». Badaezpada, datozen urteetarako badituzte begiz jota Amasa-Villabonako beste pare bat toki.

 

OTSABI FEST

ARTISAUAK

11:00-20:00. Elena. Hidrolatoak; Gema. Loradenda; Helena Agell. Koadernaketa eta zianotipia.; Kimuri. Haroi eta gyiotakuak; La reina bigotuda. Belarritakoak; Limoi arroxak. Ukenduak eta xaboiak; Luixi. Bitxiak; Paqui eta Alonso. Pintxo-kuxinak eta ointura abstraktua; Plato. Zermaika; Sormen taldea. Eskulanak eta Sualma. Egurrezko jostailuak.

TAILERRAK

10:00-11:00. Yoga aulkian.

10:00-12:00. Aizkardi mendi elkartearen eskutik irteera Amasamenditik karobiak bisitatzeko.

12:00-13:00. Ukenduak.

12:00-13:00. Pintzelak.

12:00-14:00. Artisau papera.

16:00-18:00. Artisau papera.

16:00-17:00. Koadernaketa.

17:00. Ipuin kontalaria.

*Tailerretan izen emateko: Otsabifest.com webgunean.

INAUGURAZIOA

12:00. Pintatu duten horma-irudiaren inaugurazioa.

MODA

18:00-19:00. Moda desfilea Otsabin.

KONTZERTUAK

19:00. Trukean.

19:45. Peppermint Sextet.

21:30. DJ Mikel.

23:00. Zozongo batukadaren Psycho Clown emanaldia Otsabitik abiatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!