Iturrigoxo jatetxea irekitzeko sinadurak biltzen ari dira Amasan

Ataria 2023ko eka. 20a, 18:00

Amasako plazan egingo dute sinadura bilketa gaur eta ostiralean, 17:00etatik 20:00etara. Atzo, lehen egunean, 150 sinadura inguru bildu zituzten.

Amasako Martina kultur elkarteak sinadura bilketa jarri du martxan, Amasako kultur etxeak betetzen dituen funtzio kultural, sozial eta ekonomikoak kontuan hartuta, Amasa-Villabonako Udalari bi gauza eskatzeko: beharrezko izapideak burutu ditzala, kultur etxean kokatutako Iturrigoxo taberna ireki dadin eta dagozkion zerbitzuak eskaini ditzan; eta bigarrenik, Amasako ume eta gaztetxoentzat gela bat egokitu dezan kultur etxean, 2023-2024 ikasturtetik aurrera jolastoki, aterpe edo liburutegi moduan erabiltzeko. Hiru egunetan, Amasako plazan bilduko dituzte sinadurak. Astelehenean, lehen egunean, 150 sinadura jaso zituzten, eta gaur eta ostiralean, 17:00etatik 20:00etara egongo dira bertan sinadura gehiago biltzeko.

Joan den urteko irailetik dago itxita Iturrigoxo taberna. Martina kultur elkarteko kideek diote, tabernak elkargune sozial ere badirela, "are gehiago, Amasa bezalako herrietan, bertako herritarrak elkartzeko beste toki publikorik ez baitago". Gehitu dutenez, Iturrigoxok  funtzio turistiko eta ekonomikoa ere betetzen du: "Villabonatik eta inguruko herrietatik Amasa inguruak ezagutzera jende asko etortzen baita, batez ere, eguraldi ona denetan, eta tabernako geldialdia ia segurua izaten da. Honek berekin dakar Amasako ekonomiaren eta enpleguaren sustapena". Taberna Amasa-Villabonako Udalaren jabetzako lokala da eta bere esleipena lehiaketara ateratzen du.

Amasako elkargune soziokultural izateko helburuarekin, 2004an eraiki zuten Amasako kultur etxea eta eraikin horretan bertan kokatuta dago Iturrigoxo taberna. Martina kultur elkartekoek diotenez Amasako biztanleen egunerokoan sortzen diren beharrak asetzeko "ezinbesteko" eraikina da kultur etxea. Gaur egun, zenbait ikastaro eskaintzen dituzte eraikineko zenbait geletan, baina Martina kultur elkartekoek eskatzen dute gela horietako bat egokitzea ume eta gaztetxoentzat. 2023-2024 ikasturtetik aurrera, jolastoki, aterpe edo liburutegi moduan erabiltzeko eskaera egiten dute sinadura bilketarekin.

Kultur taldean biltzen diren amasarrek ikusi ahal izan dute, taberna irekita egon denetan, kultur etxearen funtzionamendua bermatuta egon dela. Alderantziz, itxita egon denetan, "zailtasunak" izan direla adierazi dute: "Eraikinaren mantenua distantziatik kudeatzeak bere zailtasunak ditu, eta honenbestez, bertako instalakuntzak zein jarduerak gainbegiratuko dituen erreferentziazko pertsona bat kultur etxean bertan egoteak berebiziko garrantzia du". Sinadura bilketaren bultzatzaileek diote, zabalik egon denetan tabernaren kudeatzaileak bete izan duela kultur etxearen erreferentziazko pertsonaren papera. "Ez da ekitaldiak antolatzeaz edo kudeatzeaz arduratzen, baina udalaren eta herritarren arteko kontaktu zuzena izan ohi da".

Horregatik eskatzen diote udalari, lehenbailehen presta ditzala Iturrigoxo tabernaren kudeaketa esleitzeko lehiaketaren baldintza pleguak. Iaz, azaroko lehenengo hamabostaldian taberna irekitzeko baimena eskatu zion Martina kultur elkarteak Amasa-Villabonako Udalari, ikusita, ez zuela astirik ematen lehiaketa publikoa abiarazi eta ebazpena emateko. Kultur elkartean biltzen diren herritarrek hartu zuten zerbitzua bere gain, urriaren 31tik azaroaren 13ra bitarteko epean.

Martina kultur elkartea 2012an sortu zen herri giroa eta parte hartzea sustatzeko helburuarekin eta ordutik lanean jardun du Amasan antolatu izan diren kirol eta kultur ekitaldiak antolatuz. Oraingo honetan, funtzio hori bete ahal izateko, Iturrigoxo taberna zabalik egotea "ezinbestekoa" dela iritzita, sinadura bilketa abiatu dute. Ekainaren 20an eta 23an, 17:00etatik 20:00etara ariko dira sinadurak biltzen Amasako plazan eta bertara gerturatzeko deia luzatu diete herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!