Lehen finalerdia erabakita geratu da Villabonan

Ataria 2023ko uztailaren 13a

Azketa eta Matxinandiarena. BEHAR ZANA

Villabonako Santio Txapelketa / Antton Pebet XI. Oroimenezkoa azken txanpan dago. Gaur, final-laurdenetako azken bi partidak jokatuko dira.

Behar Zana elkarteak antolatu duen gizonezkoen eskuz binakako Villabonako Santio Txapelketa /Antton Pebet XI. Oroimenezkoa final-laurdenetan murgilduta dago. Asteartean partida bat jokatu zen Villabonako udal pilotalekuan, eta Azketa-Matxinandiarena bikoak (Tartxaloetxe) 22-13 irabazi zion Txoperena-Lizeaga (Aurrera Leitza - Mundarro) bikoari. Beste partida ez zen jokatu, eta Elola-Irazustabarrena (Tolosa-Intxurre) bikoak aurrera egin du. Beraz, finalerdietako partidetako bat Azketa-Matxinandiarena eta Elola-Irazustabarrena artekoa izango da.

Gaur jokatuko da final-laurdenetako bigarren jardunaldia, 18:30ean hasita. Lehen partidan Murua-Uriondo (Soraluze-Lea Ibarra) eta Fernandez-Aizpuru (San Cosme-Tolosa) lehiatuko dira. Bigarrengoan, Astiz-Apezetxea (Larraun-Umore Ona) eta Arteaga II-Loza (Behar Zana-Barberito).

EMAKUMEZKOETAN HIRU BIKOTE

Emakumezkoen Eskuz Binakako Santio Txapelketa ere jokoan sartuko da datorren astean, Behar Zanak antolatuta. Uztailaren 19an jokatuko dira hiru bikote parte hartzaileen arteko partidak eta lehenengo biak finalerako sailkatuko dira. Jaialdia 18:30ean hasiko da eta Villabonako udal pilotalekuan jokatuko dute. Larrarte bidaniarrak (Behar Zana) eta Gamindek (Lea-Ibarra) osatutako dute bikoteetako bat, Garaik (Zaramaga) eta Erasun zizurkildarrak (Behar Zana) bigarrena, eta Arrillagak (Behar Zana) eta Bergarak (Bergara) hirugarrena. Finala uztailaren 30ean izango da, pilotaleku berean, 16:30ean, eta sarrera doan izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!