Amasa-Villabonako Udalak jai batzordearekin batera Santio festetarako prestatu duen egitaraua aurkeztu du Errebote plazan, Ander Goikoetxea kultura zinegotziak aipatu duenez, "festaren erdigunea" izango den horretan. Goikoetxeak eskerrak eman dizkie festak antolatzen parte hartu duten guztiei, festa batzordeko kideei eta kultur, kirol eta gazteria teknikariei. "Boluntario gisa egiten den lan hori gabe, festak ez lirateke izango diren bezain herrikoi eta parte hartzaileak", esan du Goikoetxeak.
Beatriz Unzue alkateak iragarri du, aurten, Salbadora jubilatu elkarteak botako duela jaiei hasiera ematen dien txupinazoa, jai batzordeak horrela erabakita. "Herriko adinekoei, gure aitona-amonei eta zehazki jubilatu elkartean ekarpena egiten dutenei omenaldi bat egin ahal izango diegu".
Alkateak aipatu duenez, txupinazoan botako dena izango da aurtengo jaietako suziri bakarra. Jai batzordean jaso duten eskaera bati erantzun nahi izan diotela aipatu du Unzuek: "Gure herrian badira pertsona batzuk suziriak direla eta, etxean geratzen direnak, zarata hori jasanezina egiten zaielako. Aho batez erabaki dugu beraz, ekintza bakoitzaren aurretik botatzen zen suziririk ez botatzea. Santio jaiak pertsona hauentzat ere jai inklusiboak izatea nahi dugu". Alkateak nabarmendu du proposamena aho batez onartu dela jai batzordean.
Amasa-Villabonako pentsiodunen mugimendua ere gogoan hartu dute jaien aurkezpen ekitaldian. Jaietako zapiak egin eta saltzeko ardura mugimenduko kideek hartu dute. "Herritarrei dei egiten diet zapia erosi eta lepoan eraman dezaten. Azken bost urte luzeetan pentsio publiko duinen alde kalean etengabe borrokan ari den mugimenduari laguntzatxo bat emateko modua izango da. Bizitzako gastuei aurre egitea ahalbidetuko duen pentsio duina izatea oinarrizko eskubidea da eta guztiok defendatu beharko genuke", esan du alkateak.
Aldi berean, Unzuek azaldu du mugimendu feministarekin batera udalak eraso matxisten aurkako protokoloa prestatu duela. Joan den urtekoa ez errepikatzeko desioa luzatu du alkateak: "Herri gisa ozen eta argi diogu: 'baiezkorik gabe ezezkoa da'. Ez dugu inongo eraso matxistarik onartuko eta gure indar guztiekin egingo diegu aurre".
Jai egitarau oparoa
Joxan Cubero Amasa-Villabonako kultura teknikariak eman ditu jai egitarauaren inguruko xehetasun nagusiak. Ezertan hasi aurretik programa aurkezteko eguna zergatik aukeratu duten azaldu du: "Gaur zabaltzen ditu ateak Irrintzi elkartearen Garagardo Azokak. Propio aurkeztu dugu gaur egitaraua, herritarrek hizpide izan dezaten azokako mahaien bueltan".
Uztailaren 24an hasiko dira jaiak ofizialki, baina aurreko asteburuan izango diren bi ekitaldi ere nabarmendu ditu Cuberok: Oinkarik uztailaren 22an estreinatuko duen Errotan emanaldia; eta uztailaren 23an, Xake elkarteak antolatuta, Ruslan Ponomariov txapeldun handiaren aurka jokatuko diren aldi bereko 25 partidak.
Horrekin batera, uztailaren 25ean izango diren beste bi ekitalditan ere jarri du arreta kultura teknikariak: artisau, artista eta sortzaileek antolatu duten egun osoko Otsabi Fest jaialdia; eta lehen aldiz, Amasa-Villabonan iaz sortu zen Loatzo musika eskolako Bandak eskainiko duen kontzertua. Horrekin batera, musika emanaldi gehiago ere aipatu ditu: "Santa Ana egunean, Zunbeltz elkarteak antolatu duen konpartsa mexikarraren testuinguruan, Puro Relajok kontzertua eskainiko du; hurrengo egunean berriz, Gazteen Egunean, Xiberoots eta Skabidean taldeen kontzertuak izango dira; eta hilaren 30ean, berriz, Goxua'n salsa taldearen emanaldiaz gozatu ahal izango dugu".
Askotan egitarau ofizialetan "ahaztuak" geratzen diren nerabeentzako prestatu dituzten ekitaldiak ere aipatu ditu Cuberok. Bi haur parke izango dira, eta uztailaren 26koan, nerabeengan pentsatuta, Formula-1eko, skateko eta dantza egiteko simulatzaileak jarriko dituzte. Hilaren 31n, berriz, ohiko ur parkea izango da Malkar plazan, eta kultura teknikariak iragarri duenez, "txirrista erraldoi" bat jarriko dute bertan.
Alkateak itxi du aurtengo Santio jaietarako prestatu duten egitarauaren aurkezpen ekitaldia. "Ondo pasatzea opa dizuet guztiei. Dibertitu gaitezen, lagunartean barre egin dezagun, alaitasunez eta umore onez, denok merezi dugu eta".