Goi mailako pilotari ugari ari dira lehian Villabonan

Ataria 2023ko eka. 14a, 11:58

Behar Zana elkarteko pilotariek Gipuzkoako Txapelketako finalak jokatuko dituzte.

Behar Zana elkarteak Santio Txapelketa eta XI. Antton Pebet Oroimenezkoa bateratu ditu, eta dagoeneko martxan jarri da.

Behar Zana pilota elkartea buru belarri ari da egitasmoak antolatzen. Horietako bat Antton Pebet Oroimenezkoa da, gizonezkoen nagusi mailako binakako txapelketa, eskuz jokatzen dena. Abenduan jokatzen zen txapelketa hori, baina aurtengoan udarara lekualdatu dute, eta bat egin Santio Txapelketarekin. Hori horrela, Santio Txapelketa/XI. Antton Pebet Oroimenezkoa izenarekin antolatutako txapelketa abian da dagoeneko. Iñaki Lizaso Behar Zana pilota elkarteko arduradunak azaldu duenez, Antton Pebet Oroimenezkoa Eguberrietatik ateratzeko arrazoia «txapelketa ofizial eta txapelketa pribatu asko pilatzen zirelako izan da».

Gutxienez 40 urte badira Santio Txapelketa antolatzen hasi zirela, eta azken urteetan 24 bikotek parte hartzen zuten. «Pebeten zortzik parte hartzen zuten, eta aurtengo txapelketa bateratuan 40 bikotetik gora ariko dira», esan du Lizasok. «Izugarria da. Kopuru hori parte hartu nahi zuten pilotariengatik izan da. Badaude pilotari batzuk maila apalagoa dutenak, baina orokorrean txapelketa entzutetsuetan parte hartzen dutenak dira». Behar Zanaren txapelketan ez dago adin mugarik, eta horrek ere interesa pizten du, Lizasok argitu duenez: «Adin muga duten txapelketetan parte hartzen duten pilotari gazteek erakutsi beharko dute zahar onenei irabazten dietela, edota alderantziz».

Kanporaketa moduan jokatzen ari da txapelketa, eta aurreko astean final 64.eneko partidak jokatu ziren. Iazko Antton Pebet Oroimenezkoan finalerdietara iritsi zirenak final-zortzirenetan sartuko dira txapelketan. Bitartean, aurreko asteko irabazleak aste honetan jokatzen ari diren final 32.eko partidetan lehiatuko dira. Neurketak asteartetik ostiralera egunero jokatuko dira, aste honetan zein hurrengoan, Villabonako Udal Pilotalekuan, 18:30ean hasita. Bi partida jokatuko dituzte egun bakoitzean.

Final-zortzirenak iristerakoan, astearte eta ostegunetan izango dira partidak. Finala uztailaren 30ean izango da, herriko Santio jaien barruan.

Beste hainbat pilota txapelketa ere antolatu ditu Behar Zana elkarteak: frontenis txapelketa, eskuz txapelketa herrikoia, paleta txapelketa, emakumezkoen eskuzko txapelketa eta Olaederra pilotalekuan jokatuko den federatutako nagusien mailako txapelketa azkarra. Txapelketa guztiak kontuan hartuta, uztailaren 30era bitarte ia 150 pilota partida jokatuko dira.

GIPUZKOAKO FINALAK

Larunbatean, bestalde, Gipuzkoako Txapelketako finalak izango dira jokoan Villabonako Udal Pilotalekuan, 16:00etan hasiko den jaialdian. Batetik, errendimendu mailako alebin eta infantil kategoriako finalak izango dira. Alebinen mailan, Behar Zana elkarteko Beñat Izagirre eta Aiert Iraola elkarren aurka ariko dira. Infantiletan, Azkoitiko Etxaniz eta Hernaniko Osesek jokatuko dute elkarren aurka.

Jaialdiaren hirugarren partidan, berriz, emakumezkoen eskuz banakako lau eta erdiko finala jokatuko da, eta bertan Behar Zana elkarteko bi pilotari ariko dira txapelaren lehian: Miren Larrarte bidaniarra eta Miriam Arrillaga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!