ERREPORTAJEA

Erroetara begira jarri da Oinkari

Imanol Garcia Landa 2023ko uzt. 17a, 07:59

'Errotan' ikuskizunaren entsegua, taldeko argazkia. I.G.L.

Villabonako dantza taldeak Errotan ikuskizuna uztailaren 22an estreinatuko du herrian. Aurretik, igandean, aurrestreinaldia egingo du Lizartzan. 50 dantzarik eta zazpi musikarik parte hartuko dute.

Villabonako Oinkari dantza taldea Errotan emanaldi berriaren prestaketaren azken ukituak ematen ari da. «Guretzat ikuskizun berezia da, azken urte hauetan euskal dantza eta dantza garaikidea txertatzen ari garelako, horien adibide dira Hika Teatrorekin egindako Sagartu edo Itsasoaren emazteak ikuskizunak, edo orain egiten ari garen Gazte emanaldia», azaldu du Oinkari dantza taldeko Eneko Arteaga zuzendariak. «Bagenuen halako gogoa atzera begiratua egiteko, gure erroetara begiratzeko, eta hortik dator izena, eta erabaki genuen bazela garaia dantza ikuskizun tradizional hutsa egiteko».



Emanaldi berriaren berezitasun nagusiena, beraz, horixe izango da: dantza tradizionalez egindako ikuskizuna izango da. Ez du koreografiarik, ezta antzezpen edo interpretaziorik izango. Dantzen aukeraketa egiteko taldearen historiari begiratu diote. «Oinkarik 48 urte ditu dagoeneko, eta urte horietan egin diren dantzak hartu ditugu oinarri. Historikoki gure irakasleek eta Oinkari sortu zutenek lantzen zituzten dantzetan oinarritutakoa», esan du Arteagak. «Gaur egungo dantzariek ziur aski garai hartan zutena baino prestaketa handiagoa dute, beste diziplina batzuk lantzen dituztelako, adibidez garaikidea, eta lan egiteko modu ezberdina delako. Beraz, erakutsi nahi genuen garai batean dantzatzen zituzten dantza horiek gaur egungo dantzariek nola islatzen dituzten. Hori izango da testuingurua». Ikuskizuna ikustera joango denak, besteak beste, Gipuzkoako Brokel dantza saileko dantza atal batzuk, Kaixarranka dantza, Axuri Beltza edo Lantzeko inauteriak bezalako dantza tradizionalak aurkituko ditu. Amaiera Amaia ezpata dantzak emango dio.



Juan Kruz Igerabide idazle adunarrak parte hartu du ikuskizunaren prestaketan. 2011n plazaratutako Ari du ikuskizunean ere parte hartu zuen, baita zuzeneko emanaldietan ere. «Kasu honetan ez da horrela izango, baina bai berarengana joan garela espresuki, emanaldi honetarako sorkuntza lan bat egin zezan», azaldu du Arteagak. «Emanaldi honetarako poema batzuk sortu ditu, eta ikuskizunean zehar musikariek errezitatuko dituzte, bost tartetan». Igerabiderekin lan egitea berezia izaten dela gaineratu du Arteagak: «Pertsona bezala gozatua da, eta berarekin lan egitea oso ederra izaten da. Askotan saiatzen gara berarengana jotzen, eta ikuskizun honetarako egindako testuetan oso gauza eleganteak sartu ditu. Oso kontentu gaude berak egin duenarekin».

Emanaldia hamasei dantzez osatuko da. Bata bestearen jarraian joango dira, eta bost trantsizio aldi izango dira, poesia errezitatzen den bitartean. «Horrez gain ez da bestelako haririk izango. Garai bateko formatura itzuli gara, non musikak garrantzi handia duen», azaldu du taldeko zuzendariak. «Zazpi musikari ariko dira zuzenean, eta zuzeneko musikak garrantzi handia izango du». Lehenengo lana taldea osatzea izan da. «Garbi genuen betidanik gure ondoan izan diren musikariak parte izatea nahi genuela. Badira urte batzuk musika eskolako ikasle haiek gurekin hasi zirela jotzen, eta gaur egun, Oinkariko parte dira», esan du Arteagak. «Lau animatu zaizkigu, eta beste hiru musikari profesional gehitu dira». Iñaki Dieguez musika zuzendariak abestiak aurkeztu zizkien, eta horiek landu dituzte, eta aste honetan bi entsegu izan dituzte musikariekin.

Lehen taldeko dantzari guztiak

Oinkariko 50 dantzari ariko dira parte hartzen. Azkenaldian egin dituzten ikuskizunak mugatuagoak izan dira kopuru aldetik. «Pandemia sartu zenean, ikuskizunen aldetik dantzari kopuruak asko jaitsi ziren. Lehen Korrontzirekin talde osoa joaten ginen, baina gaur egun zortzi edo bederatzi dantzari joaten dira», azaldu du Arteagak. «Bagenuen gogoa agertokira azaltzeko dantzari guztiekin. Azkenean, Oinkari dantza talde herrikoia da. Dantzari onek eta oso onek dute lekua; alegia, denak onartzen ditugu eta denek egiten dute lan talde honetan. Lehen taldean 50 dantzari daudenez, denok goaz parte hartzera». 16 urtetik hasi eta 40 urte bitarteko dantzariak ariko dira. «Eskarmentu handiko dantzariak dira», zehaztu du zuzendariak. Beste dantza taldeetan gertatzen den moduan, emakumezko dantzari gehiago daude. «Proportzioa, beste taldeetan bezala, desorekatuta dago. Gu saiatzen gara 5 eta 1eko proportzioa mantentzen, baina egia esan, zortez, burutu behar ditugun dantzetarako mutil formazioak izateko arazorik ez dugu. Eta esan dezakegu egoera onean aurkitzen garela, nahiz eta berdintasun proportziorik ez den betetzen».

Emanaldien osaketa hiru edo lau pertsonen artean eramaten dute taldean. «Dantzariek hasiera batean sorpresaz hartu zuten ikuskizun berri honen proposamena. Baina beraiei esplikatuz zein den zergatia eta zenbat denbora daramagun dantza horiek egin gabe, beste modu batera ikusi dute», zehaztu du Arteagak. «Dantza ezagunak dira, baina dantzari batzuk hemen hamabost urte daramatzate Brokel dantzako arku dantza bat egin gabe. Hori erakutsi egin behar dugu, eta horrek ere badu bere balioa. Ea agertokian lortzen dugun garai bateko dantza tradizional horiek modu txukunean aurkeztea».

Errotan emanaldia iazko irailetik ari dira jorratzen, baina entseguak inauteri aurretik hasi zituzten, urtarrila aldera. Astean bitan aritu dira ikuskizuna lantzen, ostiraletan eta larunbat goizetan. «Ekaina nahiko zaila izan da, beste emanaldi batzuk ere egiten ditugulako. Ekaina, uztaila eta abuztuaren artean 42 emanaldi ditugu, erabateko eromena. Beraz, honen guztiaren artean horrelako ikuskizun bat, eta horrelako dantzari kopuru handiarekin atera ahal izatea nahiko zaila izaten ari da», zehaztu du Arteagak. «Horri gehitu behar ditugu dantzariek dituzten oporrak. Beraz, entseguak egitea nahiko zaila izaten ari da, baina batzuetan batzuk, besteetan besteak, eta bagoaz pixkana». Emanaldi honetarako hiru data dituzte eta horien ondoren atsedena hartuko dute. Ondoren urrian berriro bueltan izango dira ikuskizunarekin.



Lizartzan egingo dute aurrestreinaldia uztailaren 16an, igande honetan. Oinkarik Lizartzako dantza eskola bultzatzen du, eta bertako dantzariek adin jakin bat dutenean Oinkarira joaten dira. «Herri txikietan emanaldiak egiten saiatzen gara», esan du Arteagak. «Horrelako ikuskizun bat egiteko aurrekontua nahiko altua izaten denez, aurrestreinaldiak egiten saiatzen gara horrelako herrietan». Plazan egingo dute emanaldi hori. «Lehen hiru saioetan garrantzitsua zen hiru formatu ezberdinetan ematea. Lizartzan arratsaldez izango da, Villabonan, gauean, 22:30ean izango da, eta aire librean, eta argiztapen azpiegiturarekin. Ondoren, Oiartzunen kiroldegiaren barruan egingo dugu. Hiro formatu ezberdinetan egingo ditugu, gero etorkizunean horiek landuko ditugulako», esan du Arteagak. Villabonan izango da estreinaldia uztailaren 22an, eta Oiartzunen abuztuaren 4an izango da emanaldia.

Urritik aurrera jarraitu nahi dute, irailean prestakuntza lanekin jarraitu ondoren. «Ikuskizun honek zerbait ona baldin badu antzoki batean zein edozein kiroldegitan edo frontoitan egin daitekeela da. Alde horretatik erraztasuna izango dugunez, ea lortzen dugun udalekin harremanak lotzea, eta hilabetean emanaldi bat lortuz gero, kontentu egongo ginateke». Partaide guztien agendek bat egitea izango da erronka. «Kontuan izan behar da dantzarien erdiak Villabonakoak direla, baina beste erdia Euskal Herri osokoak dira: bizkaitarrak, Oiartzunetik dator bat, beste bat Lezotik, hemen inguruko hainbat herritakoak...», zehaztu du zuzendariak. «Zorte onekoak gara, eta gero hori dena ondo uztartu behar da. Beste zazpi ikuskizun ditugu martxan, eta hori dena uztartzea ez da erraza izaten».



Emanaldiak egitea, beharrezkoa

Arteagaren ustez, dantzariak taldean mantentzearen gakoa «norberak garbi edukitzea zeinen bila doan» izaten da. «Lehen taldean sartzen direnean, helburu ezberdinak dituzten dantzariekin aurkituko gara. Batzuek beraien dantza ibilbidean aurrera egin nahi dute, eta beste batzuek argi dute dantzatik bizi nahi dutela, eta hori horrela, dantza ikasketak egiten hasten dira. Beste dantzari batzuen helburua lagunartean ondo pasatzea da. Bi bide horiek uztartuta lortzen dugu taldea mantentzea». Horrez gain, giroaren garrantzia nabarmendu du Arteagak: «Oinkarin taldekideen arteko giroa ezin hobea da, eta hori lortzen dugun bitartean dantza taldeak aurrera jarraituko du».

 

Eneko Arteaga: «Taldekideen arteko giroa ezin hobea da eta hori lortzen dugun bitartean dantza taldeak aurrera jarraituko du»



Taldea bizirik mantentzeko emanaldiak izatea ezinbestekoa dela gaineratu du Arteagak. «Urte batzuk daramatzagu ere beste bide batetik, hau da, inguruko herrietan dantza eskolak sortzen. Klaseak 12-13 urte bitarte arte ematen ditugu, eta behin 13 urtetik aurrera gure baldintza izaten da dantzari horiek Villabonara etortzea. Horrek taldea sendotzen laguntzen digu». Asteasun, Lizartzan eta Areson dantza eskolak ditu Oinkarik.

Euskal dantzen osasuna gaur egun «oso ondo» ikusten du Arteagak. «Badira hainbat dantza talde oso indartsu daudenak. Egia da ez ditugula plazan ikusten; zaila dago plazak lortzea», zehaztu du. «Momentu honetan erakundeen laguntza beharko genuke, eta erakundeak diotenean ez naiz ari udalez, horiek ematen diguten laguntza oso handia delako, baizik aldundiaz edo Eusko Jaurlaritzaz. Momentu honetan leihoak oso itxita dituzte, denak puntu berdinera begira daude, eta beste dantza talde batzuk ere badira».



Oinkariko dantzari eta musikariak Errotan emanaldi berriari azken ukituak ematen ari dira taldearen lokalean. Arteaga inoiz baino urduriago dago ikuskizunarekin: «Orokorrean Oinkari dantza taldeko arlo tradizionala nik jorratzen dut, eta nik ematen ditut klaseak. Horregatik emanaldi honek oso gertutik ukitzen nau». Bestalde, dantzari ohiekin hiru-lau solasaldi izan ditu emanaldi berriaren inguruan. «Esan didate joango direla emanaldira, ea dantza hau eta bestea nola egiten ditugun ikustera. Beraz, errespetu handia ematen du horrek; garai batean egiten ziren dantza horiek plazaratu nahi ditugu guri transmititu zizkiguten bezala. Bide batez, ilusio handiz gaude emanaldiarekin».

 

ERROTAN 

Dantzariak. Oinkari dantza taldeko 50 dantzari.

Musikariak. 7 musikari zuzenean.

Dantza zuzendaria. Eneko Arteaga.

Musika zuzendaria. Iñaki Dieguez.

Poesia. Juan Kruz Igerabide.

Soinu teknikaria. Iker Ugalde.

Argien diseinua eta teknikari lanak. Carlos Solano.

EMANALDIAK


Lizartza. Uztailak 16, igandea, 19:00, Askatasunaren plaza.

Villabona. Uztailak 22, larunbata, 22:30, Errebote plaza.

Oiartzun. Abuztuak 4, larunbata, 22:00, kiroldegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!