Udalbatzak agintaldi berrirako erabakiak hartu ditu

Ataria 2023ko uzt. 7a, 16:46

Alkatea eta alkateordea jardun osoz liberatuko dira udal lanerako eta EAJko zinegotzia, berriz, jardun erdiz arituko da.

Amasa-Villabonako Udalak agintaldiko lehen osoko bilkuran 2023-2027 agintaldian eragina izango duten zenbait erabaki hartu ditu. Besteak beste, alkateak Xabat Laborde eta Irune Alfonso izendatu ditu lehen eta bigarren alkateorde, hurrenez hurren. Horrekin batera Tokiko Gobernu Batzarra osatuko duten kideak ere izendatu dira: EH Bilduko Beatriz Unzue, Xabat Laborde eta Ander Goikoetxea, EAJko Eneko Urdangarin eta PSE-EEko Eduardo Gonzalez.

EH Bilduren udal taldeak proposatuta eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin, Tokiko Gobernu Batzarretan parte hartzeagatik zinegotziek jasotzen zituzten ordainsariak ezabatu egin da dira. "Batzar hauek udalbatzaren osoko bilkurak amaitu eta jarraian egiten dira eta normalean iraupen motza izaten dute", argudiatu dute udal gobernutik. Dena den, liberatuta ez dauden zinegotziek ordainsari bat jasoko dute udalaren organo ofizialetan parte hartzeagatik: informazio batzordeetara joateagatik 36 euro, eta osoko bilkuretan parte hartzeagatik 90 euro. Bide batez, Villabonako Udalean ordezkaritza duen alderdi bakoitzak hilean 226 euro jasoko ditu eta alderdi politiko bakoitzean beste 71 euro jasoko ditu hilean, udalbatzan duen zinegotzi bakoitzeko.

Agintaldiko lehen osoko bilkuran erabakitakoaren arabera alkatea eta lehen alkateordea jardun osoan lan egiteko liberatuta egongo dira. Beatriz Unzuek 41.023 euro jasoko ditu urtean, 14 pagatan; eta Xabat Labordek 34.540 euro, 14 pagatan. Legebiltzarrean onartutako Udal Legeak 5.000 biztanletik gorako udalerrietan oposizioko alderdi nagusiko ordezkari bat partzialki liberatzeko aukera eskaintzen duenez, aukera hori baliatuko du Eneko Urdangarin jeltzaleak. Jardun erdiz ariko da udalean eta 15.543 euro jasoko ditu ordainetan, 14 pagatan banatuta.

Informazio Batzordeak eratuta

Udaleko Informazio Batzordeak, udal gobernuak arloz arlo daraman jardunari buruz oposizioko alderdietako ordezkariei azalpenak emateko organoak dira. Batzorde hauetan, ondoren udalbatzara eramango diren akordio proposamenak aurkezten ditu udal gobernu taldeak eta gaiak eztabaidatu eta adosteko guneak izaten dira. Batzorde hauek ez dute erabakitze ahalmenik. Guztira bost ohiko Batzorde Informatzaile eratu dira agintaldi berrirako:

  • Hirigintza, zerbitzuak eta Ingurumena
  • Gizarte Zerbitzuak, Aniztasuna, Adineko pertsonak eta Politika Feminista
  • Pertsonala eta barne araubidea
  • Euskara, Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirola
  • Ogasuna, Garapen ekonomikoa, Enplegua eta Merkataritza

Bestalde, beste bi batzorde berezi ere eratu dira. Batzorde hauek ez-ohiko izaera dute eta ez daukate zehaztutako maiztasunik. Honakoak dira: Herritarren Parte Hartze Batzorde Berezia; eta Memoria eta Elkarbizitza Batzorde Berezia.

Batzorde hauetan EH Bilduko hiru ordezkarik (lehendakaria barne), EAJko batek, eta PSE-EEko beste batek hartuko dute parte. Horrela, aurreko legealdiko (2019-2023) eraketa berbera mantenduko da datozen lau urteetan ere.

"Aurreko legealditik Informazio Batzorde hauek izaera irekia dute eta interesa izan dezakeen edonork parte hartu eta hitza hartzeko aukera due, aurretik eskaera bat eginez", gogoratu dute udal gobernutik. Informazio Batzordeen egituratze hau EH Bilduren aldeko botoekin, EAJen aurkakoekin eta PSE-EE alderdiaren abstentzioarekin onartu da.

Udal Kontratazio mahaiaren osaketa

Kontratazio-mahaiari dagokionean ere, aurreko legealdiko berbera izango da, ez baita inolako aldaketarik proposatu. Mahai honetan Beatriz Unzue alkateak, udal idazkariak, kontu-hartzaileak, lege teknikariak eta idazkaritzako administrariak parte hartuko dute. Kasu bakoitzean, eta gaiaren arabera, beharrezkoak diren udal langileei edo aholkulariei deituko zaie. Kontratazio mahaiko deialdiak oposizioko alderdi politikoetako kideei ere bidaliko zaizkie eta parte hartzeko aukera izango dute. Puntu hau EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EE alderdien abstentzioarekin onartu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!