36 elkartek osatzen dute Bizipoza, eta horietako 16 gaur Amasa-Villabonako Errebote plazan elkartu dira Bizipoza Jaia ospatzeko. Hala ere, jaialdian falta ziren beste 20 elkarteak ere gogoan izan dituzte eguerdian eskaini dieten eskertza eta aitortza ekimenean. Joseba Labaka bizipoza elkarteko lehendakariak esan bezala, "gaur Errebote plazara begiratu besterik ez dago Bizipoza zer den jakiteko. Bizipoza hitza eskertzeko eta esateko modu hoberik ez dago".
Jai hau antolatzeko ezinbestekoa izan da Anoeta, Irura, Alkiza, Larrual, Asteasu, Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabonako Udalen babesa eta laguntza, eta Amasa-Villabonako herriaren izenean Beatriz Unzue alkateak hartu du hitza: "Amasa-Villabonako alkate gisa eta hemen gauden alkateen izenean guretzat ohore handia da gaixotasunak pairatzen ari diren pertsonen eta beren familien ongizatearen alde, aniztasunaren alde edota euskararen alde horrenbeste lan egiten duten elkarte eta osatzen duten Bizipoza elkarteak gure herria Aiztondo bailara, Irura eta Anoeta aukeratu izana aurtengo jaia antolatzeko".
Era berean, gizartegintzan auzolana eta pertsona boluntarioen ekarpena oinarri hartuta, elkarte guzti horiek eta Bizipozak egiten duten lana mirestekoa eta eskertzekoa dela adierazi du Unzuek: "Egiten duzuena eredugarria da eta ezinbesteko ekarpena egiten dio gure gizarteari. Ekarpen ederra, gainera. Badirudi egungo mundu gero eta indibidualistago honetan, elkartasunak eta maitasunak, gehien behar dutenei laguntzeak edo auzolanak ez dutela lekurik".
Hori dela eta, alkateak nabarmendu du, Bizipoza osatzen duten elkarteek eta "pertsonen ongizatearen eskubideen alde egiten duten guztiek" bertan lekua izango dutela beti. "Guretzat hoberenak zarete eta maite zaituztegu".
Arratsaldeko ekintzak
Oraindik festara batu ez diren herritarrek horretarako aukera izango dute arratsaldean ere: 17:30etan Ndank Ndank elkartearen musika emanaldia izango da; 17:50etan txokolate edatea, Berdura plazan; 18:00etan Xabi Solano eta Zigor DZ saioa; eta 19:00etan aurtengo jaiaren itxiera izango da.
Eguraldia dela eta, errebote plazan antolatuta zeuden ekintzak Behar Zanako pilotalekuan egingo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.