Elkarrizketa

«Herrietan badago masa, baina existitzeko aukera eman behar zaio»

Irati Saizar Artola 2023ko uzt. 7a, 11:58

Azken asteotan LGTBI kolektiboari bizi baldintza duinak bermatzeko plan bat egiten aritu dira Eihera kooperatibako kideak Amasa-Villabonan. Kooperatibako kidea da Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995).

LGTBI komunitateaz nolako lanketa egin duzue Amasa-Villabonan?

Bi zati eduki ditu. Landa lana egin dugu, batetik, ikusteko zeintzuk ziren LGTBI+ komunitateak edo norbanakoek zituzten beharrak, kezkak, desirak, espektatibak eta errealitateak. Norbanako horiek elkarrizketatu ditugu, eta mugimendu feministarekin ere bildu gara, LGTBI+ komunitateari dagozkion hobekuntzak mugimendu feministaren kontsentsuarekin ulertzen ditugulako. Eragile batzuekin ere elkartu gara; eskolarekin, esaterako. Bestetik, udaleko teknikari, zinegotzi eta politikariekin ere aritu gara, arlo teknikoagoa lantzeko. Helburua zen beharrak jaso eta errealitatearen analisi bat egitea, baina beste zati bat ere bazeukan horrek: kualitatiboa. Diagnosi batekin, neurri zehatzak eskaini nahi genizkion udalari, eurek euren neurriak martxan jartzeko.

43 neurri zehaztu dituzue. Zer-nolakoak dira?

Eskolarekin hezkidetza plan integral bat sortzea izan daiteke neurririk garrantzitsuenetako bat, ikasleak, irakasleak eta hezkuntza komunitatea inplikatzeko, eskolari pedagogia feministetatik modu integralagoan eutsi ahal izateko. Aisialdiarekin eta plazerarekin lotutakoak dira beste neurri garrantzitsu batzuk. Askotan, gure iruditegian daukagu LGTBI+ kolektiboarentzat erasoak eta beldurrak kudeatzea dela garrantzitsuena; hori presente dago, baina Villabonan komunitaterik eta aisialdirik ez izatea da arazo nagusia, eta, ondorioz, herritik joan behar izatea.

Horren aurrean, neurri bat izan daiteke kultur programazioetan LGTBI eskaintza bat egitea; edo, kirolari dagokionez, gorputz disidenteentzako kiroldegiaren inguruko hausnarketa bat abiatzea, aldagela eta espazioen bizigarritasunari begira. Bestalde, maila teknikoagoan, instituzioaren barruan, bestelako aukera batzuk eskain daitezke izen-emate orrietan edo erregistroan. Gaztelekuaren bidez, LGTBI kolektiboko nerabe eta familientzako aholkularitza zerbitzu bat ere eskain daiteke.

Zer errealitaterekin topo egin duzue Amasa-Villabonan?

Horrelako prozesuak herri txikietan egitean, hiriaren eta herriaren arteko ezberdintasunak egiteko joera izaten da, normalean. Pentsatzen dugu hirian dena dela posible, eta, kontrara, herrian ez dagoela inor, itxia dela dena. Baina herrietan, jendeari erdigunean edo espazio publikoan jartzeko edo hitza emateko aukera ematean, badago horri eutsiko dion martxa bat. Villabonan ere horrekin egin dugu topo. Aurkitu ditugu informazioa emateko eta bizipenak kontatzeko prest zeuden gazte zein helduak; sare eta komunitate bat sortzearen behar hori adierazi dute. Herrietan badago masa, badago jendea, baina existitzeko eta egoteko aukera eskaini behar zaio.

Beste ondoriorik atera duzue?

Gizartean badago LGTBI+ komunitatearekiko bestelako babes bat. Aurreko urteekin alderatuta, aurrera egin dugu, herriak badu predisposizio bat gai honekiko. Ikusgaitasuna oso ona da, eta ezinbestekoa da indarkeriarik gabe bizitzeko, baina ezinbestekoa da sare eta familia eredu tradizional batzuei aurre egitea ere, jendeak zaintza sare kolektiboagoak edukitzeko.

Garrantzitsua al da udalek horrelako plan bat egiteko konpromisoa hartzea?

Baliabide ekonomikoak behar dira, eta erabaki politiko bat da hori: borondate politikoa behar da. LGTBI politikekin lotuta, oraindik ez dago legez zehaztuta plan bat behar denik edo dirua bideratu behar denik.

Gipuzkoako Hitzan argitaratutako elkarrizketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!