Eneko Maizek Masters Hoberenak txapelketa irabazi du

Ataria 2023ko uzt. 17a, 19:58

Behar Zana Pilota Elkarteko pilotari billabonatarrak trinketeko torneoa irabazi zuen ostiralean, Arrangoitzeko trinketean. Ducassourekin bikotea osatuz, 40-38 irabazi zuten Larralde eta Lambert bikotearen aurkako partida gogorra eta luzea.

Ostiralean, Masters Hoberenak txapelketako finala jokatu zen Arrangoitzeko trinketean. Eneko Maiz billabonatarrak, Duxassourekin osatu zuen bikotea, eta Larralde-Lambert bikoaren aurka jokatu zuten. Lan handia egin behar izan zuten lau pilotariek, ia bi ordu iraun baitzuen finalak. 5-0 aurreratu ziren markagailuan txapeldunak, baina aurkariek azkar erantzun zuten, eta 16-12 jarri ziren aurretik.

Partidaren bigarren zatia are gogorragoa izan zen. Nekea ere nabari zitzaien lau pilotariei, Maizek amaieran adierazi zuen bezala: «Partida oso gogorra izan da. Hasieran nekatu egin naiz eta pixkanaka hobeto sartu naiz partidan. Baptistak (Ducassou) oso ondo jokatu du, %200a eman du, eta oso pozik nago berarekin jokatzeagatik».

Galtzaileak 28-25 aurreratu baziren ere, 35nako berdinketarekin, argi geratu zen parekotasun handia izan zela bi bikoteen artean. Azken tantoetan, gehiago asmatu zuten irabazleek, eta amaieran, 40-38 irabazi zuten.

Ikusi hemen finaleko tantoak:

Baionako Masters Txapelketan

Frantziako Pilota Federazioak antolatuta, Baionako festen barruan, Binakako Masters Txapelketa jokatuko du Maizek, uztaileko azken astean. Finalerdiak uztailaren 26an eta 27an izango dira, eta finala, hilaren 30ean. Luis Sanchezekin osatuko du bikotea, eta Echeverria-Ducassou bikotearen aurka jokatuko dute. Beste finalerdia Ospital-Lambert eta Larralde-Iphar bikoteek jokatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!