Gehigarria: Ongizatea

Pertsonen ongizatea eta oreka berreskuratzeko aukera Sukhan

Ataria 2023ko uzt. 26a, 16:00

Urteek emandako esperientziarekin, pertsonaren osasuna eta ongizatea ardatz hartuta egiten du lan Villabonako Sukha zentroan Eneko Otegik. Terapia egiteko aukera edota pilates eta yogako saioak jasotzekoa eskaintzen du, izan taldean, talde murriztuan edota bakarka, betiere pertsonaren beharrak gertutik zainduz eta horretara egokituz. 

Hainbat diziplina biltzen ditu Sukha zentroak eta pertsonen ongizatea zein oreka berreskuratzeko jarduerak egiten dira bertan. Eneko Otegi da zentroko arduraduna eta terapiak edota aktibitate fisikoa eta mugimendua lantzen ditu, hala nola, yoga eta pilates eginez. Zentroa irekitzean bertako jarduerak laburbilduko zituen izena jarri nahi zion eta Sukha aukeratu zuen, hain zuzen, sanskritotik datorren hitza da Sukha eta ongizatea esan nahi du. 

Duela hamabi urte ekin zion abentura profesionalari. Hamasei urtez enpresa batean lanean aritu ondoren, bizitzan erabateko aldaketa behar zuela sentitu zuen. Ordurako, arratsaldeetan pilateseko eskolak ematen zituen 2006az geroztik, Donostia eta inguruko herrietan. Hori ardatz hartuta, egin nahi zituen aldaketak ildo horretatik joan behar zutela argi zuen, pertsonaren osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia izan behar zutela, alegia.

Hiru urtez eskola ezberdinetan formatzen aritu ondoren —masajea, kinesologia, entrenatzaile pertsonala—, lehenengo urteetan Donostiako entrenamendu zentro batean aritu zen masajista, entrenatzaile eta pilateseko irakasle bezala. 
Esperientzia aberasgarri hark, egoera eta behar oso ezberdinetako pertsonak ezagutu eta tratatzea ahalbidetu zion. Aldi berean, gogobetegarria izan zela dio, ikasitako guztia praktikan jarri eta pertsonen egoera eta osasuna nola hobetzen zen ikusteko aukera ematen baitzion. «Beti uste izan dut gorputz fisiko bat baino zerbait gehiago garela, eta askotan, gure emozio, sinesmen, pentsamendu eta energiak ere eragin handia dutela ongizate eta osasunean, eta behar-beharrezkoa dela eremu guzti horiek jorratzea, gure gorputzak berezko duen oreka natural hori mantentzeko». 

Hori horrela, eta zerbitzu zabalagoak eskaintzearren, etxeko gela bat atondu eta han hasi zen bere kontura lanean, orain bost urte inguru, Asteasun. Hasieran, familiartekoak, ondoren lagunak eta ezagunak, gero herritarrak... eta apurka-apurka kanpotik ere jendea joaten hasi zitzaiola kontatu du. Etxeko gela hura baino leku aproposago bat bilatu nahian sortu zen Sukha zentroa, Villabonan, orain ia urtebete. 
Sukha zentroak terapia gela bat eta jarduera fisiko eta entrenamendurako beste bat ditu, biak guztiz ekipatuak eta egokituak. Bide horretan, azpimarra berezia jartzen du aurre zaintzan. «Geroz eta luzaroago bizi gara, eta garrantzitsua da gaztetatik hasita gorputza zaintzea, zahartzaroan bizi kalitate on bat izateko». 

Azken urte hauetan, leku batean eta bestean jasotako esperientzia eta ezagutza guztia jendearekin elkarbanatzea da bere helburua, eta modu batera edo bestera beharrean dauden guztiei laguntza eskaintzea.

Alde batetik, terapien arloa lantzen du. Gorputzari bere alderdi fisikoa errekuperatzen laguntzeko masajeak, oin erreflexologia, terapia sakro-kraniala edota liberazio miofasziala erabiltzen ditu. Eta momenturen batean sakonago jorratzeko beharra badago, alderdi emozionala eta energetikoa ere lantzen ditu: kinesologia, bach loreak, reiki, LNT eta bestelako teknikak.

Beste aldetik, aktibitate fisiko edo mugimenduaren arloa ere lantzen du. Momentuz, yoga eta pilates saioak eskaintzen ditu, baina aurrerantzean, diziplina ezberdinak gehitzen joateko asmoa dauka: meditazioa, mindfulness edota ongizatean baliagarri izan daitekeen beste edozein diziplina. Ikasturte berriari begira, gauza berriak txertatu eta lanean jarraitzeko asmoarekin eta ilusioarekin dago Eneko Otegi. Izan ere, urtebete da zentroa zabaldu zuenetik, eta izan duen harrera ona eskertzeko modukoa dela nabarmendu du. 
Yogari dagokionez, Vinyasa metodoa erakusten du. Oinarrizko jarrerak arnasketarekin eta mugimenduekin koordinatzen dira, trantsizio dinamikoak eta sekuentzia jariakorrak lortuz. 

Klaseak osatzeko Hatha Yoga ere erabiliko da, jarreren eta arnasketaren bidez energia aktibatzeko. Eta Yin yoga, gorputzaren eta buruaren lasaitasuna lortzeko, erlaxazio egoera batera eramanez.

Hiru metodo
Pilateseko arloan, hiru metodo ezberdin erakusten ditu: lurrean egiten dena —mat—, reformerra eta airea.

  • Pilates mat: Lurrean koltxoneta baten gainean egiteko progresiboki diseinatutako ariketak. Norberaren gorputzaren pisua erabiltzen da orokorrean, eta tarteka, osagarriak gehitu dakizkioke, hala nola, banda elastikoak, uztaiak, barrak, baloi medizinalak, fitballa...
  • Pilates reformer: Ohe baten antzeko plataforma batekin egiten da, eta soka eta malguki batzuk gehitzen zaizkio batzuetan erresistentzia handituz, gorputza eta giharrak indartzeko, eta besteetan, berriz, lurrean lortu ezin diren mugimenduen lagungarri gisa, malgutasuna eta mugikortasuna lantzeko.
  • Pilates airean: Gorputz osoa edo zatiren bat zintzilik edo airean dagoela egiten den entrenamendua, zabu baten laguntzarekin. Lurrean euskarririk ez duenez, ez dago gorputzaren jarrera baldintzatzen duen ezer, eta horrela jarrera naturalagoa hartzen du, mugimendu libreagoak eta zabalagoak egiteko aukerarekin.

Bakarka edo taldean
Pilates praktikatzeko garaian, gainera, plan ezberdinak eskaintzen ditu, pertsonaren beharrak ikusita:

  • Taldekako plana. Gehienez bost pertsonez osatuta. Malgutasuna, indarra eta tonifikazioa landu, tentsioak kendu eta gorputzaren oreka lortzeko diseinatutako eskolak dira.
  • Plan erdi-pribatua. Bi pertsonez osatutako taldean egiten dira saioak. Giro intimoagoa, arreta pertsonalagoa eta taldearen beharren araberako entrenamendu zehatzagoa eskaintzen da.
  • Banakako plana edo plan pertsonala. Pertsonaren beharretara egokitutako entrenamendua, emaitza onenak, azkar eta eraginkortasunez lortzeko balio duen saioa. Terapien gelan eskaintzen diren zerbitzuekin osatu daiteke, mugimendu edo aktibitate fisikoaz gain, masaje edo bestelako diziplinaren bat behar izanez gero.

Sukha Zentroa

  •  Helbidea. Larrea auzoa, 8B behea (Amasa-Villabona). 
  • Telefono zenbakia. 650 012 674  
  • Emaila. info@sukha.eus
  • Facebook. Sukha zentroa
  • Instagram. Sukha_zentroa
  • Zerbitzuak.
    • Terapiak: masajeak, oin erreflexologia, terapia sakro-kraniala eta liberazio miofasziala.
    • Pilates eta yoga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!