LGTBI+ kolektiboaren plana aurkeztu dute Amasa-Villabonan

Ataria 2023ko eka. 27a, 07:59

LGTBI+ kolektiboaren beharrei erantzun eta bizi baldintzak hobetzeko 43 neurri aurkeztu ditu Eihera Kooperatibak Amasa-Villabonako Udalarekin elkarlanean.

Hainbat hilabeteko lanaren ostean, Eihera Kooperatibako kideek LGTBI+ kolektiboari bizi baldintza duinak bermatzeko plana aurkeztu zuten ostegunean Aljibean. Proiektua Amasa-Villabonako LGTBI+ komunitateko kideei egindako elkarrizketekin gauzatu zen, Amasa-Villabonako Udalarekin elkarlanean eta Akain eta Lurgatz talde feministekin lankidetzan.

«Gure udal gobernuan oso argi dugu historikoki bazterkeria, jazarpena eta mota ezberdinetako indarkeria pairatu duten eta pairatzen jarraitzen duten LGTBI+ kolektiboko herritar guztien eskubide berdintasuna erabateko onarpen soziala askatasuna eta errespetua bermatzeko neurri eta politika aktiboak martxan jartzea ezinbestekoa dela, benetan herri inklusibo eta herri parekidea izan nahi badugu», esan du Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak.

Orientazio asexuala edo genero identitatea edozein delarik ere, euren bokazioa pertsona guztiak aske bizitzeko diren eta aske maitatutako duten herria eraikitzea dela esan du Unzuek, «eta badakigu helburu hori lortzeko Udalaren eta herri mugimendu antolatuaren arteko elkarlan sendoa artikulatzea dela bidea. Konbentzituta gaude gaur aurkezten ditugun neurriak martxan jartzeak norabide horretan aurrera egiteko balioko digutela, eta gaurtik aurrera bideari ekiteko moduan gaudela».

Halaber, alkateak hitz eman du, «azken hilabeteetan egin den prozesu honen emaitza ez dela udaletxeko kaxoi batean hautsa hartzen geratuko eta datozen hilabete eta urteetan neurri hauek eta agian beste batzuk ere martxan jarriko ditugula».

43 neurri

Amasa-Villabonako kolektiboko pertsonekin eta mugimendu feministak bezalako funtsezko gizarte-eragileekin egindako elkarrizketei esker, herrian dauden beharrak identifikatzea eta aztertzea lortu da. Herritar hauen beharrei modu eraginkorrean helduko dieten 43 neurri aurkeztu dira denera.

Neurri hauek Amasa-Villabonako udaletxean gordeta izango den txosten batean zehazturik geratuko dira,  eta etorkizunean Udalaren lana izango da horiek aztertu eta ezartzea.

Beharrei dagokionez, hainbat multzotan sailkatu dituzte kooperatibako kideek: Informazioa, ezagutza eta baliabideak; ikusgarritasuna, erreferentzialtasuna eta memoria; indarkeriarik gabeko bizitzak; espazio publikoa, aisialdia eta plazera; sarea, zaintza eta komunitatea; konpromiso politikoa eta kolektiboaren eta instituzionalaren arteko interlokuzioa; eta erakundeen barruko eraldaketa. Horiek guztiak bermatzeko lanean jarraituko du udalak eta Eihera kooperatibak ateak zabalik utzi dizkio elkarlanarekin jarraitzeko.

Laura Muelas eta Iñigo Etxezarreta Eihera Kooperatibako kideak izan ziren aurkezpenean, eta haiek adierazi bezala, «Amasa-Villabona herri eroso eta atsegin bat izan da lan hau burutu ahal izateko. Alde batetik, gazteen artean aktibazioa dagoela ikusi dugu eta hori eskertzekoa izan da, izan ere, Amasa-Villabonan oinarri bat dagoela ikusi da. Pauso kualitatibo bat ematea zen beste helburuetako bat eta borondate politiko hori ere aurkitu dugu».

Aurkezpenaren ostean, Zigor DZ eta Oier Labordek ikuskizuna eskaini zuten eta bertso poteoa ere egin zuten herrian zehar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!