Olaederra kiroldegiko hesia berriro margotuko du Lurgatz Talde Feministak

Ataria 2023ko ekainaren 27a

LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko egunari begira, bihar Villabonako Olaederra Kiroldegia inguratzen duen hesia margotuko du Lurgatz Talde Feministak.

Aurreko urteetan hainbat hesi margotuak izan ziren baina denborarekin okerrera jo dute koloreek. Horregatik, hauek zaindu eta mantentzera joko dute, «harrotasun osoz». Aurten txertatu nahi izan duten ezaugarria fruituekin lotua dago eta hauek zaintzearen beharra azpimarratu dute: «LGTBIQ+ fobiaren aurka oraindik egiteko asko dagoen arren, lorpenak egon direla esan beharra dago eta hauek mantendu nahi baditugu, mantenua ezinbestekoa da».

Orain arte margotu gabe zegoena margotzen aritu dira, «eta hortxe ikusarazi dugu aniztasun bat dugula kaleetan. Kaleetan egotearekin batera, beste hainbat tokitan ere lanketa hori egina da eta urteak aurrera joan ahala, LGTBIQ+ kolektiboetatik abiatuz eginiko lanak bere fruituak ematen aritu da».

Ondorengoei aniztasunaren berri ematea ezinbestekoa dela ere adierazi dute, eta horretarako, umeentzat ipuin kontaketa antolatu dute.

Era berean, parte hartzea beharrezkoa dela esan dute, «hesia margotzen ez bada ere, ezin diogu utzi LGTBIQ+ fobiari kaleak hartzen eta batzuek gustuko izan ez arren, kaleak harrotasunez koloreztatu behar ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!