Eneko Maiz eta Luis Sanchez bikoak irabazi du Masters Dax txapelketa

Ataria 2023ko eka. 7a, 10:59

Behar Zana Pilota Elkarteko Eneko Maiz billabonatarrak eta Luis Sanchez nafarrak trinketeko Master Dax txapelketa irabazi berri dute. Bestetik, Amasa-Villabonako Pilota Elkarteak martxan jarri du XI. Antton Pebeten Oroimenezkoa Txapelketa.

Hegoaldeko bikoteak finalean Peio Larralde eta Peio Guichandut bikoari 40-36 irabazi zion. Partida oso borrokatua izan zen, Maiz eta Sanchezen aurkariak estu jarraitu baitzieten neurketa osoan zehar. Luis Sanchez izendatu zuten txapelketako jokalari onena.

XI. Antton Pebeten Oroimenezkoa, martxan

Pasa den abenduan X. edizioa ospatu eta gero, Antton Pebeten Oroimenezkoa Txapelketa dataz aldatuko zuela iragarri zuen Behar Zana Pilota Elkarteak. «Txapelketa ofizialen egutegi luzaketa eta txapelketa pribatuen saturazioak erabaki hori hartzera behartu gintuen. Orain, txapelketa erakargarriago batekin gaudelakoan gaude», azaldu dute. 40 bikotek baino gehiagok parte hartuko dute txapelketaren edizio berrian. Atzo hasi zen eta uztailaren 30era bitarte luzatuko da.

Lehen kanporaketaren barruan, bi partida jokatu ziren atzo. Batetik, Altunak eta Gabirondok 22-13 irabazi zieten Eskuderori eta Aranbururi. Berez, bihar zegoen iragarrita partida hau, baina atzo jokatu zuten. Irabazleek, Elizalde-Gurrea bikotearen aurka jokatuko dute hurrengo kanporaketan. Bestetik, Orbegozo-Aranburu bikoteak aise hartu zuen mendean Iraola-Olaiz bikotea: 22-6. Hurrengo kanporaketan, Irribarria-A. Garmendia bikotearen aurka jokatuko du.

Txapelketa honekin batera, beste 4 antolatzen ari dira herrian, tartean, emakumezkoen eskuzko txapelketa. Aurrerago emango dute informazio osagarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!