Villabonako burdinazko zubia berritzeko tren zerbitzua etengo dute

Ataria 2023ko eka. 16a, 15:48

Igandean, aldiriko trenaren erabiltzaileek autobusez egin beharko dute Andoain eta Tolosa arteko bidaia.

Madril-Hendaia ohiko trenbidean, Villabonan parean, Oria ibaiaren gaineko burdinazko zubia hobetzen ari da Adif, euskarriak indartuta. Lanek egitura indartuko dute eta Adifeko iturriek aipatu dutenez, mantentze lanei "fidagarritasuna" eta trenbide zerbitzuari "erregulartasun" handiagoa emango diote. Milioi eta erdiko inbertsioa egin dute lan hauetarako, eta hobekuntzak egingo dituzte zubiaren egitura metalikoan eta trenbideko materialetan. Zirkulazioa etengo dela aprobetxatuz, Adifek kanpaina geo-tekniko bat egingo du Anoetako geltokian nasen arteko pasabidea kentzeko proiekturako.
 
Lan hauengatik larunbateko 00:00etatik asteleheneko 05:00etara trenbide zerbitzua eten egingo da. Bidaiarien mugikortasuna bermatzeko, Renfek errepideko garraio plan bat jarriko du martxan tren guztientzat, honako ibilbide eta egun hauetan:
  • Aldiriko trenak
    • Igandean, Andoain eta Tolosa arteko bidaia autobusez egingo da, bi noranzkoetan. Irun-Andoain eta Tolosa-Brinkola arteko ibilbidea normaltasunez egingo da, trenbidez.
    • Tolosa Erdiko geralekua itxita egongo da egun osoan, bidaiariek Tolosako geltokira joan behar dute bidaia hasteko.
  • Distantzia ertaineko trenak:
    • Autobus-aldaketa ekainaren 18an egingo da Irun eta Tolosako geltokien artean, bi noranzkoetan, ibilbideko gainerako geltokietan loturak eta geralekuak jarrita, Hernani erdialdean izan ezik.
  • Distantzia luzeko trenak:
    • Irunen eta Donostian irteera eta helmuga duten distantzia luzeko trenetako bidaiariek ere autobusez egingo dute bidaiaren zati bat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!